EAJk eta EH Bilduk zaintza ereduak aurkeztu dituzte

Tejeria Usurbilgo zahar etxean egon da, eta azaldu du «eredu publiko-pribatuarekin» erantzun nahi diola EAJk; Etxebarrieta, berriz, Zumaian, eta adierazi du zaintzari «erantzun publiko-komunitario bat» eman behar zaiola.

Bakartxo Tejeria, atzo, Usurbilgo adinekoen egoitzan. EAJ
Bakartxo Tejeria, gaur eguerdiko ekitaldian, Usurbilen. EAJ
Xabier Martin - Iosu Alberdi
2024ko apirilaren 16a
12:20
Entzun

EAJk eta EH Bilduk zaintza izan dute hizpide astearte eguerdian egindako ekitaldietan. Jeltzaleek Usurbilgo zahar etxean (Gipuzkoa) egindako lana jarri dute adibide gisa martxan ezarri nahi duten «eredu berritzailea» azaltzeko. EH Bilduk, berriz, Zumaiako Udalak (Gipuzkoa) egindako lana nabarmendu du, eta eredu publiko-komunitario baten aldeko «jauzia» egiteko beharra nabarmendu.

Adinekoentzako zahar etxeen «eredu berritzailea»

EAJko Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeria Usurbilgo adinekoen zahar etxean egon da, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozarekin, eta jeltzaleek ezarri nahi duten ereduaren adibide gisa jarri du hango azpiegitura. Erresidentzia «berritzailea da», haren arabera, «handia, baina bizikide gutxiko unitateekin, 20-25 lagunekoekin». Pertsonak «etxean bezala sentitzea» du helburu, Tejeriak esan duenez.

Hautagaiak azaldu du adinekoek garbi esaten dutela «ahalik eta gehien» bizi nahi dutela beren etxean, eta, Eusko Jaurlaritzara iristen badira, jeltzaleak hori lortzen saiatuko dira «pertsona horiek behar bereziak» jasotzeko garaia iristen den arte. Orduan, Usurbilgoaren moduko azpiegiturak sartuko ditu jokoan, betiere «eredu publiko-pribatu sendo» baten bidez, «EAJk ezarritako politikei esker dugulako hirugarren sektore gihartsu bat».

Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta lurralde horietako hiriburuek sinatutako zaintzaren aldeko ituna ekarri du gogora hautagaiak, eta esan du administrazioan «koordinazio handia» egongo dela etxeko zaintzan eta zahar etxeetan eman behar dena elkarlanean egiteko. «Hau da gure eredua eta gure erantzuna adineko pertsonen beharrei; beste batzuek ezkutatu egiten dute eurena, edo ez daukate», esan du, siglarik aipatu gabe.

Datuak ematen hasita, EAJren eredu horren lorpen gisa, azaldu du Gipuzkoa dela «lurralderik kohesionatuena eta orekatuena». Administrazioak «lideratuko duen eredu publiko-pribatuarekin» jarraitzea nahi du EAJk, zaintzaren erronka «gero eta handiagoa» den gizarte batean. Horretarako, EAJren aldeko botoa eskatu du.

Etxebarrieta, goizeko ekitaldian, Zumaian. EH BILDU
Etxebarrieta, goizeko ekitaldian, Zumaian. EH BILDU

Eredu publiko komunitarioa ardatz

Zumaian (Gipuzkoa) egindako ekitaldian, Oihana Etxeberrieta EH Bilduren Bizkaiko zerrendakide eta kanpainako eledunak zaintza arloan «jauzi bat egiteko» beharra nabarmendu du, «pribatizazio politikak» atzean utzi eta «zaintza sistema publiko-komunitario bat» sortzeko. Etxebarrietaren esanetan, egungo ereduak desparekotasun sozialak eta sexu desparekotasunak areagotzen ditu, eta horren adibidetzat jarri du azken urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan irekitako adinekoentzako 280 zentroetatik soilik laurogei izatea publikoak: «Zaintza koordaintzen den eskubide bakarra da». Era berean, salatu du emakumeen lan prekarioaren kontura egin dela bide hori.

