Webgune bat sortu dute migratzaileentzat, ezohiko erregularizazioari buruzko zalantzak argitzeko

Espainiako Gobernuak jarri du abian, eta prozesuari buruzko galdera-erantzunak, bideo informatiboak eta komunikazio zerbitzu bat eskainiko ditu bertan. Gaurtik aurrera zabalik dago aurrez aurreko hitzordua eskatzeko epea.

Hainbat migratzaile Marokoko kontsuletxera sartzeko ilaran, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Hainbat migratzaile Marokoko kontsuletxera sartzeko ilaran, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
maddi iztueta olano
2026ko apirilaren 16a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia hiru hilabete zain egon ondoren, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak herenegun onartu zuen migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautzen duen dekretua, eta Hego Euskal Herrian 30.000 lagun inguruk izango dute horren bidez euren egoera erregularizatzeko aukera. Gaurtik, aukera dago eskaera presentzialki egiteko ordua hartzeko, eta epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Halere, galderak, zalantzak eta kezkak dira nagusi, eta, horiei guztiei erantzun nahian, prozesuari buruzko webgune bat sortu du Espainiako Gobernuak. 

Interneten gaztelaniaz ezohiko erregularizazioa bilatuta aurki daiteke webgunea. Lau aukera ematen ditu: modu telematikoan eskaera egiteko tramitea hastea; simulazio bat egitea baldintza guztiak betetzen ote diren egiaztatzeko; eskaera aurrez aurre egiteko ordua hartzea; eta atzerritarrei arta emateko bulegoen eta zenbait abokaturen datuak kontsultatzea. Hori bai, eskaera modu telematikoan egiteko, egiaztagiri digital bat izan behar da derrigor. 

Horrez gain, prozesuari buruzko galdera-erantzunik ohikoenak, bideo informatiboak eta komunikazio zuzenerako zerbitzu bat ere txertatu dituzte webgunean. Are, ohartarazi dute aurrez aurreko hitzordu guztiak doakoak direla, eta ez fidatzeko zerbitzu horren truke dirua eskatzen duen inorekin. Hala, ordua eskatzeko hiru modu daude: egiaztagiri digitalaren bidez, online betetzen den formulario baten bidez edo telefonoz. Datorren astelehenetik aurrera artatuko dituzte eskatzaileak presentzialki.

Baldintzak eta oztopoak

Erregularizazioa lortzeko baldintzak zeintzuk diren ere gogorarazi dute: 2025eko abenduaren 31ren aurretik Hego Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan edo Espainian bizi izana; eskaera egin aurretik gutxienez bost hilabetez jarraian bertan bizi izana; eta aurrekari penalik ez izatea, ez oraingo lurraldean, ez sorterrian. Baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango diete, baita osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea ere. Hala, Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera izango dute, eta, urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.

Espainiako Gobernuak iragan urtarrilaren 26an eman zuen neurriaren berri, eta asteotan hainbat zirriborro ondu dituzte. Azkenean, zenbait aldaketa sartu dituzte behin betiko dekretuan. Horien artean esanguratsuenetako bat zera da: sorterrian aurrekari penalik ez dutela ziurtatzeko, migratzaileek jatorrizko herrialdeari agiri bat eskatu beharko diote derrigor, besteak beste kontsuletxeetan, eta hilabeteko epea izango dute hori lortzeko. Halere, lortuko ez balute, Espainiako administrazioa arduratu beharko litzateke agiri hori bide diplomatikoetatik eskatzeaz.

Horrez gain, koska bat zaildu dute eskaera egiteko aukera. Hasierako zirriborroan, egoera irregularrean dauden guztiak jotzen ziren zaurgarritzat; orain, beharrezkoa izango da gizarte erakunderen batek sinatutako agiri bat aurkeztea migratzailea egoera zaurgarrian dagoela frogatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA