Urkulluk eskatu du justizia «estatuaren izaera askotarikora» egokitzeko

EAEko urte judizialaren hasiera ekitaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak

Urkullu, urte judizialaren hasiera ekitaldian. JAVIER ZORRILLA / EFE
gotzon hermosilla
2023ko irailaren 25a
19:30
Entzun

Urte judiziala hasi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horren irekiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk justiziaren deszentralizazioa izan du hizpide. Haren ustez, botere judiziala ere egokitu beharko litzateke «estatuaren izaera askotarikora», eta esan du «harrigarria» begitantzen zaiola horrelako proposamenek polemika piztea.

Urkulluren aburuz, justiziarena berez botere deszentralizatua da, epaile eta magistratu guztiek gorpuzten baitute: «Ez genuke hori ahaztu behar botere judizialaren eta haren zuzendaritzaren egokitze malgua bilatzerakoan».
Berriro ere kezka azaldu du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berriztatzeko ezintasunen inguruan, eta gogorarazi du iaz ere horretan dauden oztopoak gainditzeko deia egin zuela. «Iaztik ona egoera ez da aldatu, egoera berean gaude, eta herritarrak dira kalterik handiena pairatzen dutenak, baita justizia bera eta erakundearen irudi soziala ere».
Eusko Jaurlaritzaren, EAEko Auzitegi Nagusiko gobernu organoen, Fiskaltza Nagusiaren eta Auzitegi Nagusiko Idazkaritzaren arteko lankidetza goretsi du Urkulluk, eta esan du lankidetza horren emaitza dela 2022-2028ko eperako ondutako Justizia Plan Estrategikoa. 2030erako Egoitza Judizial Jasangarrien Plana ere aipagai izan du lehendakariak.

Euskararen erabilpen urria
EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak ere hitza hartu du ekitaldian, eta onartu du justizia administrazioan euskararen erabilpena «urria» dela. Esan duenez, hainbat faktorek dute horretan zerikusia, «eta denak ez dira arlo judizialekoak».
Subijanak iragarri du badutela probako proiektu bat abiarazteko asmoa zenbait esparrutan epaiketa batzuk euskaraz egiteko, eta egitasmo horren «bideragarritasuna» aztertuko dutela.
Beste asmo batzuen berri ere eman du Subijanak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mapa judiziala egin nahi dute, tokian tokiko egoera ezagutu eta organo judizialen funtzionamendua hobetzeko.
Subijanaren ustez, justiziaren egoera oro har «itxaropentsua» da, baina kontu zehatzetara jaitsita eta «gatazken eguneroko kudeaketari» dagokionez, badaude «kezkatzeko arrazoiak»; horietako bat da epaileak gutxi izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.