Urruñan, Aramendiren kudeaketa kritikapean

Filipe Aramendi auzapezaren parean, Sebastien Etxebarnek eta Martine Mignot Carmek aurkeztu dute beren burua, zerrenda banatan. Biek zalantzan jarri dute Aramendiren gaitasuna proiektuak teoriatik praktikara ekartzeko.

Urruñako herria, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Urruñako herria, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Demokrazia parte hartzailea: hori bera izan zen Filipe Aramendiren zerrendaren promesa 2020ko herriko bozetako kanpainan zehar; herritarrek babesa eman zioten, baina sei urteren buruan hori funtzionarazteko moldea zalantzan jarri dute haren lehiakideek. Aramendiren parean bi zerrenda aurkeztu dira, Sebastien Etxebarnek eta Martine Mignot Carmek gidatuak.

Aramendi bera EH Baiko kide abertzalea izanik ere, zerrendak ezkerrak batzen ditu bere osotasunean: zehazki, EH Baiko lau kide hartzen ditu —Aramendi barne—, eta Frantziako Ekologisten taldeko kide bat; besteak ere ezkerrekoak dira, baina ezein alderditan kidetu gabeak. 

Parean dute Etxebarneren zerrenda «herritarra». Azken horrek, hain zuzen, Aramendiren eta Mignot Carmeren zerrendak gogor kritikatu zituen berea aurkezteko prentsaurrekoan, lehena «ezker-muturrekoa» delakoan eta bigarrena «argiki [Frantziako] errepublikanoei loturikoa». Bereari dagokionez, etiketa politikoetarik salbatu nahian dabil Etxebarne, aurtengo herriko bozetako hainbat zerrenda bezalaxe, funtsean. Eta, Etxebarneren espekulazioetarik harago, Mignot Carmek ere ildo beretik defendatu du bere zerrenda: «Ez natzaio politikari interesatzen».

Desadostasunek, halere, badute beren iturria, eta iturri horrek badu zerbait politikorik. Etxebarneri, erraterako, «politikoegia» iruditzen zaio Aramendiren agintaldian etxebizitzaren gaia nola kudeatu duten. Haren ustez, «bizitoki pribatuei erabat uko eginez eta dena absolutuki esparru publikotik egin nahian, agintaldiaren erdia galdu da». Hots, uste du proiektu bat bera ere ez dela gauzatu etxebizitza sozialak soilik egiten tematu direlako, eta horixe leporatu dio Aramendiri. Etxebarneren iritziz, proiektu pribatu batean parte hartzea onartu izan bazuen, gutienez azken agintaldian lortutakoak baino gehiago liratekeela etxebizitza sozialak —etxebizitzen osotasuna ez izanik ere—.

«Bizitoki pribatuei erabat uko eginez eta dena absolutuki esparru publikotik egin nahian, agintaldiaren erdia galdu da»

SEBASTIEN ETXEBARNE Ongi bizi Urruñan

Iritzi bera du Mignot Carmek, «sei urtez deus ez baita lurretik atera». Gainera, konbentzitua da gizarte nahasketa «behar-beharrezkoa» dela auzoek ongi funtzionatzeko, eta ez duela horretan laguntzen etxebizitza soziala besterik biltzen ez duten auzoen sortzeak.

Aramendik, bere aldetik, erranaldi batez borobildu du bere agintaldia: «Harro gara egin dugun lanarekin; lehen haziak erein ditugu, eta ondoko agintaldian uztaren biltzea espero dugu». Gerora aurrera eraman nahi lituzkeen hiru proiektuen promozioa ere egin du: lehena, Iturluxea proiektua, herriko erdialdean 87 etxebizitza egitea ―horietarik 63 sozialak― aurreikusten duena; bigarrena, 68 etxe sozial eraikitzea proposatzen duena; eta azkena, 250 etxebizitza egiteko proiektua, «epe luzeagora begirakoa». Aramendiren hitzetan, azken proiektua ez dago zehaztuta oraindik, baina etxeak «material berriekin» eraiki nahi dituzte, iraunkorrak izan daitezen.

Halere, proiektu horiek gorabehera, sei urtez etxebizitza sozial bakar bat ere ez da eraikirik izan. Zehaztu behar da, gainera, herri bateko etxebizitzen %25 sozialak izatea agintzen duen SRU legea ez dela betetzen Urruñan: %12ra besterik ez dira heldu, eta legea ez betetzeagatik isunak ordaindu behar dituzte urtero.

«Harro gara egin dugun lanarekin; lehen haziak erein ditugu, eta ondoko agintaldian uztaren biltzea espero dugu»

FILIPE ARAMENDI Elkarrekin Urruña

Erdialdearen bizia jomugan

«Gauzak kontzeptualizatzen dira, demokrazia parte hartzailea aipatzen da, baina hori praktikara ekartzeko garaian, eskas geratzen da», Etxebarneren ustez. Mignot Carmek harekin bat egin du, eta biek kontsideratu dute Aramendiren agintaldiko hutsegiteetarik nagusiena herritarrekiko harremana izan dela. Izan ere, Aramendiren ahaleginetarik bat izan da herrian demokrazia parte hartzailea ezartzea: elikadura burujabetasunerako kontseilua eratu zuen bide horretan; berriz auzapez izendatuko balute, kulturarena sortzeko xedea luke, eta aterik ez dio hetsi funtzionamendu hori beste arloetara zabaltzeari.

