Zalantzatien bila, azkenera arte

«Desblokeatzeko» deia egin die EAJk; EH Bilduk, berriz, «bizipoza» aldarrikatu du beldurraren aurrean.

Iñaki Ruiz de Pinedo diputatu ohia eta Mikel Otero hautagaia, Agurainen. IÑIGO URIZ / FOKU
Iñaki Ruiz de Pinedo diputatu ohia eta Mikel Otero hautagaia, Agurainen. IÑIGO URIZ / FOKU
aitor biain
2026ko azaroaren 24a
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina azken txanpan sartzear da, eta alderdiak azken ahaleginak egiten ari dira boto emaileak erakartzeko. Inkestak arigtaratzeko epea igarota, azken galdeketek erakutsi dute lehia uste baino estuagoa izango dela, eta, beraz, dantzan ibili ohi diren eserlekuak erabakigarriak izan daitezkeela balantzak alde batera edo bestera egiteko. Bada, zalantzatiak erakarri nahian aritu dira alderdiak azken orduetan.

Telebistako hauteskunde eztabaidak ematen dien erakusleihoa baliatu duten gehienek horretarako. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, nagusiki zerrendaburuek hartu dute parte eztabaida horietan, eta, beraz, gaur beste batzuei tokatu zitzaien alderdien ekitaldi nagusietan aurpegia ematea. EAJren kasua da hori; EBBko presidente Aitor Esteban eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales izan dira protagonista iluntzean Barakaldon (Bizkaia) egindako ekitaldian.

Esteban zalantzan egon daitezkeen boto emaileei zuzendu zaie, eta Madrilen «Euskadi» nork babestuko duen pentsatzeko eskatu die: «Ez diegu blokeei ezer zor, herritarrei baizik. Beraz, desblokeatu zaitez; pentsatu zure buruarengan eta zure herriarengan». Ildo beretik mintzatu da Idoia Sagastizabal Bizkaiko zerrendaburua ere; emakumeei zuzendu zaie bereziki hura: Kongresuan bortxa matxistaren aurkako neurrietan sakontzeko EAJri botoa emateak duen garrantzia gogorarazi die. «Hori da gure alde jokatzea».

Pradalesek, berriz, boto erabilgarria jeltzaleena dela defendatu du. Izan ere, adierazi du Sanchezen agintaldia amaitzear dagoela, eta erantsi EH Bildu Espainia «salbatu» nahian ari dela. Horren aurrean, «euskal etxea» babesteko beharra aldarrikatu du: «Euskal Herriak badaki EAJ dela berme bakarra Euskadirentzat».

EAJren ordezkariak Barakaldon egindako ekitaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPONDE / FOKU
EAJren ordezkariak Barakaldon egindako ekitaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPONDE / FOKU

EH Bilduk, bestalde, Agurainera (Araba) eraman du gaur hauteskunde kanpaina. Mikel Otero hautagaiak emozioetara jo du, zalantzan dauden herritarrei zuzenean interpelatuta: geratzen diren egunetan «perspektiba hartu» eta zerk hunkitzen dien pentsatzea galdegin die. «Erraietatik ere irabazi daiteke hau», esan die, eta eskatu beldurrarren eta mehatxuaren aurrean «enpatia, gizatasuna eta bizipoza» lehenesteko. «Horiek dira astindu nahi dugun esperantzaren banderaren zumeak».

Eba Blancok, berriz, emakumeak izan zituen jopuntuan. Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren bezperan, kritikatu du eskuinak eta eskuin muturrak bortxa matxista «gutxietsi» egiten dutela. Hori dela eta, agindu du emakumeen eskubideak zabaltzeko lan egingo dutela Madrilen. Era berean, Arkaitz Rodriguezek azpimarratu du «partida azken minutura arte» jokatuko dutela.  

Landa eremua eta ekonomia

Goizeko ekitaldietan, proposamen zehatzagoak izan dituzte hizketagai hautagaiek. Fronte Zabalak, esaterako, lehen sektorean jarri du fokua, «estrategikoa» baita Nafarroan Javier Ibañez zerrendaburuaren ustez. Hori dela eta, proposatu du zoruen banku publiko bat sortzea, laborari izan nahi duen gazte orok aukera izan dezan jarduteko.

Landa eremua izan dute hizketagai sozialistek ere, eta herri txikietako zerbitzu publikoen defedantzaile gisa aurkeztu du bere burua. Despopulazioari aurre egiteko Espainiako eta Nafarroako Gobernuek abian jarritako neurriak goretsi ditu Angel Moleon PSNren Senaturako hautagaiak. 

Aitzitik, ongizate eredua defendatzerakoan sozialistek dituzten «kontraesanak» kritikatu ditu Geroa Baik. Izan ere, gogora ekarri du 2011ko udan PSOEk eta PPk Espainiako Konstituzioa azkar batean aldatu zutela, zor publikoaren ordainketa lehenesteko. Horrek ongizate estatuan sakontzea eragozten duela esan du Pablo Azkona Kongresurako hautagaiak, eta gehitu hori irauli egin behar dela.

Alderdi Popularrak txistu eta oihu artean egin du kanpainako ekitaldia gaur ere, oraingoan Andoainen (Gipuzkoa). Jon Etxeberria hautagaiak salatu du iraindu egin dutela. Bertan izan da Ester Muñoz PPren Kongresuko bozeramailea ere, eta hark EH Bilduri egotzi dio «kumeak» bidali izana haiei «hitzez erasotzera».

Hain justu, EH Bilduk ere erasoak salatu ditu gaur; Iruñeko egoitzan pintaketa faxistak agertu direla jakinarazi du. Ahal Dugu-k eta EAJk ere salatu zuten aurreko astean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA