Urtebetean jasotako isunen kopurua 32.000 eurokoa dela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. «Etxebizitza eskubidearen alde borrokatzeagatik» zigor ekonomiko horiek jaso izana deitoratu dute. Langile mugimenduaren aurkako «errepresio» estrategia baten parte dira mozal legea delakoa aplikatuta ezarri zaizkien isun horiek, sindikatuaren arabera.
Kopuru horrek hurrengo hilabeteetan «gora egin dezake», sindikatuko kideeen esanetan, artean hainbat zigor prozedura irekita eta ebatzi gabe baitaude. «Eskubide politikoen aurkako eraso onartezinak» dira zigor espediente horiek, gaur egindako agerraldian salatu dutenez. «PSOE bezalako alderdiek mozal legea indargabetuko zutela baieztatu bazuten ere, sistematikoki aplikatzen dute», kritikatu dute.
Etxegabetzeak eta «protesta ekintzak»
Isun horietako gehienak etxegabetzeak eragotzi nahian egindako protesten harira ezarri dizkiete, sindikatukoen esanetan. Adibide gisa aipatu dituzte joan den azaroan Erandion (Bizkaia) izandako hiru etxebizitzaren husteak, eta herri hartako Astrabudua auzoan martxoan jazotako etxegabetzea. Lehen kasuan, hiru familia etxegabetu zituzten; bigarrenean, berriz, andre bat eta haren semea. Etxegabetze horien aurka antolaturiko protesten ondorioz bi lagun atxilotu, 30 identifikatu, eta «milaka euroko isunak» izan ziren.
Ikusi gehiago
Alta, 32.000 euro horien «parte handi bat» iazko ekainean La Caixako bulego baten aurka egindako «protesta ekintza» baten ondorioz jarritako isunek hartzen dute, sindikatuaren arabera. Banku horrekin gatazkak dituzten «ehunka» maizterren kasuak artatzen ditu sindikatu sozialistak; maizter horien kontratuetako «abusuzko klausulak» epaitegietara eramango zituztela aldarrikatzeko, protesta ekintza egin zuten banku horren bulego batean, Bilboko Abando auzoan, irailean. «Eskuorri batzuk banatu, eta hamar minutu baino gutxiagoren ondoren bulegotik atera ziren», azaldu dute ekintza. Protesta hori dela eta, Poliziak hogei pertsona identifikatu eta zigortu zituela salatu dute.
Ikusi gehiago
Azkenik, salatu dute iazko sanferminetan abesturiko aldarrikapen jota kantatzeagatik jarri zizkietela beste 1.800 euroren isunak. Azken kasu horretan, sindikatuak zuzenean seinalatu du Iruñeko Udala, isun horien erantzule gisa.
Zigor ekonomiko horiei aurre egiteko, diru bilketa kanpaina bat abiatu dute. Kamisetak eta zozketa baterako txartelak saltzeaz gain, ekarpenak zuzenean egiteko kontu korronte bat ere jarri dute martxan.