Halere, sistemaren mugak aipatu ditu Etxebarnek, ohartu baitira «herritarrak ez zirela auzoko proiektuen jakinean». Hain justu, bere zerrendako kideek ikerketa bat egin dute Urruñako Zokoa auzoan. Iaz bide nagusia norabide bakarreko bilakatu zuen herriko etxeak, eta, ohartu direnez, «auzoko biztanleen %95ek ez zekiten hori eginen zenik».

Kanpainaren harira, Aramendik bere burua defenditzeko aukera ukan du, eta aitortu: «Kritikak entzuten ahal ditut, sekula ez dugu erran demokrazia parte hartzailearen erreferenteak ginenik. Halere, zehaztu behar dut auzoetako komiteek autonomia osoz funtzionatzen dutela; gero, funtzionatuko dute ala ez, eta beti herriko etxeari lotuta».

Halaber, Mignot Carmeri iruditzen zaio ideia onik izan duela gehiengoan, baina gero ez duela jakin proiektuak behar bezala eramaten. Eta herriko erdialdeari erreferentzia egin dio, karrikako giroa «erabat hila» delakoan. Haren zerrendaren programako puntu nagusia hori da, hain zuzen: herriko erdialdearen bizia berpiztea, «Itsas Mendi zinematik hasirik», Urruña ez dadin bilakatu «lo egiteko herri bat bakarrik». Proiektua nahiko zehazki pentsatua dute jadanik: «Agian beste gela bat sortu, proiekzioez gain ikusgarriak ere hartzen ahal lituzkeena; horri trago bat edateko toki bat lotu; aparkaleku bat egin, agian mediateka bat ere bai...».

Argiki, erronka nagusia herriaren bizi giroa dela uste dute Aramendiren pareko bi zerrendaburuek, baina Etxebarnek etxebizitzaren gaia aipatu du berriz, herriko erdialdean «dentsitatea beharrezkoa izanik ere ezin bailitzateke hori nolanahika egin». Zehazki, Iturluxea proiektuari egin dio erreferentzia, ez baitzaio iruditzen «operazio handiek» gauzak ongi egiteko balio dutenik: «Guk 50 bat etxebizitza eginen genituzke aldiro, gero errazagoa baita etxe horien esleitzea, baita biztanleriaren kudeaketari begira ere».

«Eskola pribatuan jadanik bazen kantina bat, eta hori handitu orde, beste bat egin dute, bi milioi euro ordainduta; finantzak ezin dira orekatu»

MARTINE MIGNOT CARME Bihotza eta ekintzak

Erraterako, Aramendiren gehiengoak Urruñako tokiko hirigintza plana aldarazia dio Euskal Hirigune Elkargoari, Iturluxea proiektua egingarri izan dadin herriko erdialdean: denera 87 etxebizitza dira, horietarik 63 sozialak, alokairuan hartzeko edo erosteko, eta beste 24 prezio mugatuan eskuratzekoak. Halere, errekurtsoak ezarriak izan dira proiektu horren kontra, eta, beraz, ez doa aitzina mementoko.

Kantina ez hain zentrala

Aramendiren agintaldiko beste proiektu nagusia «kantina zentrala» izan da. Proiektu anbiziotsua herri batendako, helburua tokian toki kozinatzea baitzen, herriko laborariekin harremanean. Etxebarnek eta Mignot Carmek positiboki baloratu dute desmartxa, baina, beste behin ere, iruditzen zaie proiektua ez dela behar bezala gauzatu.

Mignot Carmek bere zalantzak zehaztu ditu: «Eskola pribatuan jadanik bazen kantina bat, eta hori handitu orde, beste bat egin dute, bi milioi euro ordainduta. Gainera, eskola publikoei baizik ez die janaririk eskaintzen, eta herriko eskola pribatuak kanpo utzirik finantzak ezin dira orekatu: 350 bazkari ematen dira, baina laurehun eman behar lirateke ongi ateratzeko. Inguruko herrietako eskolekin zerbait pentsatu zitekeen, proiektua partekatze aldera». Etxebarnek, bere aldetik, salatu du «beste behin» azken momentuan egina izan dela harremana herritarrekin, eta oraingoan «kantina abiatu baino bi aste lehenago» jarri zirela harremanetan laborariekin.

Euskarari dagokionez, 2022an euskara zerbitzua eta euskara plan bat plantatu zituen herriko etxeak; euskara teknikari bat ere enplegatua dute, eta axuant bat gaiari dedikatzen zaio osorik. Hots, lanketa seriosa egina du gehiengoak, eta beste bi zerrendaburuek segurtatu dute ildo beretik segituko luketela bozetan auzapez izendaturik izanen balira.

DATUAK

  • Demografia. 10.594 biztanle zituen 2025ean, INSEEren arabera. 
  • Hautesle zerrenda. 8.612 herritarrek dute bozkatzeko eskubidea.
  • Herriko kontseilua. 33 hautetsi.
  • Euskal Hirigune Elkargoa. 4 ordezkari.
  • 2020ko emaitza. Filipe Aramendi %45,90 (25 kontseilari); Francis Gavilan %27,94 (4 kontseilari); Sebastien Etxebarne %26,15 (4 kontseilari).
  • 2026ko hautagaiak. Filipe Aramendi; Sebastien Etxebarne; Martine Mignot Carme.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.