«Gure ardura da demokraziaren eta bakearen alde dena emateagatik kartzela, tratu txarrak, erbestea edo heriotza pairatu zuten pertsona guztien memoria lantzea, guzti-guztiena». Horixe bera adierazi du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Txomin Letamendi EAJko militantea zenari gaur Bilbon egindako aitortza eta erreparazio ekitaldian. Joan den larunbatean, abenduaren 20an, bete ziren 75 urte hil zenetik, eta Eusko Jaurlaritzak orain gutxi aitortu du errepresio frankistaren biktima gisa, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak hori eskatu ostean.
Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak gaur omendu dute Txomin Letamendi gudari, EAJko afiliatu eta frankismoa garaian euskal zerbitzu sekretuetako espioia izan zena, Bilboko Bidebarrieta liburutegian; eta ekitaldian izan da Imanol Pradales. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi duenez, «gaur egun bakea, demokrazia, giza eskubideak, autogobernua eta ongizatea baditugu, Txomin Letamendi Muruaren sakrifizioari eta haren lekukoa hartu zutenen kemenari zor dizkiegu».
Letamendi musikaria zen ofizioz, Eusko Gudarosteko komandante izan zen 36ko gerran, eta, behin hura amaituta, Euskal Informazio Zerbitzuentzat lan egin zuen, lehenik erbestean eta gero Hego Euskal Herrian. «1942an Txominek Agirre lehendakariaren deiari erantzun zion eta ozeanoa zeharkatu zuen bere herrialdera itzultzeko eta otsoaren ahoan sartzeko», gogorarazi du Pradalesek.
«Letamendik jasan zituen sufrimendua, bidegabekeria eta krudelkeria irmotasun osoz gaitzetsi behar ditugu. Gure ardura da biktimak erdigunean jartzea eta egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidea sakontzea»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Hiru urteko neskato bat eta bi urteko beste bat zituen. Oso kontziente zen zuen arriskuaz. Atxilotu, espetxeratu eta torturatu egin zuten, baina, askatu ondoren, beste misio batean sartu zen berriro, bere hirugarren semea jaio ondoren», azaldu du.
Biktimen aitortza
1946ko abuztuan atxilotu zuten lehen aldiz Letamendi, Donostian, eta torturatu egin zuten. Matxinada delituagatik espetxeratu zuten behin-behinean, eta preso egon zen 1947ko maiatzera arte. Halere, inteligentzia zerbitzuentzat lanean jarraitu zuen, eta Bartzelonara joan zen. 1947ko irailaren hasieran, baina, berriz atxilotu eta torturatu zuten, eta horrek ondorio fisiko eta psikologikoak eragin zizkion.
Bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten «matxinatzeko konspiratzea» leporatuta, eta Bartzelonan, Madrilen eta Guadalajaran egon zen preso. Bere osasun egoera oso kaskarra zela ikusita, espetxean ez hiltzeko, 1950eko urriaren 18an askatu zuten. Handik bi hilabetera hil zen.
Ildo horretan, «Letamendik jasan zituen sufrimendua, bidegabekeria eta krudeltasuna irmotasun osoz» gaitzetsi ditu Pradalesek. Gehitu duenez, «gure ardura da biktimak erdigunean jartzea eta egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidea sakontzea».
Ordezkaritza anitza
Eusko Jaurlaritzaren lehendakariarekin batera, besteak beste Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak parte hartu dute gaurko ekitaldian; baita Aitor Esteban EAJko presidenteak ere. Maria del Rio Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramailea eta Iker Casanova diputazioan koalizioko eleduna ere bertan ziren, Letamendiaren senideei babesa adierazteko asmoz.
Kirmen Uribe idazlea ere han zen, Letamendiren eta haren emazte Karmele Urrestiren bizipenak nobelatu baitzituen, Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian. Lan horretako pasarte bat irakurri du Uribek. Idazlearekin batera, Josu Chueca historialariak eta Letamendiren seme Txominek hitza hartu dute. Horretaz gain, Bilboko Orkestra Sinfonikoko haize boskoteak hainbat pieza jo ditu, militante abertzaleaz gain, tronpetista zenaren omenez.