Urkijoren hamabi helegite atzera bota ditu epaileak

Udalbiltzari dirua emateagatik, udalak auzitara eraman zituen Urkijok.Udalbiltza Partzuergoa legezkoa dela dio EAEko Auzitegi Nagusiak

Udalbiltzaren 15.urtemuga ospatzeko batzarra, 2014an. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Erredakzioa
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Udalbiltzari diru laguntzak emateagatik Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak hamabi udalen aurka jarritako helegiteak atzera bota ditu EAEko Auzitegi Nagusiak. Euren aurrekontuetan Udalbiltza Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrerako diru sailak jasotzen zituztelako hamabi udalerri auzitara eraman zituen Urkijok: Larrabetzu, Pasaia, Zestoa, Ezkio-Itsaso, Zarautz, Meñaka, Astigarraga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Mañaria, Ajangiz eta Lezoko udalen aurka egin zuen. Epaileak, ordea, errefusatu egin ditu Urkijoren argudioak, eta ebatzi du legezkoak direla partzuergoko kide direnen udal kuotak eta Udalbiltzarekin hitzarmenen bidez kolaboratzen duten udalen diru ekarpenak.

Auzitegiko epaileek ebatzi dute Udalbiltza Partzuergoa erakunde publikoa dela, eta «zuzen eratuta» dagoela, toki araubidearen oinarriak arautzen duen legeak bere 87. artikuluan jasotzen duenari jarraiki. Halaber, nabarmendu dute Udalbiltza Partzuergoaren helburuen «legezkotasuna erabatekoa» dela, eta udalek Udalbiltzako kide egiteko edota berarekin elkarlanean aritzeko eskumena dutela.

Urkijok hiru motatako administrazio jarduerak auzitan jarri zituen errekurtsoetan: partzuergoko kideen kuotaren ordainketa, partzuergoa eta hainbat udalen arteko lankidetza, eta udal aurrekontua berari buruzkoak, horrek partzuergoarentzako diru sailik jasotzen badu. Gobernu ordezkariak helegiteetan zioen Udalbiltza Partzuergoa ez zela erakunde publiko bat, haren eraketa eta haren helburuak ez dutela bat egiten Tokiko Erakundeen legediarekin, eta udalek ez zutela eskumenik Udalbiltzarekin elkarlanean jarduteko.

Udalbiltzak ohar batean adierazi du auzitegiaren ebazpenak «hankaz gora» jartzen duela Urkijok orain arte defenditu duen tesi guztia. Salatu duenez, Urkijoren asmo bakarra da Euskal Herriak nazio gisa aurrera egin dezan eragoztea, eta, horretarako, Udalbiltzarekin elkarlanean jarduten duten udal guztiak auzibidean «modu sistematikoan» jarri dituela, berriki Gasteizko Udalari «mehatxu» egin dion moduan.

Euskal Herriko 38 udalek osatzen dute Udalbiltza Partzuergoa, eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa du lanabes nagusi. Udalen kuotak eta udal batzuekin sinatutako lankidetza hitzarmenak dira haren diru iturri bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.