Euskal presoak

Urriaren 24an mobilizatzera deitu du Sarek

Manifestazio bat egingo dute Donostian, eta mosaiko bat osatu nahi dute Kontxako hondartzan, egungo espetxe politika aldatzeko. Datorren larunbaterako, egun osorako egitasmoa antolatua dute bakegileek.

Sarek Donostiako Kontxako hondartzaren parean egin du agerraldia. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2020ko irailaren 14a
13:02
Entzun

Sare plataformak mobilizaziora deitu du urriaren 24rako, egungo espetxe politika alda dezatela eskatzeko. Egun horretan manifestazio bat egingo dute Donostian, eta asmoa da martxa Kontxako hondartzan amaitzea, bertan mosaiko bat egiteko. Mezu bat «mundu osora» zabaldu nahi dute: «Madrilgo eta Parisko gobernuetako jaun-andreak: has zaitezte benetako neurriak hartzen egoera hau atzean uzteko». Sarek berak dei egina du urriaren 3an Euskal Herriko 650 menditara joateko.

Espainiako Gobernuari zuzendu diote mezua: «Erakuts ezazue gobernu aurrerakoia zaretela benetan, eta erabil ezazue gehiengo hori egoera hau aldatzeko. Egiten baduzue, gehiengo sindikalaren eta politikoaren babesaz gainera, euskal gizarte osoarena izango duzue».

Bake eta normalizaziorako bidean izandako mugarriak gogorarazi ditu Sarek, Kontxako hondartzaren aurrean eginiko agerraldi batean: ETAren jardueraren behin betiko amaiera, armagabetzea eta haren desegitea. Beste data bat ere ekarri dute gogora, ordea: 2018ko ekaina. «Lehen aldiz, Espainiako Gobernuko presidenteak konpromisoa hartu zuen, publikoki, espetxe-politika sakon aldatzeko. Terrorismoaren aurkako espetxe-politikaren ordez, euskal presoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika bat ezartzeko konpromisoa».

Inaxio Oiartzabal bozeramaileak azaldu duenez, adierazpen horretan esandakoa betez gero, «bertan behera geratuko litzateke urruntze  politika, aske egongo lirateke gaixotasun larriak dituzten presoak (eta litekeena da Igor Gonzalez bizirik egotea), eta, salbuespen araubidearen ordez, espetxe araubide arrunta aplikatuko litzateke». Haatik, salatu du promesa horiek ez direla gauzatu eta egin diren aldaketak «oso mugatuak» izan direla.

Gobernuak mugiarazteko deitu dute mobilizaziora: «Giza eskubideen alde dauden eta salbuespeneko espetxe politika desagerraraztea eta guk izan duguna baino etorkizun hobea lortu nahi duten guztientzako deialdia da». Izan ere, uste dute egungo egoera ezin dela luzatu: «Igorren [Gonzalez Sola] heriotza azkena izan behar delako eta senideen sufrimendua desagertu egin behar delako. Bakean eta bizikidetzan oinarritutako gizartea behar dugulako».

Larunbatean, bakegileek

Datorren larunbaterako ere antolatuta daude euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak ere. Izan ere, bakegileek prestatu dute egun osorako dinamika bat. Kondena heriotzaraino? 30 urte aski da! lelopean, hiru momentu izango ditu: goizean, elkarretaratzeak egingo dituzte Ipar Euskal Herri osoan, 11:00etatik 13:00etara; ondoren, 12:30etik 14:30era, autokarabanak abiatuko dira Maule, Donibane Garazi eta Hendaiatik (Lapurdi). Horiek guziak Baionako suprefeturaren aitzinean elkartuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.