EUSKAL PRESOAK

Urrutikoetxearentzako asiloa eskatuko diote Frantziako Gobernuari

Josu Urrutikoetxea bake negoziazioetan bitartekari izan zela nabarmendu dute haren abokatu Laurent Pasquet-Marinaccek eta Andy Carl Conciliation Ressources-eko adituak, eta, beraz, arazoari irtenbide politikoa emateko eskatu dute. Prentsaurrekoa egin dute Miarritzen.

Miarritzen gaur egindako prentsaurrekoa. BOB EDME
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 24a
13:28
Entzun

Josu Urrutikoetxearen iazko atxiloketek bake prozesuetan izan ohi diren bi printzipio urratzen dituela azaldu du haren seme Egoitz Urrutikoetxeak, gaur Miarritzen (Lapurdi) egindako agerraldian: segurtasun juridikoarena eta konfiantzarena. Izan ere, Josu Urrutikoetxeak Genevako (Suitza) eta Osloko bake-elkarrizketa prozesuetan parte hartu zuenez, immunitate juridikoa izan beharko lukeela ohartarazi dute. 2019ko maiatzean eta ekainean atxilotuta, ordea, printzipio horiek urratu dituztela salatu dute Egoitz Urrutikoetxeak eta euskal presoaren abokatu Laurent Pasquet-Marinaccek. «Aurrekari larria» jartzen du horrek, haien hitzetan: «Zalantzan jartzen ditu gaur egun martxan jar daitezkeen bake prozesuak». Gogoratu dute Frantziako Gobernuak Ekialde Hurbileko zenbait gatazkatan bitartekari gisa aurkezten duela bere burua, baina Urrutikoetxearen kasuan ez dituela bermeak betetzen, eta, beraz, arazoa ez dela Euskal Herrikoa bakarrik: «Arazoa Frantziarena da».

Datozen asteotan aitzina eramanen dituzten desmartxak azaldu dituzte Miarritzen egindako agerraldian. Frantziako Gobernuari asiloa eskatuko diote Josu Urrutikoetxearentzat, eta Frantziako diputatu eta senatari batzuek bisita egingo diote laster euskal presoari La Santeko espetxera. Oraindik ez dute zehaztu nor izanen diren harengana joanen diren hautetsiak, baina alderdi politiko ezberdinetakoak izanen direla jakinarazi dute.

Andy Carl bake prozesuetako aholkulari eta Conciliation Ressources-en sortzaileak azaldu du Urrutikoetxearen rola ezinbestekoa izan dela «gatazkaren parte bat amaitzeko». «Elkarrizketaren hautua egitea inoiz ez da samurra».

Irtenbide «politikoa»

Dei Auzitegia urtarrilaren 8an Josu Urrutikoetxearen estradizio eskaera baten alde agertu zen ETAk 1987an Zaragozako kuartelaren aurka egindako atentatuagatik, baina nabarmendu dute epailearena iritzi juridiko bat baino ez dela: «Gobernuaren dekretu bat beharko da», azaldu du Egoitz Urrutikoetxeak. Arazoa politikoa dela nabarmendu dute: «Josurena auzi politiko bat da juridikoa baino gehiago, eta, arazoa politikoa den heinean, soluzio politikoa behar du», erran du abokatuak. Gogoratu dute Urrutikoetxea Espainiaren babespean joan zela Genevara eta Oslora negoziazioetan parte hartzera, eta, beraz, arau diplomatikoak hausten ari direla orain.

Auzitegietan katramilatuta

2019ko maiatzaren 16an Frantziako Poliziak Alpeetan atxilotu zuenetik, Parisen dute preso Josu Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia; 69 urte). Madrilek bi euroagindu ditu eskatuak, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta (Barajas, 2006) eta herriko tabernen auziagatik. Baita bi estradizio ere, Luis Herguetaren (1980) eta Guardia Zibilaren Zaragozako kuarteleko (1987) hilketetan ardurarik izan zuelakoan. Urtarrilaren 8an Dei Auzitegia 1987ko auziagatik estradizioaren alde agertu zen, eta defentsak helegitea aurkeztu zuen Kasazio Auzitegian; Frantziako Gobernuak izango du azken hitza. Beste hiru kasuetan epaileak informazio gehigarria eskatu zuen, eta martxoaren 4an dira saioa egitekoak.

Frantzia, berriz, bi epaiketa egitekoa da: ETAren “hierarkian” kide garrantzitsua izateaz akusatuta eta 2011-2013an Osloko elkarrizketagunean ETAren egiturako kidea izatea egotzita.

2018ko maiatzean Urrutikoetxea bera izan zen ETAren desegitearen adierazpenari ahotsa jarri ziona, Marixol Iparragirrerekin batera. 2005-2006an ETAren ordezkaria izan zen Espainiako Gobernuarekin egindako elkarrizketa prozesuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.