Gorenak berretsi egin ditu Voxen kontrako protesta batean atxilotutako hamabi lagunen zigorrak

Voxek 2019an Euskaldunan egindako mitinaren kontra protesta egin zuten ehunka lagunek, eta Ertzaintzak horietako hemezortzi atxilotu zituen. Hamarri urtebete eta lau hilabeteko zigorra ezarri zieten, eta biri, bi urtekoa.

Voxen ekitaldiaren kontrako protesta, 2019an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Voxen ekitaldiaren kontrako protesta, 2019an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko otsailaren 4a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin ditu Voxek 2019an Bilbon egindako agerraldi baten kontra protesta egin zuten hamabi lagunen aurkako zigorrak. Bizkaiko Auzitegiak urtebete eta lau hilabeteko espetxe zigorrak ezarri zizkien hamar laguni, desordena publikoko delituengatik, eta bi urteko kondenak beste bi manifestariri; horiei kalte delituak ere egotzi zizkien.

Eskuin muturreko alderdiak 2019ko urriaren 20an egin zuen agerraldiari kontra egiteko, ehunka lagun bildu ziren Euskalduna jauregiaren inguruan, Casilda Iturrizar parkean, eta Ertzaintza horien kontra oldartu zen. «Elkarretaratzea desegin behar izan zuten, polizia lerroa hautsi eta jauregian sartzeko saiakeren ondorioz», dio ebazpenak. Jarraian, istiluak izan ziren inguruko kaleetan, eta manifestari antifaxistek «herritarren lasaitasuna eta bizikidetza larriki aztoratu» zuten, epaimahaiaren esanetan.

Ertzainek manifestarien kontra egin aurretik, Voxeko idazkari nagusi Javier Ortega Smith protestan ari zirenengana gerturatzen saiatu zen, eta ertzainburuengana jo zuen gero. Hark elkarretaratzea «legez kanpokoa» zela adierazi zien poliziei, eta esan haien kontra jo behar zutela. Geroxeago, ertzainek balarik gabeko tiroak eginez eta foam balak jaurtiz sakabanatu zituzten han zirenak. 

Egun hartan, hemezortzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak; horietako sei adingabeak dira. Gainerakoak hurrengo egunean utzi zituzten aske, eta haien kontrako prozesu judiziala martxan jarri zen. Polizien kontra harriak eta bestelako objektu batzuk jaurtitzea egotzi zieten. Azkenik, Bizkaiko Auzitegiak denak zigortu zituen, eta kondena horiek berretsi zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ere. Zigortuetako batek Gorenera jo zuen jarraian, baina hark ere norabide berean ebatzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.