Zaintza sektorea feminizatua dela eta langileek prekaritate handia pairatzen dutela gogorarazi du ELA sindikatuak. Egoera hori iraultzeko modua da, ELAren aburuz, zaintza zerbitzuak publifikatzea. Aldarrikapen hori eraman du gaur kalera berriz ere, Gasteizen egin duen manifestazioan. Zaintza profesionalizatuetako 500 langile batu dira protestara. Bilbo plazatik abiatu dira, Euskal zaintza sistema baten bidean, publifikazioa! lelopean, eta hainbat geldialdi egin dituzte; zehazki, zahar egoitza publiko eta pribatuen aurrean eta Eusko Legebiltzarraren aurrean.
Gehienbat zerbitzu publikoetan aritzen dira zaintza sektoreko langileak —zahar etxeetan, eguneko zentroetan, etxez etxeko zerbitzuan, esku hartze sozialean eta desgaitasunen bat dutenentzako zerbitzuetan—, baina oso gutxi dira langile publikoak. Instituzioek azpikontratatu egiten dituzte zerbitzu horiek, eta enpresa pribatu horietako langileak dira gehienak. Sektore publikorako lan egin arren, lan baldintzetan alde nabarmenak daude langile horien eta publikoen artean.
Leire Gallego ELAko ekintza sozialeko arduradunak mobilizazioan gogorarazi duenez, sindikatuak urteak daramatza protestak eta grebak sustatzen sektore horretako lan baldintzak hobetzeko, eta honako datu hau eman du: «25.000 langilek parte hartu dute zaintzako grebetan azken hogei urteotan egindako 5.000 greba egunetan».
ELAren iritziz, langileen mobilizazio horiei esker lortu dituzte hobekuntzak. Lorpenen artean bi azpimarratu ditu: 35 orduko lan jarduna ezartzea eta langile askoren gutxieneko soldata bikoiztea. Nolanahi ere, sindikatuak ohartarazi du oraindik ere sektore prekarizatua dela, eta horren isla dira, Gallegoren hitzetan, «Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erresidentzietako greba sektorialak».
Sindikatuak proposatu du zaintza sektorea publifikatzea: «Euskal zaintza sistema publikoa behar dugu kalitatezko zerbitzu duina emateko». Hartara, dei zuzena egin die horretan ardura duten erakundeei, hala nola Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, bai eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aldundiei eta udalei ere; hain zuzen ere, erakunde publiko horiek «enpresa pribatuen esku uzten dituztelako zaintza zerbitzu horiek».Â