Urkullu eta alderdiak maiatzaren 14an bilduko dira berriro hauteskundeez hitz egiteko

Gaur bildu egin dira. Jaurlaritzako lehendakariak uztailean egin nahi ditu bozak, baina oposizioak uste du ez dela hauteskundeez hitz egiteko garaia.

Carlos Iturgaitz (PP+C's), lehendakaritzako atarian. RAUL BOGAJO / FOKU
jon olano
2020ko apirilaren 30a
12:46
Entzun

Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisi betean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eztabaida iturri bilakatu dira alderdi politikoen artean. Apirilaren 5ean egitekoak ziren Eusko Legebiltzarrerako bozak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Urkulluk, alderdi politikoekin bilera egin ostean, deialdia bertan behera uztea erabaki zuen martxoan; Espainiako Gobernuak alarma egoera eman ostean.

Harrezkero, bozak noiz egin izan da zalantza. Joan den ostiralean, Urkulluk azaldu zuen uztailean egin nahi dituela hauteskundeak; egungo egoera baretuta eta udazkenean koronabirusaren izurriak bigarren hazkunde bat izateko aukerarekin kezkatuta. Urkulluk gaineratu zuen larrialdiaren tamainak eskatzen duela legebiltzarra osatuta eta gobernua ahalmen guztiekin eratuta edukitzea ahal bezain pronto.

Hala ere, Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illak ostiralean bertan ohartarazi zuen hauteskundeak egiteko data pandemiaren bilakaerak zehaztuko duela.

Gaiaz hitz egiteko, Urkulluk bilera batera deitu ditu alderdiak gaurko. 11:00etan hasi da, eta bertan elkartu dira Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea (EAJ), Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi eta Isabel Salud (Elkarrekin Podemos), Idoia Mendia eta Miguel Angel Morales (PSE-EE), Amaia Fernandez eta Carlos Iturgaiz (PP+C's) eta Jose Ramon Becerra (Equo-Berdeak). Maiatzaren 14an berriro elkartuko dira berriro egoera aztertzeko eta hauteskundeez mintzatzeko.

Urkulluk bi aukera jarri ditu mahai gainean: bozak uztailean egitea, edo irailean edo urrian. Lehen aukerari dagokionez, adierazi du osasunaren ikuspegitik egindako aurreikuspenak adierazten duela  «kutsatze arriskua egonkortzeko eta murrizteko fasea» dela oraingoa, eta udako hilabeteak, ekainaren 21etik irailaren 21era bitartekoak, kutsatze maila txikienekoak izan daitezkeela. Bigarren aukeraz, Urkulluk esan du osasun arloko talde adituen arabera arriskua dagoela udazkena iristen denetik aurrera, irailaren 21etik aurrera, «gaixotasuna berriz sortzeko»: «Gainera, urtaroko gripearekin konplika liteke, eta ziurra da udazkenean ez dugula txertorik jarriko».

Bi txosten mahai gainean

Atzo, Erkorekak esan zuen Urkulluk bi txosten eramango zituela gaurko bilerara, «erabakirik egokiena hartzeko gogoetan» lagungarri suertatuko zirelakoan. Bat da izurriak datozen asteetan izan dezakeen bilakaerari buruzkoa, eta bestea, txosten juridikoa. Hauteskunde deialdia bertan behera utzi zuten arren, legealdia berez ez dago amaituta, irailaren 25ean bukatuko baita. Txostenean agertzen da zeintzuk izango liratekeen ondorio juridikoak epe hori gaindituko balitz bozak egin gabe.

Bileraren ondoren, alderdiek euren balorazioaren berri eman dute. EAJk nabarmendu du botoa ematea herritarren «funtsezko eskubideetako bat» dela, eta, beraz, botoa eman ahal izatea bermatu beharra dagoela: «Ezin da eskubide hori eperik gabe, sine die, bertan behera utzi edo bahitu. Eta eskubide horren epemuga urrian amaituko da. Gustuko izan zein ez, hauteskundeez hitz egin beharra dago». Jeltzaleek uste dute uztaila dela horretarako une egokia, «osasun arloko adituek egin dituzten aurreikuspenak aintzat hartuta». Era berean, uste du hauteskunde kanpainak eta alderdi politikoen jarduerak «gaur egungo osasun errealitatera moldatu beharra» izango dutela, denboretan eta formetan.

EH Bilduk, ordea, ez du «beharrik» ikusten une honetan bozak egiteko: «Etorriko dira, eta etortzen direnean lehiatuko gara, baina ez dugu uste lehiarako momentua denik: herri honi irtenbideak emateko unea da». Otegik azaldu du konfinamendua «zuhurtzia handiz» leundu beharra dagoela, pandemiaren bilakaerari erreparatuta.

Elkarrekin Podemosen iritziz, berriz, «ezin da krisia kudeatu eta, aldi berean, kanpaina egin». Gorrotxategik Urkullu egin du «ziurgabetasun politikoaren» erantzule, «hauteskundeak aurreratu zituelako beharrik ez zegoenean», eta gaineratu du bileran inork, «ezta Urkulluk ere», ezin izan duela ziurtatu hauteskundeak lehendakariak nahi duen hilabetean egin ahal izango direnik.

PSE-EEren arabera, ordea, lehendakariarena da hauteskundeetara deitzeko eskumena, baina «osasun eta parte hartze politikorako berme guztiak» eduki behar dira erabaki horren atzean, Mendiaren arabera: «Ezinbestekoa da Jaurlaritzaren jardun instituzionala zuzendu duen leialtasunari eustea garai delikatu hauetan».

PP+C's koalizioarentzat, Urkullu «tematuta» dago hauteskundeekin, baina, Iturgaizek esan duenez, «EAJren premiak ez dira herritarrenak». Iturgaizek esan du bileratik «sartu bezala irten» dela, «Urkulluk eta EAJk hauteskundeetara uztailerako deitzeko asmoa duten ziurtasunarekin, oraindik esan ez duten arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.