Pastor
Darwin eta gu

Zakarrak izateko eskubidea

2026ko martxoaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hogei bat urte. Bilera Bilbon, Euskal Herriko finantza erakunde handienetako batean. Oposizioak egin behar dituzte eta baldintzak zehazteko elkartu dira entitatearen ordezkariak eta sindikatuak, goizean goiz. Euskaraz hasi da erakundearen barruan euskararen arloaren ardura duen pertsona  —jarraian erdaraz egiteko asmoa du—. Berehala moztu du mahaikide batek: «Déjate de chorradas y habla en castellano, que no estamos para perder el tiempo». Ika-mikak. Gero, haren kontrako kanpaina egingo dute. Lanetik botatzeko eskatuko dute, baina ez dute lortuko. Ezetz asmatu zer sindikatu oldartu zitzaion euskaraz jardun zuen banku-langileari, zeinek esan zuen pertsona hori lanik gabe uzteko euskararen alde egiten zuelako? Burura etorri zaizun sindikatua, irakurle hori. Hori bera.

Zakar jokatu omen du AEK-k. «Apartheid soziala» salatu du euskararen defentsan ari zen enplegatua kale gorrira bidali nahi zuten lagunen sindikatuak. Kopeta behar da gero! Askatasun linguistikoa aipatzen dute, hau da, zuk elebiduna izan behar duzu nik elebakarra izaten segitzeko. Euskaldunak erdaraz jakin behar du. Euskaraz egitea eskubidea besterik ez da. Aurrean duenaren gaitasun linguistikoak edo gogoak erabakiko du eskubide hori baliatzerik izango duen edo ez. Halakoxea da gure ustezko kontsentsu linguistikoa: iruzurra.

Euskaldunok men egin behar diogu euskara mespretxatzen duenari, «utzi txorakeriak eta gaztelaniaz egin, ez gaude denbora galtzeko eta» esaten digunari? Ez. Zakarrak izateko eskubidea dugu. Hori adierazi du Estel Sole idazle eta aktoreak katalanari buruzko artikulu batean. Haren mezuak guretzat ere balio du: «Eskubide bat eskubidea da eta ukiezina da. Eta katalanez hitz egiteko dugun eskubideari nahi bezain zakarrak izateko dugun eskubide absolutua gehitzen diogu, areago damurik gabe erasotzen digutenean. Guk ez dugu atseginagoak izan behar geure hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko; hizkuntza bat ezin da sinpatiko bihurtu. Hizkuntza da, izan. Eta kito». Erasorik ez jasotzeko atseginak izateko eskaera indarkeria matxistaren eremura eraman du Solek, bidegabea dela azaltzeko: «Andre bati buruz hau esatea bezala izango litzateke: jatorragoa izango balitz, senarrak ez luke jipoituko».

Zer hizkuntza erabiltzen dute Ayusoren erreinuko kapitalistek langileak esplotatzeko? Zer mintzaira exijitzen diete lan egiteko?

Euskara inposatzen ari omen gara. Hizkuntza bere berezko tokian inposa daiteke? Valladoliden gaztelera inposatzen dute? Azpeitian, Aramaion, Arbizun edo Markinan euskara inposatzen ari dira? Euskal Herria euskararen herria da. Euskara Perun, Polonian edo Indonesian eskatzea izango litzateke inposatzea. Ez porrua irentsi: euskara ez da inoiz inposatu Munitibarren, Lesakan edo Baigorrin. Inposatzekotan, beste hizkuntza bat inposatu dute bertan. Espainola. Edo frantsesa.

Beste alde batetik, bada beste mezu bat, nolabait hedatzen ari dena: euskara burgesen hizkuntza da. Funtzionarioen mintzaira. Irakasleena. Langileria zapalduaren hizkuntza bakarra espainiera da, antza. Irizar edo CAFeko langile guztiak elebakar erdaldunak izango balira bezala. Euskara burgesen eta kapitalisten tresna dugu  —nabari da ez direla gure enpresetako administrazio kontseiluen bileretan egon—. Zer hizkuntza erabiltzen dute Ayusoren erreinuko kapitalistek langileak esplotatzeko? Zer mintzaira exijitzen diete lan egiteko? —berdin dio beharginak nongoak diren: Manaus, Fez edo Bukarestekoak—. Gaztelania. Orduan, espainiera zapaltzaile kapitalisten hizkuntza da?

Atseginak izan behar ei dugu. Solek proposatzen duen bidea bestelakoa da, baina: «Autoestimua lortzea, hizkuntzari eustea, zutik jartzea eta gaindiezinak garela erakustea. Inork ez du errespetatuko guk hortzez eta haginez defendatzen ez duguna. Bada garaia liliak, xalotasuna eta mendekotasuna alde batera uzteko. Nori eman behar diogu atsegin? Gure borrero linguistikoei? Zertarako? Hizkuntza mantentzeak zakarrak izatea esan nahi badu, zakarrak izango gara». Zakarrak izan gaitezen. Atseginak, bai; baina, behar denean, zakarrak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!