Yoyes oroitu dute Ordizian, haren hilketaren 40. urteurrenean

Urtero bezala, haren ingurukoek oroigarri bat jarri dute Joxe Migel Barandiaran plazan, hil zuten lekutik gertu.

Yoyesen omenez jarritako oroigarria, gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU
Yoyesen omenez jarritako oroigarria, gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU
aitor biain
2026ko irailaren 10a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtero egin ohi duten bezala, irailaren 10 honetan ere Dolores Gonzalez Katarain Yoyes oroitu dute Ordizian (Gipuzkoa). Haren omenezko oroigarri bat ezarri dute familiak eta ingurukoek Joxe Migel Barandiaran plazan, hil zuten lekutik gertu, eta lorez bete dituzte inguruak. Izan ere, ETAko kide izana, bere herrian hil zuen erakunde armatuak berak 1986ko irailean, «traizio» egitea leporatuta.

Yoyes 1970eko hamarkada hasieran sartu zen ETAn, 17 urte besterik ez zuela. Erakundean bidea egin eta zuzendaritzara heldu zen, eta maila horretara iritsi zen lehen emakumea izan zen. Gerora, baina, erakundea utzi zuen, barne desadostasunak zirela medio.

Erbestean zenbait urte egin zituen, Mexikon, eta Soziologia eta Filosofia ikasketak egiteko baliatu zuen tarte hura; Nazio Batuen Erakundean ere aritu zen lanean. 1984an, berriz, Parisera iritsi zen, errefuxiatu. Handik urtebetera, 1985eko abuztuan, Espainian haren kontrako auzibiderik ez zela ikusita, Hego Euskal Herrira itzuli zen, Donostiara.

Espainiako Gobernuak eta zenbait hedabidek gizarteratze neurri gisa aurkeztu zuten Yoyesen kasua, eta horrek ETAren jomugan jarri zuen aurrez erakundeko kide izana, «estatu espainiarraren errepresio planekin» bat egin eta «traizio» egitea egotzi baitzion. Ordiziako Euskal Jaietan hil zuten, tiroz, haren hiru urteko semea alboan zuela. Hilketak oihartzun handia izan zuen euskal gizartean, eta ezinegona eragin zuen ezker abertzalearen barruan ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA