Hautagaitza bakarra aurkeztuko da Eudelen Batzorde Eragilearen hautaketara. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk hautagaitza bateratua osatzeko akordioa lortu dute, eta ados jarri dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea (EAJ) udalerrien elkarteko buru izendatzeko.
Eudelen Lurralde Batzordeetarako ere zerrenda bateratuak eratzeko akordio desberdinak izan dira, eta horietan ere zerrenda bakarra aurkeztuko da. Araban, EAJk, EH Bilduk eta Elkarte Independenteak Urtaran izendatuko dute arduradun nagusi. Bizkaian, Amaia Agirre Getxoko alkatea (EAJ) izendatuko dute Lurralde Batzordeko buru EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarte Independenteak. Gipuzkoan, berriz, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren babesarekin hautatuko dute Izaro Elorza Oñatiko alkatea (EH Bildu) Lurralde Batzordeko presidente.
Eudelek datorren ostegunean hautatuko ditu 2019-2023 agintaldirako gobernu organoak. Elgoibarren (Gipuzkoa) egingo dute hautaketarako batzar orokorra, 10:30ean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 245 udal bazkidek izango dute botoa emateko aukera.