Zaldibar Argitu plataformak kezka agertu du zabortegian atzemandako irregulartasunak direla eta

«Onartezina» begitantzen zaio Eusko Jaurlaritzak txosten teknikoa «ezkutuan» gorde izana. Elkarretaratzea egingo dute Zaldibarren martxoaren 15ean.

Zaldibarko zabortegia, 2024ko otsailean hartutako irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Zaldibarko zabortegia, 2024ko otsailean hartutako irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko martxoaren 6a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko teknikariek Zaldibarko zabortegia aztertu zuten, 2020ko otsailean amildu ostean nolako egoeran zegoen jakiteko. Duela gutxi jakinarazi dituzte txosten horren emaitzak: mantentze lanak falta ditu, eta, ondorioz, hainbat arazo eta irregulartasun agertu dira, batez ere azpiegituraren egonkortasunari eta iragazgaiztasunari dagokienez. Orain, Zaldibar Argitu plataformak kezka agertu du irregulartasun horiek direla eta; haren iritziz, «ulertezina» da hutsegite horiek orain arte konpondu ez izana.

Irailean egin zuten behaketa, baina emaitzak orain ezagutarazi dituzte; Zaldibar Argituren ustez, «onartezina» da «29 hutsegite jasotzen dituen txosten teknikoa bost hilabetez ezkutuan» gorde izana: «Jaurlaritzak herritarrak informatu beharko lituzke, are gehiago inguruko bizilagunen osasuna eta segurtasuna arriskuan badaude».

Plataformak ez du ulertzen zergatik ez dituzten atzemandako arazoak konpondu, eta bereziki larria begitantzen zaio lixibiatuak «inongo kontrolik gabe» lurrera eta errekara isurtzeko arriskua, oinarrizko azpiegituretan mantentze lanak ez egitea eta sortzen diren gasak tratatzeko sistemarik ez edukitzea: «Ez dezagun ahaztu ingurumenaren eta herritarren osasuna eta ziurtasuna daudela jokoan».

Arduraz jokatzeko eskea

Plataformak «arduraz jokatzeko» eskatu dio Jaurlaritzari, eta «beharrezkoak diren neurri guztiak» har ditzala hutsegite horiek zuzentzeko. Halaber, herritarrei dei egin die martxoaren 15ean egingo duten elkarretaratzean parte har dezaten, 13:00etan Zaldibarko udaletxeko plazan.

Zaldibarren ez ezik, Ermuan ere kezka sortu dute txosten teknikoaren emaitzek. Aste honetan bertan, Ermuko Udalak gutuna igorri dio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiri, eta azalpenak eskatu dizkio zabortegiaren mantentze faltaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA