EHUk eskolak bertan beheiti utziko ditu Voxek Gasteizen iragarritako ekitaldiaren kontra

Eskuin muturreko alderdiak ekitaldi batera deitu du otsailaren 23rako. Errektoretza taldeak telematikoki aritzeko deia egin du, eta unibertsitateko zenbait gune itxi eginen ditu.

Vox alderdiaren postu bat Berriozarren, artxiboko irudi batean. BERRIA
Vox alderdiaren postu bat Berriozarren, artxiboko irudi batean. BERRIA
Iratxe Muxika
2026ko otsailaren 19a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urteko urriaren bukaeran eskuin muturreko ekintzaile batek, Vito Quilesek, ekitaldi batera deitu zuen Nafarroako Unibertsitatean. Azkenean ez zen gauzatu, bertzeak bertze, ehunka antifaxista jarri zirelako Komunikazio Fakultatearen atarian, eta protesta egin zutelako ekitaldi horren kontra. Bada, hurrengo astelehenari, otsailaren 23ari, antzeko zantzu batzuk hartu dizkio EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eta dagoeneko hasia da neurriak hartzen.

Vox alderdi politikoak ekitaldi bat antolatu du EHUren Arabako campusean, unibertsitateko pasealekuan, Farmazia Fakultatearen aitzinean. Jarrera zurruna hartu beharrean agertu da EHUko errektoretza taldea, eta ohar bat bidali du gaur. Halaxe dio: «Erabiliko den espazio publikoa Gasteizko Udalarena den arren, campusaren eremuan izango da, eta, ondorioz, era horretako deialdiek izan dituzten aurrekariak aintzat hartuta, errektoretza taldeak erabaki du hainbat neurri hartzea komunitatearen segurtasuna bermatzeko eta totalitarismoari osasun hesia jartzeko».

Eta eman dituzte zehaztasun batzuk: bertan beheiti utziko dituzte asteleheneko eskolak. Horren ordez, telematikoki emanen dituzte saioak, eta itxi eginen dituzte bai fakultateko ateak, baita pasealekuko aparkalekua ere.

Voxen arabera, Gasteizko campusean jarri dituzten «pankarta mehatxatzaileak salatzea» da ekitaldiaren helburua, eta ikasleek dagoeneko elkarretaratze batera deitu dute leku eta ordu berean, «faxismoaren kontra» egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.