Uribetxeberria presoa «hiltzera» zigortu dutela salatu du Etxerat-ek

2005ean minbizia atzeman zioten arren, preso mantendu dute eta gaixotasuna okertu zaio: bi nodulu berri eta metastasia dituAlderdi politikoekin eta arartekoekin bilduko da Etxerat, irtenbide baten bila

Etxerat-eko bozeramaile Mattin Troitiño Uribetxeberriaren senide eta lagunekin, Arrasaten, atzo. RAUL BOGAJO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Euskal presoen senideen elkartea erabat larrituta eta haserre dago Josu Uribetxeberria Arrasateko presoak azken urteotan izan duen ibilbidea ikusirik. Minbizia du Uribetxeberriak aspalditik, eta espetxe politikaren gogortasunak zein beharrezko osasun zaintza ez jasotzeak muturreko egoerara eraman du: metastasia du. Ondorio garbia atera du Etxerat-ek: «Josu heriotza zigorrera zigortu dute». Izan ere, gaixotasun larri eta sendaezina zuela eta neurririk hartu ezean haren egoerak okerrera egingo zuela jakinik ukatu diote legez dagokion askatasuna. Egoeraren berri izanik mantentzen dute preso egun.

Leongo ospitalean dute arrasatearra azken hamar egunetan. Presoaren anaia Jabierrek kontatu duenez, buruko min handiekin ibili zen Uribetxeberria ospitalera eraman aurreko egunetan. Minaren minez, presondegitik ospitalera eraman zuten azkenean; zenbait proba egin, eta metastasia duela ondorioztatu dute. Duela zazpi urte giltzurrunean aurkitutako minbiziaz gain, beste bi nodulu atzeman dizkiote: buruan bat, eta biriketan bestea.

Etxerat-ek ohartarazi du gaixotasuna 2005eko apirilean diagnostikatu ziotela. Eritasun larri eta sendaezina izanik, legez onartua dagoen baldintzapeko askatasuna eskatu zuen. 2007ko uztailean, ukatu egin zioten askatasun eskaera. «Espetxe politikaren makinaria martxan zegoen», salatu du Etxerat-eko Mattin Troitiñok.

Sendatzea edo gaixotasuna zaindu eta kontrolpean izatea ahalbidetuko liokeen askatasuna ukatuta presoari «heriotza zigorra» ezarri ziotela salatu du Troitiñok. Espetxean mantentzeko erabakia «helburu horrekin» hartu zutela, legeak baztertu eta eskubideak urratuta, eta egoeraz «oso jakitun izanik».

Horiek horrela, Etxerat-ek adierazi du ez duela «inor» bere arduretatik «salbuetsiko»: «Ez espetxe politika hau diseinatu zutenak, ez betearazten dutenak, ez horretan laguntzen dutenak».

Egoera irauli nahian, jakinarazi du alderdi politikoengana eta EAEko zein Nafarroako arartekoengana joko duela datozen egunetan. Erantzun bateratuak eta irtenbideak bilatuko ditu bilera horietan: Uribetxeberria eta gaixotasun larriak jota dauden beste 13 presoak kaleratzea. Euskal gizarteari «arduraz eta determinazioz erantzuteko» eskatu dio. Espainiako Estatuari, berriz, galdera hau egin dio: «Josurekin egindakoa beste guztiekin egin nahi al du? Zein helbururekin?».

Herrira mugimenduak, berriz, Uribetxeberriaren egoeraz ohartarazteko agerraldia egingo du gaur, eta datorren astean Arrasaten egingo duen «mobilizazio handiaren» berri emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.