Baliteke euskarazko D ereduak beste zirrikitu bat irekitzea Nafarroako eskola mapan. Villatuertako eta Arroizko udalek agiri bana erregistratu dute Hezkuntza Departamentuan, zera eskatzeko: D ereduko lerroak ireki ditzatela herriko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetan; Villatuertako San Veremundon eta Arroizko La Balsan, alegia. Gobernuak eskaera horiek onartuko balitu, 2027-2028ko ikasturtean ezarriko lituzkete euskarazko lerroak bi ikastetxe horietan.
Villatuertako Udalaren kasuan, Maria Jose Calvo alkateak sinatu du eskaera (PSN). Diario de Noticias egunkariak eman du horren berri. Idazkian, Villatuertako Udalak, batetik, «landa guneko eskolak indartzen segitzea» jo du helburutzat, eta bestetik, «haur eskolako haurrek aukera izan dezatela [euskarazko] ereduari segida emateko herriko ikastetxe publikoan». Gaur egun, hori ez da posible, eta seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatu dituzten Villatuertako familiek Lizarrako Remontival ikastetxe publikora bidali behar izaten dituzte haurrak goizero.
Ikusi gehiago
Herrian bertan euskaraz estudiatzeko aukera izatea aspaldiko eskaria da, gainera: 2014. urtean horixe eskatu zuten Villatuertako zenbait familiak, eta 2020an ere Hezkuntza Departamentuak jarritako «trabak» salatu zituzten, Mendigorriko familiekin batera. Oraingoan, baina, udalak berak egin du urratsa. Eta ez edozein udalek, gainera, PSNren esku dagoen batek baizik. Hezkuntza Departamentuan erregistratutako eskaeraren bidez, udalak erantzuna eman nahi izan dio «eskola garraioa erabiltzen duten ikasleen familiek aspalditik eginiko eskaera bati», eta bide batez, «herriko haur eskolaren eta ikastetxe publikoaren etorkizuna» bermatu nahi dute.
Aurtengo ekainean, Villatuertako Udalak Kamira enpresari adjudikatu zion 1 eta 3 urte arteko haur hezkuntzako zerbitzua, eta hezitzaileak kontratatzeko baldintzetako bat zen, hain zuzen, euskarazko B2 maila egiaztatzea. «Gaur egun, haur hezkuntzako lehen zikloan izena emanda dauden zortzi haurrak euskaraz ari dira ikasten», gaineratu du udalak. D eredua haur eta lehen hezkuntzara zabalduta, euskarazko hezkuntzari segida emanen liokete herrian.
Eskaera Maria Jose Calvo alkateak erregistratu du, baina haren alderdikide batek egin beharko ditu hurrengo urratsak. Izan ere, Calvok alkatetza utziko du aste honetan, lanari lotutako motiboak direla eta. PSNko Maria Garinek hartuko du aginte makila udalean.
Udalak hartutako erabakia txalotu du Steilas sindikatuak. «Pozgarria da Villatuertak D eredua ezartzeko egin duen eskaera», irakur daiteke sindikatuak bere sare sozialetan zabaldu duen mezuan: «Euskaraz ikasteko eskubidea ezin da egon borondate politikoaren menpe. D eredua Nafarroa osora zabaltzeko garaia da. Euskaraz bizitzeko, euskaraz ikasteko!», gehitu dute.
Arroitzen, irailean
Villatuertan ez ezik, Arroitzen ere ofizialki galdegin dute eskola mapa moldatzea, herriko La Balsa ikastetxe publikoan D eredua ezartze aldera. Irailaren 18an erregistratu zuten eskaera Hezkuntza Departamentuan. Badira ñabardurak, ordea: Arroitzen D-PAI modalitatearen alde egin dute —euskarazko murgiltze eredua, baina ingelesez emaniko zenbait ikasgairekin—, eta adostu dutenez, «era progresiboan eta ordenatuan» ezarriko lukete, Haur Hezkuntzako lehen mailatik hasita, «egungo ikasleen hizkuntza eredua aldatu gabe». Arroizko Udalbatzak aho batez onartu zuen eskaera egitea, iragan irailaren 24ko osoko bilkuran.
Orduko hartan ere, «familiek eginiko eskaerari bide emanez» adostu zuten gobernuari euskarazko lerro bat galdegitea. «Familiek behar bat planteatu ziguten, eta baita gure eskolarentzako aukera bat ere; eta halakoetan, udalak haien alboan egon behar du. Horregatik eman nahi izan dugu pauso bat aurrera, proposamena instituzio gisa asumitzea eta Hezkuntza Departamentuari helaraztea», adierazi zuen Antonio Angel Moleon alkateak Radio Estella irratian.