Urtarrilaren 5ean gertatutako sexu eraso bat salatzeko, elkarretaratzera deitu du Tolosako (Gipuzkoa) mugimendu feministak. Udalak bat egin du deialdiarekin. Gaur iluntzeko 19:00etan izango da, Trianguloa plazan. Bestalde, Itaia antolakunde feministak biharko deitu du elkarretaratzea, 12:30ean, Trianguloa plazan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteazkenean eman zuen erasoaren berri, eta Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu duela ere jakinarazi du. Iturri horren arabera, ustezko erasotzaileak lana eskaini zion 44 urteko biktimari, Tolosako ile apaindegi bat garbitzeko. Lan baldintzen berri eman ostean, ile apaindegira eraman zuen emakumea, eta han egin zion sexu erasoa. Segurtasun Sailaren oharraren arabera, gizonak emakumea hertsatu zuen erasoa isilean gordetzeko.
Dena den, emakumeak otsailaren 16an jarri zuen salaketa, eta hurrengo egunean Ertzaintzak atxilo eraman zuen ustezko erasotzailea, Tolosako Rondilla kalean, sexu erasoaren delitua leporatuta. Epailearen esku dago orain.
Goiuri Ezeiza Tolosako Berdintasuneko zinegotziak BERRIAri azaldu dionez, udala eta Udaltzaingoa harremanetan daude Ertzaintzarekin, baina ez dute, ordea, biktimarekin harremanik, ez baitaTolosan bizi, Gipuzkoako beste herri batean baizik. Nolanahi ere, udalerrian gertatutako sexu erasoa izanik, mugimendu feministak eta udalak dei egin diete herritarrei kalera atera daitezen indarkeria matxista arbuiatzera: «Zoritxarrez eraso hauek bakanak izaten ez direnez, beste behin ere Tolosako Udalak gaitzespena adierazi nahi du, eta herritarrei eskatzen die honen aurka egingo diren mobilizazio eta deialdietan parte hartzeko, herri gisa kolektiboki erantzun dezagun. Ozen aldarrikatzen dugu jarrera hauek ez dutela lekurik, ez herrian, ez beste inon».