Urkulluk Sanchezi eskatu dio Atlantikoko makroeskualdea lehenesteko

Sanchezek uztailaren 1ean hartuko du Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza, bozetako kanpainaurrea martxan dela.

Urkullu eta Sanchez, bien arteko bilera batean, 2021ean. BALLESTEROS / EFE
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 13a
11:48
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk beste urrats bat egin du Atlantikoko makroeskualde bat sortzeko presio egiteko asmoz. Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi bidalitako gutun batean, lehendakariak eskatu dio «ahalegin guztiak» egiteko Europar Kontseiluak urtea amaitu aurretik onartu dezan proiektua, eta Europako Batzordeak lanari ekin diezaion. «Lehentasunezkotzat» jotzeko arrazoietako bat da Hego Euskal Herriaren eta Europa iparraldearen arteko trenbide eta energia konexioetan indar egitea, Frantziak euskal Y-aren iparraldeko lotura 2042ra arte atzeratuko duela jakinarazi duen honetan.

Sanchezek uztailaren 1ean hartuko du Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza, sei hilabetez, eta agintaldiko agendan kokatu nahi du makroeskualdea Urkulluk, iritzita proiektua «funtsezkoa» dela «Atlantikoko lurraldeen interesen promoziorako eta horien defentsa hobeago bat egiteko Europako Batasunean». Presio egiteko bazkideak ere topatu ditu. Besteak beste, euroeskualdearen biltzar orokorra baliatu zuten Urkulluk eta Nafarroako eta Akitania Berriko gobernuburuek makroeskualdearen alde egin eta AHTaren Atlantikoko ardatza osatzearen garrantzia nabarmentzeko. Aurrez, antzeko mezua adostu zuten lehendakariak berak eta Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako presidenteek. Haiekin bat egin du Galesko Gobernuak ere, eta denek parte hartu zuten Cardiffen egindako Ardatz Atlantikoko Batzordearen bileran, maiatzaren 23an.

Espainiako gobernuburuak adierazi zuen proiektuarekin bat egiten duela, baina garai korapilatsuan helduko dio Europako Batasuneko Kontseiluko agintaldiari. Jada kanpainaurreari ekin diote alderdiek uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako bozei begira, eta horien ostean ere inbestidura adosteko negoziazioak iritsiko dira. Beraz, ikusteko dago jokaleku horretan zenbateraino egingo duen indar Sanchezek Europari dagozkion egitasmoetan.

Espainiako Gobernuari soilik ez, Urkulluk gutun bera bidali die Portugalek, Irlandak, Frantziak eta Erresuma Batuak Espainian dituzten enbaxadoreei ere. Izatez, aurrez ere bidali zien mezu bera Portugalgo eta Frantziako ordezkariei, apirilean Madrilen egindako bilera banatan. Orduan, Joao Mira-Gomes enbaxadoreak erantzun zion Portugal proiektua babesteko prest legokeela; Jean-Michel Casak, berriz, Parisek ez lukeela arazorik ikusiko gaia agendan txertatuko balitz.

Makroeskualdea eratzearen helburuetako bat da Europako Batasunean presio egiteko talde bilakatzea, batez ere Atlantikoko ardatzeko azpiegituretan eta inbertsioetan indar egiteko. Izan ere, parte hartuko luketen zenbait instituziok «arriskutzat» jo dute, besteak beste, Europako Batasuneko erabakiguneek ekialderantz egin izana eta Frantziak abiadura handiko trenaren hegoaldeko konexioak atzeratzea. Hala, Urkulluk adierazi zuen makroeskualdeak lagunduko lukeela Europako eskualdeen arteko «oreka berrezartzen».

AHTaren konexioa

Datozen urteetan martxan beharko luketen azpiegituretako bat da AHT abiadura handiko trenaren konexioa, baina ez da Eusko Jaurlaritzak nahi bezain azkar ari. Parisek Europako Batasunarekin hartutako konpromisoaren arabera, Bordele eta Akize (Okzitania) batuko dituen trenaren igarobidea 2030erako egin behar zuten. Frantziak, baina, iragarri du 2042ra arte atzeratuko dutela proiektua; eta, ondorioz, baita euskal Y-a Europa iparraldearekin lotzeko aukera ere.

Frantziako Gobernuaren erabakiaren aurka egin du EAJk Europako Parlamentuan. Europako garraio azpiegituren eraikuntzan izan diren atzerapenak aztertzen dituen txosten baten inguruan eztabaidatu zuten atzo, eta gaur egingo dute haren inguruko bozketa. Txostenaren arabera, %40rainoko gainkostuak atzeman dituzte oinarrizko azpiegituretan, eta, batez beste, hamar urteko atzerapenak, besteak beste estatuen arteko mugetako konexioetan. Horretarako arrazoia estatuek Europako Batasunarekin adostutako helburuen eta barrura begirakoen arteko ezberdintasunak direla ere jaso dute.

Izaskun Bilbao jeltzalearen ustez, Frantziak AHTaren hegoaldeko konexioarekin egin duena Europako Parlamentuak «salatutako» egoeraren adibide da, eta beharrezkotzat jo zuen erantzun bat ematea. Hala, Europako tren sarearentzat «lehentasunezkoak ez diren» inbertsioetarako laguntzak kentzearen alde egin zuen, «oinarrizkotzat» jotzen direnen mesedetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.