Urriaren 8an udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egingo ditu Gernika-Palestinak

Gazako zein Zisjordaniako egoerak salatu nahi dituzte protesten bidez. Mundu osoan gailentzen ari den «deshumanizazioari» eta haren aurkako erantzunari buruz hausnarketa egiteko eskatu diote euskal gizarteari.

Gernika-Palestina plataformako kideen agerraldia gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gernika-Palestina plataformako kideen agerraldia gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko irailaren 10a
19:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hiru urteetan Palestinako egoera okertu besterik ez dela egin salatzeko, urriaren 8an berriz kalera ateratzeko deia egin du Gernika-Palestina plataformak: elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko udaletxeen aurrean, 19:00etan, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean. Yala Nafarroak urriaren 3rako Iruñean deitutako manifestazioarekin ere bat egin dute.

Gaur Donostian egindako agerraldi batean, deitzaileek gogora ekarri dute Gazako sarraskia ez dela eten: eremuaren zati handi bat bereganatua duela Israelgo armadak, iaz su etena adostu zutenetik 1.300 pertsona baino gehiago erail dituela Israelek, eta 8.000 gorpu berreskuratu ezinik dabiltzala Gazako herritarrak, besteak beste. Zisjordanian ere okerrera doa egoera, plataformaren arabera: aurten, kolonoen 1.200 eraso baino gehiago izan dira. «Edozein txinpartak egoera gaiztotu dezake, eta atzera bueltarik gabeko agertoki bat eragin», ohartarazi dute.

Era berean, mundu osoan «genozidioak dakarren deshumanizazio forma guztiak nagusitzen» ari direla deitoratu dute. Hala, «hausnarketa sakona» galdegin diote euskal gizarteari: «Ezin dugu onartu, ezin dugu normalizatu, eta ahal den guztietan mobilizatu behar dugu palestinarren itxaropenari eusteko, eta argi eta ozen adierazteko: Gerrarik ez!».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA