legebiltzarrerako bozak

Urkullu: «Kolpe handia hartu dugu, baina zutik jarriko gara berriro»

Kanpainaren atarian, hauteskunde egitaraua aurkeztu du EAJk, Euskalduna jauregian egindako ekitaldian. «Pertsonak, oparotasuna, planeta eta nortasuna» ardatz ditu 420 orrialdeko egitarauak

Urkullu, gaurko agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE
joxerra senar
2020ko ekainaren 24a
20:26
Entzun

Bihar ekingo dio hauteskunde kanpainak, eta ezinbestean Covid-19a alderdien agenda politikoaren erdigunean kokatu da. Kanpainaren atarian, gaur arratsaldean, Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztu du 420 orrialdeko egitaraua EAJk. Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak  nabarmendu du iraganeko krisialdietan egin bezala, «Euskadi berriro altxatu» egingo dela oraingo honetan, eta jarraian jeltzaleen konfantzaren zigiluari egin dio erreferentzia, bi aldiz. «EAJren hitza da». Konpromiso horren gain, Iñigo Urkulluk lehendakarigaiak azaldu du, «inor atzean utzi gabe», berreraikuntza izango duela lehentasuna: «Kolpe handia hartu dugu, zauriak eta ulberdurak ditugu. Jarri gara aurrera begira, martxan gaude eta zutik jarriko gara berriro. Hori da gure uste sendoa eta itxaropena».

Egitaraua aurkezteko Bilboko Euskalduna jauregia hautatu du EAJk, duela 40 urteko ontziolen krisialdia gogoan, «euskal herritarrek etengabe hobetzeko gaitasuna sinbolizatzen.duelako», Ortuzarren hitzetan. Bertan bildutakoek elkarrengandik distantzia gordez eta euretako batzuk maskara soinean, Covid-19aren eragina nabaria izan da. Minutu bateko isilunea gorde dute eritasunak eragindako hildakoen omenez. Urkulluk hitza hartu aurretik, Ortuzarrek aipatu du agiriak 30 helburu jasotzen dituela eta proposamen ugari dituela. Bere hitzetan, herritarrek alderdi guztien egitarauak irakurri eta elkar alderatuko balituzte, «diferentzia handiarekin» irabaziko luke EAJk.

Urkulluk, bere hitzaldian, nabarmendu du EAJk «konfiantza eta sinesgarritasuna» eskaintzen dizkiola euskal gizarteari berme gisa. Besteak beste, gogorarazi du «zorra murriztuz eta kaudimena irabaziz» kontu publikoak onbideratu dituela Jaurlaritzak amaitu berri den legealdian eta, ondorioz, «etxeko lanak eginda» harrapatu dituela COVID-19ak. Halaber, EAJk «auzolanaren eredua» duela aipatu du.

Egitarauari dagokionez, lau ardatz ditu, Urkulluren hitzetan: pertsonak, oparotasuna, planeta eta nortasuna. Lehenik, Urkulluk defenditu du gizarte kohesioa dutela lehentasun: «Gure apustua pertsona guztien alde egitea da, inor bazterrean utzi gabe». Bigarrenik, haren ustez, «lanik eta ekonomiarik gabe ez dago oparotasunik», eta enplegu arloko akordio bat proposatu du. Hirugarrenik iraunkortasuna jarri du xede gisa: 2005eko gas emisioekin alderatuta, %30 murriztea eta energia berriztagarriak kontsumoaren %25 izatea. Azkenik, nortasunari eusteko, autogobernuan sakontzeko beharra azaldu du Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.