Hiru dira aurten Zaballako espetxean (Araba) hildako presoak. Otsailaren 9an, 35 urteko gazte bat hil zen, familiaren arabera beharrezko osasun arta eman ez zitzaiolako. Apirilaren 10ean, berriz, beste preso bat hil zen, kondena betetzeko astebete falta zuela. Hirugarren heriotza uztailaren 20an jazo zen, Salhaketa elkarteak aste honetan salatu duenez. Presoaren sendiari doluminak adierazteaz gain, elkarteak salatu du presoaren heriotza arreta faltaren ondorio izan zela, osasun kaskarra baitzuen.Â
J.J.H. da hildakoa. 60 urte zituen, bizkaitarra zen jatorriz, eta Zaballako espetxeko hirugarren moduluan betetzen ari zen zigorra. Gizonak osasun arazo larriak zituen, eta kartzelan egoteak okerragotu baino ez zizkion egin, elkartearen arabera. Salhaketaren hitzetan, presoak buruko osasun arazo larriak zituen, ez baitzen gai izenak eta aurpegiak gogoratzeko, endekapen kognitibogatik. Bestelako osasun arazoak ere bazituen, eta, horiek zirela eta, erizaindegian atxikitzen zuten, baina «ez zioten ematen beharrezko arreta».
Presoaren gertuko senide bakarra adineko arreba bat zen, osasun arazo larriak dituena hura ere, eta, beraz, ezin zuen ahaideen laguntzarik edo arretarik jaso. Ondorioz, presoa «babesik gabe» zegoen erabat, Salhaketak deitoratu duenez, espetxeko osasun zerbitzuak ez baitira nahikoa halako kasuak artatzeko. Izan ere, Salhaketaren ustez, espetxeen barruan «zigorra eta utzikeria» da nagusi, eta funtzionarioek ez diete behar bezalako arreta ematen presoei. Horrelakoetan, ziegakideen eta gainerako presoen esku geratzen da gaizki daudenak zaintzeko ardura: hain zuzen ere, «baliabide eta informazio gutxien» dituztenen esku, Salhaketaren kexaren arabera.Â
«Isiltasuna» eta «utzikeria»
Hil aurreko egunetan, presoa kexu zen saihetseko mina zuelako, eta eginkarietan odola. Gainera, erori egin zen ziegan. Salhaketaren arabera, gainerako presoak larritu egin ziren, erori zenean J.J.H. ez baitzen odoletan hasi, nahiz eta halaxe gertatzen den halako erorikoetan. Salhaketakoek azpimarratu dute kartzelako erantzuleetatik «inork ikusi nahi izan ez zuen larritasuna» erakusten zutela ziegakideek nabarituriko zantzu horiek guztiek.Â
Hori guztia gorabehera, Salhaketaren kontakizunaren arabera, funtzionario batek behin eta berriz eskatu zuelako onartu zuten kartzelako medikuntza zerbitzuek presoa aztertzea, hasieran uko egin ostean. Ordurako, «agerikoa zen oso presoa gaizki zegoela». Osasun zerbitzuek aztertu ondoren, azkenik, ospitalera eraman zuten, uztailaren 20an, eta bertan hil zen, gau hartan bertan. Salhaketaren ustez, presoaren heriotza ez da arazo bakana, «zigortzen eta giltzaperatzen jarraitu nahiago duen sistema baten mugen ondorioa» baizik.
Elkarteak «utzikeria» larritzat jo du elkarteak hain larri zebilen preso batentzako «neurri alternatiboak» aktibatu ez izana, baita arazo sistematiko baten ondoriotzat ere. Espetxearen gardentasun falta ere kritikatu du. «Isiltasuna» espetxe sistemaren ezinbesteko osagaia dela azaldu du, eta erakundeen gardentasun falta sistematikoa deitoratu. Hori guztia salatzeko, elkarretaratze bat antolatu dute, ostegunerako, 12:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.
Hain zuzen ere, Salhaketaren iritziz, kartzela sistemak bereziki kalte egiten die «patologia dualak» dituzten presoei, hots, buruko gaixotasunak edo drogekiko menpekotasunak dituzten presoei. Lehen talde horren barruan zen joan den astean Zaballan hildako presoa. Aurreko kasuetan Salhaketatik azaldu dutenez, preso horiek zailtasunak dituzte haien kabuz laguntza eskatu edo haien buruen alde egiteko, eta horrek egoera bereziki zaurgarrian uzten ditu espetxe sistemaren barruan.Â
Hori dela eta, apirilean, Salhaketak EAEko Arartekoari erkidegoko kartzeletan jazotako heriotzak ikertzeko eskatu zion. Salhaketaren aburuz, «premiazkoa» da neurriak hartzea, espetxeetan «iragarritako heriotza» gehiagorik gerta ez dadin, eta hartu beharreko neurri horiek zeintzuk diren ikertzeko eskatu zioten, hain zuzen ere, Arartekoari. Azken heriotza honek neurri horiek hartzeko beharra azpimarratu baino ez du egiten, elkartearen iritziz.Â