Urnietak bidea urratuko du: Jaurlaritzaren esku utziko du etxebizitza promozio bateko lurren %5

Lehenengoz aplikatuko dute Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legean jasotako lurzoru erreserbaren neurria. Alokairurako babes ofizialeko 30 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du Lakuak.

Babilonia promozioko etxebizitzak eraikiko dituzten lurzorua, Urnietan. IREKIA
Babilonia promozioko etxebizitzak eraikiko dituzten lurzorua, Urnietan. IREKIA
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 4a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste zenbait neurriren artean, Eusko Jaurlaritzaren lurzoruaren erreserba estrategikoa sortzea du helburu iazko abenduan onartutako Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legeak. Bada, Urnietako (Gipuzkoa) Babilonia etxebizitza promozioan aplikatuko dute aurrenekoz. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak jakinarazi duenez, promozio horretan eraikitzekoak diren lurren %5 —3.483 metro karratu— utziko dituzte Lakuaren esku, alokairurako babes ofizialeko 30 etxebizitza eraikitzeko. 

Legeak zehazten du Eusko Jaurlaritzak sustapen bakoitzeko kargarik gabeko ustiapenen %15 utziko dizkiela etxebizitzak eraikitzen dituzten administrazioei; baita, zenbait baldintza betetzen dituzten promozioetan, lurren %5 Lakuaren esku utzi behar direla ere. Baldintza horiek dira etxebizitzak «bertan bizitzeko» izatea, eraikitzekoak diren lurrek 20.000 metro karratu baino gehiago izatea —Urnietakoak 34.741 ditu— eta etxebizitza batzuk babes ofizialekoak izatea aurreikustea. Halaber, udalek eraikigarritasuna %10era arte handitzeko aukera dute, hirigintza antolamenduko planetan aldaketarik egin behar izan gabe. 

«Babilonia aurreneko kasua izango da, baina baldintzak betetzen dituzten promozio guztiek hasieratik atxiki beharko dute Eusko Jaurlaritzari dagokion zatia», nabarmendu du Itxasok. Eta gogorarazi du neurri multzo berriaren helburua Lakuari «lurzoruaren erreserba sendo eta egonkor bat» osatzen laguntzea dela, ahalbidetzeko datozen hamarkadetan etxebizitza publikoko «promozio gehiago martxan jartzea». 

Beste bi proiektu

Abiatzekoak diren etxebizitza arloko beste bi proiekturen berri ere eman du Itxasok: Gamongoa, Errenterian (Gipuzkoa); eta Vicios, Portugaleten (Bizkaia). Kontatu duenez, Errenteriako proiektu horrek aurreikusten du gehienez ere 755 etxebizitza eraikitzea, zeintzuetatik %75 baino gehiago babes ofizialekoak izango liratekeen; eta Portugaletekoak, berriz, gehienez ere 650 etxebizitza eraikitzea, zeintzuetatik 420 babes ofizialekoak izango liratekeen. 

«Tresna hauek urteetan handituz joan diren bi arazori erantzuten diete: bata, eraikigarriak ziren lursailak blokeatuta egotea; eta, bestea, promozio publikoak eraikitzeko lurzoru erreserbaren falta», gehitu du sailburuak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA