Zapalkuntzak oinarri dituen gizarte eredua amaitzera deitu du Itaiak

Antolakunde sozialistak agerraldi jendetsua egin du Bilbon. Indarkeria matxistaren kontrako borroka lehen lerroan jarri behar dela nabarmendu dute, eta bide horretan zer pauso emanen dituzten zehaztu.

Itaiak agerraldia egin du gaur Bilbon. ITAIA
Itaiak agerraldia egin du gaur Bilbon. ITAIA
Isabel Jaurena.
2025eko azaroaren 25a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Guk ez dugu indarkeria matxistaren kudeaketara mugatu nahi, guk indarkeria matxista amaitu nahi dugu». Mezu argia igorri du gaur Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, bortizkeria matxistaren kontrako egunaren karietara. Antolakundeak adierazi du hizpidera ekarri nahi dutela «matxismoa errotik amaitzeko alternatiba politikoaren eztabaida». Eta bide horretan zer pauso emanen dituzten zehaztu dute: erasoei «irmo eta eraginkor» erantzunen dien antolakuntza eredu bat sustatzea, erasoren bat jasan duten emakumeek aurrera egiteko kalitatezko baldintzak izatearen alde borrokatzea, eta «kultura matxistatik» etekina ateratzen duten industria eta enpresariei aurre egitea. Hau da, zapalkuntzak oinarri dituen gizarte eredua amaiaraztea dute helburu.  

Agerraldi jendetsua egin du antolakundeak gaur goizean Bilbon. Bertan esplikatu dutenez, estatu sozialista eraikitzearen aldeko hautua egiten du Itaiak, eta indarkeria matxistaren kontrako borroka norabide horretan garatzen dute. «Borroka horrek emakume gehiago antolakuntzara batzeko balio behar du, eta, era berean, emakumeon aurkako biolentziaren aurrean, gizarte mailako euste horma indartsu bat sortzeko bitarteko izan behar da», adierazi dute. Hala, gaur kaleak hartzeko deia egin dute, eta gaurko egunetik harago borrokan segituko dutela berretsi: «Matxismoaren aurkako borroka eta antolakuntza lehen lerroan mantentzeko hautua egiten dugu».

Antolakundeak esplikatu duenez, emaztekien kontrako bortizkeria «ez da iraganeko kontua», ezta «asmakizun ideologikoa» ere. «Indarkeria horrek gure bizitzak zeharkatzen ditu oraindik. Gizartean gero eta inpaktu txikiagoa badute ere, erasoak gure egunerokoaren parte dira», erran dute.

Halaber, ideologia faxisten gorakadaz ere mintzatu dira, eta gogoratu ikuspuntu horiekin bat egiten dutenei ez zaiela inporta emaztekien kontrako indarkeria: «Gure senarraren, nagusiaren, etxejabeen edo auzokideen erasoei ez ikusi egiten diete; eta diskurtso arrazistak eta klasistak zabaltzeko balio dietenak bakarrik salatzen dituzte». Hala, antolakundearen irudiko, «urgentziazkoa» da matxismoaren eta faxismoaren kontrako borroka lehentasunezko bihurtzea. 

Kritika instituzioei

Instituzioen inguruan ere kritiko mintzatu dira, eta politikarien «hitzontzikeriez eta itxurakeriez» nazkatuta daudela erran. «Promes faltsuak egin dizkigute, kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute, eta estatuko instituzioetan akomodatu dira. Horrela ezin zaio aurre egin emakumeon zapalkuntzari».

Egoera horren aitzinean «ezkerreko alderdiek eta feminismoaren barruko sektore batek» duten jarrera kritikatu dute, talde horiek eraldaketarako aukera «estatu kapitalistaren barruan» kokatzen dutela eta. «Eztabaida horien atzean, ordea, ez dago indarkeria matxista behin betiko amaitzeko proposamen politikorik, kapitalismoa ez baitute zalantzan jartzen, eta hark zapalkuntza bera betikotzen du», borobildu dute.

HIRIBURUETAKO MOBILIZAZIOAK

  • Baiona. Merkatu plazatik, 18:00etan. 
  • Iruñea. Errekoleten plazatik, 18:00etan.
  • Bilbo. Plaza Eliptikotik, 18:30ean.
  • Donostia. Bulebarretik, 18:30ean.
  • Gasteiz. Andre Maria Zuriaren plazatik, 18:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.