gobernu berria nafarroan

Uxue Barkosek hartu du lehendakari kargua

Euskaraz eta gaztelaniaz, kargua beteko duela hitzeman du. Ekitaldian, 300 gonbidatutik gora bildu dira. "Bakean bizitzeko garai berri baterako aukera historikoa" hasi dela esan du Barkosek, eta Nafarroari buruz nafarrek erabakiko dutela azpimarratu du.

Uxue Barkos, kargua hitzemateko unean. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko uztailaren 22a
14:24
Entzun

"Nafarroako Foru Erregimena mantendu, hobetu eta errespetatzea, Konstituzioa zein legeak obeditzea eta nire karguaren eginbeharrak leialki betetzea hitzematen dut", esan du Uxue Barkosek Nafarroako lehendakari kargua hartzerakoan. Euskaraz eta gaztelaniaz egin ditu adierazpenak. Txalo zaparrada luzea jaso du.

Behin kargua hartu ostean, "bakean bizitzeko garai berri baterako aukera historikoa" hasi dela esan du, eta "normaltasun" politikoa lortzeko urteetan lan egiten dutenak izan ditu gogoan; fusilatuak zein Ikastoletako bultzatzaileak. Nafarroaren gehiengoa abertzalea ez izan arren nafar guztientzat gobernatuko duen presidente abertzalea izango dela agindu du. Nafarroari buruz nafarrek erabakiko dutela erantsi du, "inolako presio eta dependentziarik gabe". 

300 gonbidatuk baino gehiagok parte hartu dute ekitaldian. Espainiako Gobernuaren aldetik, Isabel Garcia Tejerina Ingurumen eta Nekazaritza ministroa izan da. Agenda arazoak direla-eta, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ez da izan Iruñean. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea izan da ekitaldian.

Bertan izan dira, besteak beste, Izaskun Bilbao EAJren europarlamentaria eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko burua.

Bi emakume presidente

Ainhoa Aznarez parlamentu presidenteak bere hitzaldian nabarmendu duenez, bai parlamentuko bai gobernuko lehendakariak, biak emakumezkoak dira. "Gaur egun handia da halako balentria batekin amets egin zuten emakume guztientzat". Aznarezek ere euskaraz eta gaztelaniaz egin du hitzaldia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.