Eusko Jaurlaritza berria

Urkulluk badu Jaurlaritza

Eusko Legebiltzarrak EAJ eta PSEren babesarekin aukeratu du Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Sailburu berriak aurrekoekin uztartuko ditu

Urkullu, aukeratua izan berri, legebiltzarrean bildutakoak agurtzen. J. R. GOMEZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari izango da, bigarren aldiz jarraian, Eusko Legebiltzarrak hala erabakita. Aldeko 37 botorekin hautatu dute; EAJren 28 eta PSE-EEren 9 legebiltzarkiderenak. Asteazkeneko bozketan babes bera jaso zuen arren, gehiengo osorik gabe, bigarren bozketari itxaron behar izan dio,atzoko osoko bilkurari, gehiengo soilez hautatua izateko. Inbestidura saioan izan duen lehiakide bakarrak, EH Bilduko Maddalen Iriartek, bere koalizioko ordezkarien 18 aldeko boto jaso ditu. Elkarrekin Podemos eta PP abstenitu egin dira. Urkullu lehendakari izendatua izan eta ordu gutxira, EAEko gobernuaren osaera zein izango den iragarri du lehendakaritzak. Urkulluk bihar hartuko du lehendakari kargua, Gernikan. Sailburuek hurrengo astelehenean hartuko dituzte ardurak.

EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioaren ondorioz, alderdi sozialistako hiru kide izango dira gobernuan: Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Sailaren ardura Iñaki Arriolak hartuko du; Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Jose Alfredo Retortillo izendatuko dute, eta Lan eta Justizia sailburu, berriz, Maria Jesus Carmen San Jose izango da.

Sailburu berriak gehituko dira zerrendara jeltzaleen aldetik ere. Beatriz Artolazabalek kudeatuko du Enplegu eta Gizarte Politika Saila, Pedro Maria Azpiazuk Ogasun eta Ekonomia Saila, eta Bingen Zupiriak Kultura eta Hizkuntza Politikakoa.

Era berean, aurreko gobernuarekiko jarraitutasuna bermatuko dute karguan segituko duten hainbat sailburuk. Horien artean, Josu Erkoreka gobernuko bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu izango dena —aurreko gobernuan, Herri Administrazio eta Justizia sailburu—, Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburua —aurreko gobernuan, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburu—, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Jon Darpon Osasun sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua.

«Elkarrizketa eta akordioa ezinbestekoak izango dira legealdi honetan. Nire eskua luzatuta dago». Lehendakariak adostasunak lortzeko deia egin die talde politikoei, kargua hartu ondorengo hitzaldian. «Denon ekarpena behar dugu herri hau aurrera ateratzeko». Izan ere, EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osoa izango legebiltzarrean, eta egoerak beste indarrekin akordioak lortzera behartuko ditu.

Urkulluk «etorkizuneko proiektu partekatu» baten aldeko konpromisoa azaldu du, eta gobernu akordioak gizartearen beharrei erantzuteko balioko duela ziurtatu. «Programa oso eta zehatza aurkeztu dugu, gizartearen zerbitzura. Hura betetzera konprometitzen naiz».

Berretsi duenez, lau ardatzetan oinarrituko da gobernuaren jarduna: «[ekonomia] hazkundea, enplegu gehiago eta hobea sortzea, gizarte politikak eta oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea, indarkeriaren osteko elkarbizitza politiko eta soziala sendotzea, eta Euskadirentzako estatutu itun berri bat adostea».

Hurrengo lau urteak «funtsezkoak» izango dira euskal politikarentzat, Urkulluren esanetan, eta «Euskadiren zerbitzura indarrak batzeko eskua luzatua» duela adierazi die alderdiei.

Talde guztiek zoriondu dute Urkullu, txaloekin, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak lehendakari izendatu duenean. Urkulluk Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia agurtu du lehenik, eta gainontzeko taldeetako bozeramaileengana hurbildu da segidan. Jaurlaritzako lehendakari izatea «ohore gorena» dela ziurtatu du. Berarengan jarritako «konfiantza» eskertu dio EAJri; PSE-EEri, «programa eta gobernua partekatzea erabaki» izana, eta aurreko gobernuko sailburuei eta familiari ere esker onez mintzatu zaie.

EH Bilduk salatu duenez, EAJk eta PSE-EEk osatuko duten gobernua ez da gai izango etorkizuneko erronkei erantzuteko. Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, «betikoek betikoekin betikoa egitea» da bi alderdien arteko akordioak proposatzen duena. «Horrek atzeraka jarraitzera baino ez gaitu eramango».

EH Bilduk ere esan du prest dagoela akordioak egiteko. Koalizioak proposatzen dituen neurriak «arrazoizkoak» izateaz gain, «beste herrialde batzuetan bideragarriak direla frogatu» dela ere azpimarratu du Larrionek.

Elkarrekin Podemos ere kritiko agertu da jeltzaleen eta sozialisten arteko itunarekin. Lander Martinez legebiltzar taldeko bozeramailearen arabera, akordioa «hitz eta asmo ederrez josia dago, baina ez die zehaztasunik eta erantzunik ematen» gizartean gehien kaltetutako sektoreen beharrei.

Akordioa eta elkarlana ezinbestekoak izango direla uste du Martinezek, eta horretarako aukerak izango dira, haren iritziz, elkarbizitzaren eta bakegintzaren arloan. Elkarrekin Podemosen proposamenak gobernu koalizioak aurkeztu dituenetatik «nahiko gertu» daudela adierazi du.

Jose Antonio Pastor PSE-EEren legebiltzar taldeko bozeramailearen hitzetan, Urkulluren gobernua «ona» izango da herritarrentzat, EAJ eta alderdi sozialistaren arteko akordioa betetzen baldin bada. «Orain, lanerako garaia da», adierazi du.

Ekintzetarako garaia dela deritzo Borja Senper PPko legebiltzarkideak ere. «Amaitu da itxaronaldia». Haren hitzetan, gobernu berriak frogatu egin beharko ditu «elkarrizketarako eta elkar ulertzeko borondatea, moderazioa eta legezkotasuna errespetatzeko asmoa».

Erabakitzeko eskubidea

Euskal gizarteak erabakitzen duenari bide emateko, «printzipio demokratikoa eta legezkotasuna» uztartzearen alde agertu da Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea.

Azpimarratu du Eusko Legebiltzarrean 75 ordezkaritatik 57 direla erabakitzeko eskubidearen aldekoak. «Ganberaren %57 da hori. Beraz, betebehar demokratikoa ondorioztatzen da».

Printzipio demokratikoa aldarrikatzeak «aldebakartasuna saihestera eta aldebikotasunera behartzen du», Egibarren ustez.

EH Bilduko legebiltzarkide Miren Larrionek ohartarazi du estatus politikoaren esparruan ezin dela «geldialdirik» onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.