Horren aurka, ikuspegi aldaketa bat eskatu du: «Zaintza beharrezkoa den ondasun unibertsal bezala onartu, familia eremutik atera eta zaintzen duten erakundeak sortzea da herri bezala dugun premia handienetako bat». Horretarako, bi neurri proposatu ditu. Batetik, herri itun baterako mahai bat eratzea, aferari «erantzun publiko komunitario bat» emateko. Hartan, instituzioez gain, sindikatuak, mugimendu feminista eta gizarte zibila ere nahi ditu Etxebarrietak. Bestetik, «zaintzen unibertsalizazioa eta aukera askea bermatuko dituen lege berri bat» martxan jartzea, zeinak «lan baldintza duinak», «zerbitzuen estaldura berriak», «lurraldeen arteko orekarako ibilbide orri bat» eta «desgaitasun graduan aitortzeko epe objektiboak» ezarriko dituen.

Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak, berriz, nabarmendu du garrantzitsua dela zaintzaren gaia «ikuspegi intersekzionaletik eta elkarlanetik» lantzea: «Funtsezkoa da urgentziazko agenda bat definitzea, ahots guztiak entzungo dituena». Horretarako, zaintza sistema publikoa defendatu du, eta bide horretan gizarte mugimenduen eskaerei eta proposamenei bide ematearen alde azaldu da: «Herrietatik aurrerapen garrantzitsuak egin ditzakegu, baina ezinbestekoa izango da goragoko erakundeen inplikazioa».

Aroa Jilete, gaur eguerdiko agerraldian. PSE-EE
Aroa Jilete, gaur eguerdiko agerraldian. PSE-EE

Arlo sozialari heltzeko «giltza»

PSE-EEren Arabako zerrendaburu Aroa Jiletek proiektu «aurrerakoi» eta «eraldatzaile» gisa aurkeztu du sozialistena, «pribatizatu eta eskubideak murriztu» nahi dituen eskuinaren eta autogobernu gehiago eskatzen ari diren «nazionalisten» aurrean. Azken horiez, gaineratu du «denbora galtzen» ari direla, egungo autogobernua kudeatu beharrean.

Jileteren esanetan, PSE-EE da etxebizitzaren, mugikortasun jasangarriaren eta osasungintzaren moduko gaiei heltzeko «bermea». Are gehiago, adierazi du hauteskundeen ostean zer gertatuko den erabakitzeko «giltza» dutela, eta, ondorioz, gobernuak arlo sozialari erreparatzea eta «gai identitarioak» baztertzea eragin dezaketela: «Urteak dira Euskadik gehiengo osoak baztertu zituela, eta hautetsontzietatik atera daitekeen gobernu oro akordioaren ondorio izan beharko da».

Laudion (Araba) egindako ekitaldian, Javier Hurtado Arabako zerrendako bigarren eta Eusko Jaurlaritzako egungo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak ere parte hartu du. Hark PSE-EEren gobernatzeko moduan egin du indar, eta «arazo guztien aurrean» subiranotasunaz mintzo direnak kritikatu ditu: «Nazionalistek eta independentistek ez bezala, guk ez diogu alderdiaren nortasun agiriari begiratzen politika publikoak ezartzean. Beti jartzen ditugu aurretik herritarren interesak».

Lopez de Uralde, gaur egindako ekitaldian. ELKARREKIN
Lopez de Uralde, gaur egindako ekitaldian. ELKARREKIN

Araba, erreserba

Elkarrekin Podemosek Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko biosfera erreserba izendatu nahi du Araba. Koalizioa haren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biodibertsitate erreserba gisa izendatutako eremuen erdiak baino gehiago Araban daude, eta balio handiko naturagune ugari ere bai. Hala, prozesu parte hartzaile bat sustatu nahi dute, «natura ondasun aberats» horren kontserbazioa sustatzeko.

Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemosen Arabako zerrendaburu eta Aliantza Berdea alderdiko buruak aurkeztu du proposamena, eta afera gizarte zibilarekin eta erabakiaren eragina jasan dezaketen sektoreekin lantzearen alde azaldu da. «Biosfera erreserba izendatzeak eragin handia izango du nazioartean, eta lurraldean ondorio ekonomiko positiboak izango dituen turismo iraunkorra bermatuko du», zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.