Zabalaren memoriak egia judiziala ere izan dezan

Asteartean beteko dira 50 urte guardia zibil batek Josu Zabala tiroz hil zuenetik. Zabala omentzeko ekitaldi bat antolatu dute Hondarribian, eta «erabateko justizia eta erreparazioa» exijitu.

Josu Zabalaren omenaldia, gaur, Hondarribian. JON URBE / FOKU
Josu Zabalaren omenaldia, gaur, Hondarribian. JON URBE / FOKU
maddi iztueta olano
HONDARRIBIA
2026ko irailaren 5a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaien aurreko eta uda hondarreko giroak nahastu dira Hondarribiko (Gipuzkoa) San Pedro kalean. Terrazak lepo daude, eta udatiarrak atzera eta aurrera dabiltza, bainujantzia soinean eta hondartzarako motxila bizkarrean. Jendetza elkartu da Maite tabernako atarian, eta kaleko antzerki bat ote zegoen galdezka hurbildu da emakume bat. Bizilagun batek azaldu dio: «Manifestari bat hil zuten alarde egunean». Josu Zabala Erasun zen manifestari hura, eta guardia zibil batek hil zuen, tiroz, 1976ko irailaren 8an. Mende erdi igaro da ordutik, eta Zabalaren omenez bildu dira ehun lagunetik gora gaur; atzera begiratzeko ez ezik, gertatutakoari aurrez aurre erreparatzeko ere bai.

Irungo (Gipuzkoa) bizilaguna zen Zabala, eta 24 urte zituela hil zuten. Urte horretan bertan —1976an, alegia— desagertu zen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidea, eta desagerpena salatzeko eta amnistia exijitzeko manifestazio bat egin zuten Hondarribian. Hara joan zen Zabala, eta 150-200 gazte bildu ziren denera. Guardia Zibila goizetik zebilen herrian, eta gomazko pilotak jaurtiz eta tiro eginez oldartu zitzaien manifestariei. 

Egun hartan gertatutakoak abesti batean bildu zituen Bad Sound System taldeak duela hamar urte, eta orduan idatzitako hitzak abestu dituzte gaurko omenaldian: «Josu guardia batek hil zuen, baina ardura zeinena? / ez da kontatzen dena / 36an jaio zen 78ko erregimena». Bero dago Bidasoko kostaldean, eta terrazetako toldoen itzalpean babes hartu dute omenaldian parte hartu dutenek. Baina hainbestekoa da bildu den jende oldea, ezen eguzki galdatan egotea beste aukerarik ez baitute askok. «Letra xume hauekin / berreskuratu dezagun historia / Josu Zabala Erasun memorian», bukatu da abestia, eta txaloka erantzun du jendeak. Irrintzi bat entzun da aurrena, eta haren atzetik aireratu dira beste lauzpabost. 

Zabalaren ilobak, gaur, Hondarribian. JON URBE / FOKU
Zabalaren ilobak, gaur, Hondarribian. JON URBE / FOKU

Oholtza gainera igo dira Zabalaren ilobak, Arantxa eta Belen Zabala, eta eskerrak eman dizkiete bertaratutakoei. Gogoratu dute 76a «oso urte gogorra» izan zela Euskal Herriarentzat: «Gasteizen errepresio gogorra jasan zuten martxoaren 3an, eta errepresio horrek irailaren 8ra arte iraun zuen». Hain justu, trantsizio garai bete-betean hil zuten Zabala, eta polizia indarkeriak, haren familiari ez ezik, «samina eta mina» eragin zien beste dozenaka familiari ere. Gasteiz, Montejurra (Nafarroa) eta Basauri (Bizkaia) aipatu dituzte, eta familiak izan dituzte gogoan: «Bide luzea dugu egiteko».

Zabalaren hilketak oihartzun handia izan zuen, eta Hondarribian eta Irunen bakarrik ez, Euskal Herri osoan eta beste zenbait lekutan ere izan ziren elkartasun ekintzak. Horren erakusgarri dira, kasurako, Donostiako 24. Zinemaldian izan ziren erreakzioak eta manifestazioak —Zabala hil eta hiru egunera abiatu zuten jaialdia—. Hondarribian, bestalde, herritarrek margolan bat egin zuten: Jorge Oteizaren Pietatea obra irudikatu zuten, eta Xabier Letek idatzitako poema batez lagundu. Bozgorailutik aireratu dira haren hitzak: «Zabala, zabala da askatasunaren eromena / ez baitute ohiko debekuek makurtzen». Erromesaldirako leku bihurtu zen margolana egin zuten txokoa, baina, jarri eta zortzi egunera, erre egin zuten. Geroago, Zabalaren omenezko monolito bat jarri zuten, eta hura ere dinamitaz lehertu. 

Etorkizunerako tresna

Hala ere, memoriak bizirik dirau. Hondarribiko Udalak, Irungoak eta Egiari Zor fundazioak antolatu dute ekitaldia, eta Leteren hitzak entzun ondoren, oholtzara igo da Igor Enparan Hondarribiko alkatea: «Mende erdi denbora asko da, baina badira denborak ezabatu behar ez dituen gertaera batzuk, ahaztu ezin diren izenak, eta Josurena da horietako bat». Eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan Zabalari loreak eskaini dizkioten bizilagun eta herri mugimenduei, eta irmo gaitzetsi du egun hartan Poliziak egindako «esku hartze bortitza». 

Enparanek atzera begiratzeko deia egin du, baina baita etorkizunari begiratzekoa ere: «Demokrazia ezin da inpunitatearen gainean eraiki, eta ezin da benetako bizikidetzarik eraiki biktimen sufrimendua aitortu gabe». Hain justu, Hondarribiko alkateak txalotu egin du Espainiako Gobernuak duela hilabete iragarritako erabakia; izan ere, erakunde horrek berriki aitortu du Zabala arrazoi politikoengatik hil zutela. «Horrek ez du gertatutakoa konpontzen, ezta 50 urteotako mina ezabatzen ere, baina esan nahi du biktimen eskubideek ez dutela iraungitze datarik». Eta transmisioaren garrantzia nabarmendu du: «Memoria etorkizuna eraikitzeko tresna bat ere bada, modua ematen duena gure seme-alabek eta bilobek jakin dezaten zer gertatu zen».

«Demokrazia ezin da inpunitatearen gainean eraiki, eta ezin da benetako bizikidetzarik eraiki biktimen sufrimendua aitortu gabe» 

IGOR ENPARAN Hondarribiko alkatea

Haren ondoren hartu du hitza Egiari Zor fundazioko kide Pilar Garaialdek, eta bereziki nabarmendu du Espainiako Gobernuak duela hilabete eskas egindako aitorpenaren balioa: «Isiltasun instituzionala hausten duelako eta egia ofiziala izan behar zukeen tokian kokatzen duelako; ate bat irekitzea dakarrelako». Halere, adierazi du aitortza hori ez dela «bidearen amaiera». Izan ere, Ferrolgo (Galizia) artxibo militarrean dago Zabalaren espediente juridikoa, eta behin baino gehiagotan galdegin dute familiari bidaltzea. Iritsi zaien arren, «zentsuratuta» jaso dute; hots, tapatuta daude izen-abizen eta nortasun agiri guztiak. «Egia osorako sarbidea bermatu behar zaio familiari, dokumentazio militarra desklasifikatu behar da, eta, atzerapen gehiagorik gabe, 12/2016 legea erreformatzeko prozesua abiarazi», gehitu du. 

Enparanen gisara, aurrera begira jarri da Garaialde ere, eta Irungo Udalaren eta familiaren «elkarrizketa eraikitzaileak eta adiskidetzearen aldeko jarrera» goraipatu. Are, iragarri du elkar ulertzeari esker bi aldeak prest daudela lankidetzan aritzeko Irunen «memoria gune bat» sortze aldera. «Memoriaren puzzleari pieza hori gehitzeak kontakizun osoa egitea esan nahi du», gaineratu du. 

Gora eta behera, ezker-eskuin dabiltza haizemaileak, eta Garaialde oholtzatik jaitsita, Amets Arzallus bertsolariak hartu dio lekukoa. «Nahiz badakigun herri hau dela / anitza eta zabala / bukatu dadin ukazioa / argitu dadin itzala / memoriaren mosaikoak / luzaro bizi zaitzala». Enegarren txalo zaparradak egin du eztanda, eta Zabalaren fotografia hartuta, haren txokora joateko ilarak osatu ditu jendeak. Hara iritsita, aurreskua dantzatu diote, eta arrosa gorriz jantzi da kalea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA