Auzo zahar, auzo berri (I)

Zabalgana: hazkundearen erritmoari segika

Zabalganak 29.000 biztanle baino gehiago ditu, eta Gasteizko auzorik handiena da, baina azpiegiturak eta zerbitzuak falta ditu. Sakabanatutako auzokideak saretzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak sortzeko lanean ari dira zenbait bizilagun.

Zabalgana
Perretxin errekatxoa, landarez inguratuta, Zabalgana auzoa zeharkatzen. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko abenduaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirigintza planen eta herritarren eguneroko bizitzaren arteko oreka zailari eutsi nahian ari dira Euskal Herriko hainbat auzo. Garabiak eta adreiluak ohikoak bilakatu dira hala berritze prozesuetan murgilduta dauden auzo zaharretan nola eraikitze fasean daudenetan, eta denek bat egiten dute zenbait ezaugarritan: ez dute azpiegitura eta zerbitzu aski, eta auzokideak lanean ari dira elkarren arteko harremanak trinkotzeko. Gaurtik hasita, hiriburuetako zenbait auzo zahar eta berriren argazkia aterako du BERRIAk.

XXI. mende hasierako garapen urbanistikoaren emaitzarik argiena da Gasteizko Zabalgana auzoa. 2000ko hamarkadan eraikitzen hasi ziren, eta gaur egun oraindik ere auzoa eraikuntza eta osaketa fasean dago; amaitzen dutenean, 30.000 lagun baino gehiago bizi ahal izango dira bertan. Hazkunde handi horrek, baina, auzokideen egunerokoan eragin zuzena dauka. Auzoa diseinatu zutenean, etxebizitza berriak —horietako asko babes ofizialekoak— eta gune berde zabalak aurreikusi zituzten, baina errealitateak agerian utzi du hazkunde azkarrak ez duela beti zerbitzu eta azpiegitura askirik ekartzen. Eta halakoxea da auzoaren egoera egun: 29.000 biztanle pasatxo dituen auzo erraldoia da, baina azpiegitura eta zerbitzuak falta ditu.

Zabalgana azkar eraiki zen: etxeak lehenik, zerbitzuak ondoren. Horrek desoreka nabariak sortu ditu, auzoa ez baitago unitate trinko baten gisara antolatuta; kontrara, auzo txikiz edo sektore ezberdinez osatutako mosaiko moduko bat da: Zabalganaren parte dira Mariturri, Aldaia, Borinbizkarra eta Elejalde eremuak. Eta auzoaren tamaina handiak badu kontrapunturik: distantziak handiak dira, zerbitzuak sakabanatuta daude, eta harreman sozialak sortzea nekezagoa da.

Zabalgana
Etxe berriak eraikitzen ari dira Nazio Batuen hiribidean. RAUL BOGAJO / FOKU

Auzoaren errealitatea ongi ezagutzen dute Zabalgana Batuz auzo elkartekoek. David Brea elkarteko presidenteak azaldu duenez, Zabalgana ez da «ohiko» auzo bat, 29.000 biztanlerekin Gasteizko auzorik handiena da, eta horrek, haren ustez, arreta, baliabide eta plangintza berezia eskatzen ditu. «Laudiok eta Amurriok biek batera adina biztanle ditu Zabalganak, baina udalak ez du aintzat hartzen datu hori».

Auzoaren tamaina da «arazorik» behinena, elkarteko presidenteak dioenez. Baliabideak auzo txiki baten logikarekin planifikatu dira, baina errealitatea oso bestelakoa da. Elkartera iristen diren auzokideen kexek eta kezkek auzoaren gabezien argazki osoa ematen dute. Mugikortasunarekin lotutako kezkak dira ohikoenak, auzokideak kexu dira batez ere autobus lineen maiztasun eskasaz, auzo barruko lotura gabeziaz eta beste auzoekiko konexio faltaz. Bereziki gatazkatsua izaten ari da Zabalgana eta Lakua/Salburua arteko autobus linearen auzia: auzokideak aspalditik ari dira eskatzen, baina udalak oraingoz baztertu egin du halakorik egitea, nahiz eta hauteskundeetako promesa bat izan. Horrez gain, auzotik barna ibiltzeko autobus linea baten premia dago, eta baita tranbia martxan jartzekoa ere.

Zabalgana Batuz
David Brea Zabalgana Batuz auzo elkarteko presidentea. IÑIGO URIZ / FOKU

Osasun zentro bakarra dago auzoan, eta «gainezka» dago; txiki geratu da gizarte etxea ere, hango arduradunek aitortu dutenez. Bi azpiegitura horiek handitu edo berriak egitea premiazkotzat du elkarteak, baina, Break dioenez, udalak «luzamenduak» baino ez dizkie ematen. Kirol azpiegituren gabeziaz ere ohartarazi du auzo elkarteko presidenteak. Herri frontoi irekia egiteko proiektua aurkeztu diote udalari, baita futbol zelaien egokitzapena eta bestelako ekipamendu txikiak eskatu ere. Horri lotuta, parte-hartze aurrekontuetan adostutako 125.000 euroko diru saila oraindik gauzatu gabe dagoela salatu du Break.

Zabalgana auzo gaztea da —12 eta 35 urte arteko 8.000 gazte inguru bizi dira—, baina «aisialdirako aukera eskasak» dituzte, auzo elkarteko buruak dioenez. Gazteentzako baliabiderik eza ez da arazo txikia, luzera begira auzoarekiko lotura ahultzen duelako eta eragin handia duelako espazio publikoaren erabileran, Break azpimarratu duenez. Horri erantzuteko sortu dute ZabalGaztea egitasmoa, gazteek eurek diseinatutako jarduerak sustatzeko. 

«Laudiok eta Amurriok biek batera adina biztanle ditu Zabalganak, baina udalak ez du datu hori aintzat hartzen»

DAVID BREA Zabalgana Batuz auzo elkarteko presidentea

Etxebizitza berrien eraikuntzari dagokionez, elkarteak eskatu du etxebizitza sozialak modu orekatuan banatzea, jatorri atzerritarra duten herritarrak batu eta «ghettorik» ez sortzeko. Nolanahi ere, Zabalgana auzo segurua da eta elkarbizitza arazorik ez dagoela ziurtatu du Break. Auzoarekiko atxikimendu sentimendu bat badela ere nabarmendu du— «zabalgandar izateaz harro daude»—, eta bereziki azpimarratu du saltoki txikiek auzoa biziberritzeko egiten duten ahalegina.

Hain justu ere, tokiko merkataritza apurka-apurka ari da hazten auzoan. Saltoki handi ugari dagoen arren, negozio txikiak sendotuz joan dira urteen poderioz. Sofia Erregina kaleko bizartegi eta ileapaindegi batean egiten du lan Ibrahim El-Mussauik. Duela hiru urte ireki zuten negozioa, eta bezero dezente dituztela dio. «Auzoko jende asko dator, eta bezero fidelak izatea lortu dugu». Auzo «lasaia» dela eta giro ona dagoela nabarmendu du, era berean. 

Eva Cebrianek Emias okindegian egiten du behar. Zabalgana Hiribidean ireki zuten denda duela bederatzi urte, auzoan tokiko saltoki gutxi batzuk zeuden garai batean. «Hasieran arriskua hartu genuen», gogoratu du, «baina lortu dugu eguneroko lanari esker irautea». Gaur egun, okindegia hiru familientzako diru iturri da. Auzoan pozik dago: «Ez du ezer faltan. Zerbitzu ia denak ditu, eta erdigunearekin lotura onak ditu».

Arnasguneak nola sortu

Baina azpiegitura eta zerbitzuetatik harago doazen erronkak ere baditu auzoak: euskarari lotutakoa da horietako bat. Zabalgana euskalduna da hiriko beste auzo batzuekin alderatuta, baina euskaldunak sakabanatuta bizi dira, eta horrek zaildu egiten du egunerokoan euskaraz bizitzeko aukerak sortzea. Horri erantzuteko sortu zen ZET Zabalgana Euskara Taldea 2019an: auzoko euskaldunak elkarrekin lotu nahi dituzte, eta aisialdian euskarari tokia eman.

Mitxel Elortza taldeko kideak azaldu du auzoan diren euskaldunak saretzeko eta euskaraz eskaintza duin bat egiteko asmoz ari direla lanean. Elkartearen oinarrietako bat argia da: euskara ez dadila eskolako hormen barruan geratu. «Euskarak eskoletatik atera behar du. Aisialdia ezinbestekoa da hizkuntza formaletik informalera pasatzeko, hizkuntzaz gozatzeko, jolasteko eta bizitzeko», nabarmendu du Elortzak. Horregatik, haur, gazte zein helduentzako jarduerak antolatzen dituzte, euskaraz aritzeko aukerak sortuta.

Zabalgana
Auzokideak Zabalgana hiribidean. RAUL BOGAKO / FOKU

Azken urteetan elkarteak egitasmo ugari jarri ditu martxan. Horien artean Parkeetan euskaraz egitasmoa dago: monitoreekin jolasak antolatzen dituzte, haur euskaldunek elkarrekin euskaraz jolasteko aukera izan dezaten. Halaber, Euskararen Astea, Olentzero, Agate Deuna, Gau Beltza eta halako ekinaldiak antolatu dituzte, Zabalganako guraso elkartearekin batera horietako batzuk.

Haurrentzako eta gazteentzako jarduerek erantzun ona izan ohi dute, baina aitortu dute helduak erakartzea askoz zailagoa dela. Eider Lezameta elkarteko kidearen ustez, erronka horrek zerikusi handia du auzoko familien soslaiarekin: «Familia gazte asko gara, haur txikiekin, eta askotan ezinezkoa da helduentzako ekintzetara joatea». Gaineratu du erronka handia dela ere jatorri ezberdinetako familiak euskarara erakartzea.

«Euskaraz bizi nahi dugu. Badakigu helburu utopikoa dela, baina etxean lortu duguna gure seme-alabek kalean ere lortzea nahi dugu»

EIDER LEZAMETAZabalgana Euskara Taldeko kidea

Udaberrira begira, Zabalgana Euskara Taldeak parkeetako hizkuntza erabilera neurtzeko asmoa du, auzoaren diagnostiko zehatzagoa egiteko. «Parkeetan euskara entzuten da, batez ere helduen eta haurren artean, baina berdinen artean gaztelaniara jotzeko joera handia dago», azaldu du Elortzak.

ZETeko kideek argi dute erronka nagusia: euskararen erabilera handitzea eta euskaldunak saretzea. «Euskaraz bizi nahi dugu. Badakigu helburu utopikoa dela, baina etxean lortu duguna gure seme-alabek kalean ere lortzea nahi dugu», adierazi du Lezametak. «Arnasguneak behar ditugu», erantsi du Elortzak.

Auzoaren etorkizunari begira, uste dute identitatea eraikitzen ari dela, nahiz eta oraindik kohesio falta sumatzen duten. Horregatik, jaiegunek eta egitasmo bateratuek garrantzi berezia dute. «Agate Deuna, Gau Beltza, Olentzero eta halako ospakizun egunetan sortzen den giroak erakusten du hori dela bidea», dio Elortzak. 

Ortuak landu, komunitatea egin

Hazkundearen logikan sortu zen Zabalgana auzoa duela bi hamarkada pasatxo, baina orain baliabide egokiz hornitzea eta auzokideak saretzea du erronka: baliabideak, azpiegiturak eta zerbitzuak ez ezik, komunitate proiektuak ere auzoaren benetako tamainara egokitzea.

Auzokideak saretzeko eta komunitatea eraikitzeko adibiderik argienetakoa Zabalortu ortu ekologiko autogestionatua da. Hamar urte dira hainbat bizilagun auzoan erabilerarik ez zuten orubeetan lurra lantzen hasi zirenetik, Gasteizko Udalak hartarako baimena emanda. Egun, 60 ortu daude Iruña Veleia kalean. «Ortua ez da bakarrik ortua, bilgune bat da», azpimarratu du Gorka Perea Zabalortuko kideak. Udaberrian eta udan jende ugari biltzen da han; neguan, berriz, erritmoa motelagoa da, baina harremanek irauten dute.

Zabalganako ortuak
Zabalganeko ortu autogestionatuak. BERRIA

Zabalganeko ortuak eredu hartuta, hiriko beste auzoetan ere martxan jarri dituzte hiri baratzeak: Borinbizkarran, Lakuan, Salburuan... Pereak azaldu duenez, Zabalganeko ortua «gune irekia» da, barazkiak eta landareak landatu baino gehiagorako balio duen gune bizi bat. Izan ere, inguruko ikastetxeetako ikasleak bertaratzen dira, eta ikastaroak, ate irekien egunak, ipuin kontalariak eta udako solstizioaren jaia antolatzen dituzte, besteak beste. Eta hori dena modu autogestionatuan. «Auzoa eta herritarrak elkarren ondoan egotea nahi dugu, gertu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.