Urriaren 6an egingo dute Txomin Letamendiren heriotzaren inguruko epaiketa, Donostiako epaitegian. Instrukzio epaileak militante jeltzalearen ustezko torturatzaileak hiltzat jo baditu ere, auziak aurrera egin du borondatezko jurisdikzioan, eta hura baliatu nahi dute, egia sozial eta instituzionalarekin batera, «egitateen ziurtagiri judiziala» ere eskuratzeko. Hain zuzen, GEBehatokiak uste du tresna hori, nahikoa ez den arren, «egokia» izan daitekeela «bunker negazionista horretan» zirrikituak topatu eta aurrerapausoak emateko.
Espainiako Memoria Demokratikorako Legea oinarri hartuta, GEBehatokiak 2024ko abenduan kereila bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Informazio Zerbitzuetako kidearen aurkako krimenak argitzeko helburuz. Kereila tramiterako onartu zuen Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak, eta auzia ikertzeari ekin zion. Hala, prozesuak aurrera egin ahala bi izen jarri ziren mahai gainean: Jose Nogues Recoo Poliziako inspektore nagusia eta Fernando Escudero Arcocha polizia agentea. Erregistroen arabera, haiek parte hartu zuten Letamendi torturatu zuteneko galdeketan.
Epaileak, baina, baieztatu zuen Escudero hila dagoela, eta Nogues ere hiltzat jo zuen, erregistro ofizialik topatu ez badute ere. Hala, ustezko torturatzaileen aurka egiteko modurik gabe, «ardura kriminala azkendu» zuen.
Auzia ez zen hor amaitu, ordea. Espainiako Memoria Demokratikorako legea baliatuta, borondatezko jurisdikziora jo zuen GEBehatokiak, egia judiziala eskuratzeko asmoz. Argudiatu du inork ez duela zalantzan jartzen Letamendi jasandako torturen eta espetxealdiko «baldintza penagarrien» ondorioz hil zenik; besteak beste, Eusko Jaurlaritzak errepresio frankistaren biktima gisa aitortu zuen iaz. Baina, era berean, gehitu du hori «behin betiko berretsiko» duen epai bat behar dela.
Arrakala bat bunkerrean
Letamendiren kasua «paradigmatikotzat» jo izan du GEBehatokiak. Batetik, urtez luzez Espainiako Estatuan egindako torturen eta espetxealdien baldintzen adierazgarri delako. Bestetik, erakundeen «utzikeriaren» adibide izan delako luzaroan. Era berean, baina, uste dute orain haren kasua eredu izan daitekeela beste salaketa batzuetarako. Argudiatu dutenez, ustezko erasotzaileak hilik dauden kasuetan halako ikerketa bat egitea posible bada, ez litzateke «inolako eragozpenik» egon beharko gizateriaren aurkako delituen egileak bizirik dauden kasuak ere ikertzeko.
Oraingoz, baina, Letamendiren heriotzarena «arrakala» bat da «justiziaren bunker ukatzailean». Espainiako Estatuan Memoria Demokratikorako Legean oinarrituta aurkeztu diren 155 kereiletatik zazpi baino ez dituzte tramiterako onartu; horietako bi GEBehatokiak bultzatutakoak dira —Txomin Letamendi eta Josu Mujika Aiestaran—.
Beraz, GEBehatokiak salatu duenez, orokorrean «entzungor» egin dute epaileek, eta 1977ko Amnistia Legea eta ustezko preskripzioak baliatzen dituzte hori justifikatzeko. Argudio horiek okerrak dira, GEBehatokiaren arabera; izan ere, gogoratu du Memoria Demokratikorako Legeak honako hau zehazten duela: biktimek justiziarako eskubidea dutela, eta gizateriaren aurkako krimenak «preskribaezinak eta amnistiaezinak» direla.
Hala ohartarazi diote Espainiako Estatuari nazioarteko zenbait erakundek ere. Adibidez, Iridia eta Ceaqua elkarteek aurkeztutako salaketa baten ondorioz, NBEko lau organok kezka azaldu zuten hainbat auzitan izandako ikerketa faltagatik, eta Espainiako Gobernuari adierazi zioten giza eskubideen arloan ezarritako nazioarteko eginbeharrak bete behar dituela.
Antzera mintzatu zen iaz NBEko Giza Eskubideen Batzordea ere, Espainiako Estatuari eskatu baitzion beharrezko neurriak hartzeko «Gerra Zibilean eta diktadura frankistan izandako giza eskubideen urraketa larriei amnistia eta preskripzioa ez aplikatzeko».
GEBehatokiak, beraz, gaur egun duen jarrera baztertzeko eskatu dio Espainiari, eta Estatuaren ardurapean egin ziren delituak «estaltzeari» eta «erabateko zigorgabetasuna» eskatzeari uzteko, baita nazioarteko aginduei men egiteko ere.
Musikari bat informazio zerbitzuetan
Txomin Letamendi (Bilbo, 1901 - Madril, 1950) musikaria zen ofizioz, eta Euzko Gudarosteko komandante izan zen 36ko gerran. Behin hura amaituta, Euskal Informazio Zerbitzuentzat lan egiteari ekin zion; lehenik erbestean, eta gero Hego Euskal Herrian.Â
Lan horietan zela atxilotu zuten frankistek, 1946ko abuztuan, Donostian. Han torturatu zuten lehen aldiz, eta espetxera bidali zuten behin-behinean, matxinada delitu bat egotzita. 1947ko maiatzean atera zen kartzelatik, eta inteligentzia zerbitzuentzat lan egiten jarraitu zuen, Bartzelonan berriz atxilotu zuten arte. Berriz torturatu zuten, eta horrek ondorio fisiko eta psikologikoak eragin zizkion. Matxinada prestatzeko konspirazio delitua egotzita, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Bartzelonako, Madrilgo eta Guadalajarako espetxeetan egon zen preso, «baldintza penagarrietan». Horrek are gehiago kaltetu zuen bere osasuna, «jateari ere uzteraino».Â
Letamendi 1950eko urriaren 18an atera zen espetxetik, eta bi hilabetera hil zen; abenduaren 20an.
Â