Oinarrizko behar fisiologiko bati erantzutea da jatea, bizi eta mugi dadin gorputzari energia ematea. Kozinatzea, ordea, ez da soilik jakiak prestatzea; kozinatzea da arbasoek —bereziki emakumeek— oinordetzan utzitako ezagutzari erreparatzea, mahai bueltan sare bat ereitea, honakoa eta harakoa elkartzea, hitz egitea. Ekintza horiek guztiak kabitzen dira sukalde batean, Zaporeak elkartearen arabera, eta horixe bera da Zaporeak proiektua: plateretik mundura begiratzea. Sukaldearen baitan, elkartasun talde handi bat eraiki du Zaporeak proiektuak, eta 11 urteren ondoren, aurten bukatuko da. Hilaren 22an banatuko dute azken otordua.
Donostian egindako prentsaurreko batean eman dute horren berri, gaur goizean. Kamisetak soinean, elkarteko hainbat sortzaile, kide eta boluntario batu dira. Zenbait hilabetez hausnarketa prozesu batean murgilduta egon direla kontatu dute, eta, penatuta, jakinarazi Europako Batasunaren migrazio politiken gogortzeak, boluntarioen kriminalizazioak eta urteetako akidurak bultzatu dituela erabakia hartzera.Â
Auzo proiektu gisa sortu zen Zaporeak, Donostiako Intxaurrondo auzoan, eta, azkenean, hamalau pertsonako talde eragile bat osatu zuten. Halere, proiektuak Grezian gauzatu du bere jardunaren zati handi bat: Chiosen lehenbizi, Atenasen eta Patrasen gero, eta Lesbosen, azkenik. 2016ko martxoan piztu zuten sua, eta kozinatzen aritu dira ordutik, nahiz eta hasierako asmoa «larrialdi egoera bati» erantzutea zen.
Denera, zortzi milioi otordutik gora banatu dituzte, eta bi mila boluntariok baino gehiagok igaro dituzte zenbait aste Grezian, errefuxiatuentzako otordu beroak prestatzen. Askotariko jendea: «Sukaldari profesionalak, saltseroak, sukalde bat inoiz zapaldu gabekoak, gazteak, zaharrak, helduak, errefuxiatuak». Nabarmendu dute pertsona horiek guztiek «mundu justuago baten alde» kozinatu zutela, eta nork bere alea emanez, haiek elikatu dutela Zaporeak proiektuaren «eskua eta arima».Â
Grezian ez ezik, ordea, beste eremu batzuetan ere utzi dute aztarna. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Euskal Herrian ere lan nekeza egin dute, kanpora bidaiatu gabe oinarrizko material eta elikagaiak tonaka bilduz. «11 urteotan, guztira hogeita hamar edukiontzi baino gehiago bidaltzea lortu da, horietako gehienak Siriara», nabarmendu dute. Egindako lan eskergagatik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Rene Cassin saria irabazi zuten 2016an.Â
Gero eta oztopo gehiago
Ehunka lagun uretaratzen dira egunero-egunero bizimodu hobe baten bila. Beste batzuek hegazkinez egiten dute aurreneko ibilbidea, edo oinez, helmugara iritsi arte. Lesbosera pateran ailegatzen dira migrante gehienak, itsas zabalean zenbait egun igarota, baldintza makurretan. Salatu dute EBk ateak itxi nahi dituela, mugetako kontrola areagotu duela, eta errefuxiatuak kartzelaren gisako zelaietan pilatu dituela.
Migrazio politikek eragina izan dute errefuxiatuen fluxuan, Zaporeak proiektuko kideek azaldu baitute migranteen joan-etorria «izugarria» dela, eta etengabeko aldaketei egin behar dietela aurre; haien arabera, baliteke egun batean 30 pertsona egotea eta hurrengoan zortziehun. «Kopuru aldaketa horiek asko zailtzen dute gure lana, batez ere logistikoki eta ekonomikoki». Datuen dantza ez ezik, beste zailtasun bat ere badute: «Azken boladan hainbat egunez debekatu digute zelaian sartu eta otorduak banatzea».
Trabak pilatu eta zailtasunak areagotu ahala, nekea gailendu da proiektuko kideen artean, eta duela 11 urte piztutako sua pixkanaka-pixkanaka itzali. Azken txinparta abenduaren 31n itzaliko da, orduan bukatuko baita, behin betiko, Zaporeak-en ibilbidea. Asebeteta itxiko dute sukaldeko atea, halere: «Lagunarteko proiektu bat zena, auzo batean sortua, herri proiektu bihurtu da. Bide orok izaten du bere helmuga, eta, gurea hemen amaituko da, aurten bukatuko da».Â