Zarrakazteluko (Nafarroa) garrak menderatzea lortu dute Nafarroako suhiltzaileek, lau egunen ondoren. «Buru-belarri jardun dugu lanean gauean, eta, oraindik ere sua badagoen arren eta lanean jardun arren, kontrolpean dugu», esan du Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, gaur goizean kazetarien aurrean egindako agerraldian. Larrialdiak kudeatzeko batzordearen bilera bukatutakoan egin ditu adierazpenak.
Ikusi gehiago
Batzarrean, erabaki dute larrialdi maila apaltzea, bigarren mailatik lehenengora. Aurrerantzean, Nafarroako baliabideek baizik ez dute lan egingo, eta lurretik bakarrik. Era berean, neurri murriztaileen foru araua ere malgutu egingo dute, eta uzta biltzea eta paketatzea onartuta egongo da bihar 20:00ak arte, baita tokirik idorrenetan ere. «Aemetek ematen digun informazioa, tenperaturaren bilakaera, haizearen egoera eta abar ikusita, egokitzat jo dugu gaur eta bihar irekiko den leiho honetan foru agindua aldatzea», azaldu du Jose Maria Aierdik, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, hedabideen aurrean.
Aierdik nabarmendu du maiatzean ezarritako neurri murriztaileek uzta bilketa eta paketatzea baino jarduera gehiago mugatzen dituztela, eta gainerakoek bere hartan dirautela. Ondorioz, nekazariek jakinarazi egin beharko dituzte lanen hasiera eta bukaera orduak. «Jarduera guztien berri izan nahi dugu, noski, erabakirik hartu behar baldin badugu ahalik eta azkarren egin ahal izateko». Sute gehiagorik ez izateko desioa agertu du Aierdik, eta argi utzi du eguraldiak hobera egingo ez balu ez luketela halako erabakirik hartuko. «Sutea pizteko arriskua oso handia da oraindik ere, muturrekoa. Ditugun baliabideak oso estu dabiltza, eta beste suteren bat piztuko balitz, oso kaltegarria litzateke», ohartarazi du. Lopezek arduraz eta tentu handiz jokatzeko eskatu die herritarrei.
Nekazariak eta gobernua, mokoka
Gaur goizean, UAGN Nafarroakoa Nekazari eta Abeltzainen Batasuna sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio, ohar bidez, bertan behera utz dezala uzta jasotzeko eta paketatzeko debekua. Sindikatuaren ustez, erabakia «ez da bidezkoa», eta «neurrigabea» da. «Kolokan jartzen ari dira nekazaritza enpresen bideragarritasuna, eta onartezina da hori. Gure esku dauden neurri guztiak hartuko ditugu zentzurik gabeko erabaki hori baliogabetzeko».
Felix Bariain UAGN sindikatuko lehendakariaren ustez, Nafarroako Gobernuak «berandu» malgutu ditu nekazariei ezarritako murrizketak: «Lan egiteko eskubidea dugu. Ez da posible lan egiteko aukera ukatzea atzo arratsaldean Nafarroako Gobernua ez zelako batzartu. Ez dugu onartuko».
Adierazpenon inguruan galdetu diote kazetariek Lopezi, eta beste galdera batekin erantzun du: «UAGNri axola al zaizkio baso suteak? Uste dut herritarrak kezkatuta dauzkatela». Esan du badakiela nekazarien beharren berri, eta harreman zuzena dutela. «Aierdik eta biok bilera luze bat izan genuen haiekin. Entzun genien, eta oharrak ere hartu genituen. Baina ez dezagun ahaztu muturreko arriskuan gaudela».
UAGNren proposamena da alerten araberako sistema berreskuratzea, «debeku orokorraren» kontra. Nekazariek argudiatu dute alerten sistema «barneratuta» daukatela, eta badakitela egoeraren arabera zer egin dezaketen eta zer ez. «Sektoreak malgutasuna behar du, eta tokian tokiko egoeraren araberako irizpide teknikoak». Bestela, kalte ekonomikoak «ordainezinak» izango direla jakinarazi dute.
«Sutea pizteko arriskua oso handia da oraindik ere, muturrekoa. Ditugun baliabideak oso estu dabiltza, eta beste suteren bat piztuko balitz, oso kaltegarria litzateke»
JOSE MARIA AIERDI Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria
Lopez ez dator bat: «Malguak gara, enpatikoak. Baina erabaki irmoak hartu behar direnean, irmotasunez hartzen ditugu. Datu ofizial, egiaztatu, zehatz eta eguneratuekin ari gara lanean. Egoerari aurrea hartzeko modua ematen digu horrek».
Larunbat iluntzean piztu zen sua Zarrakaztelun, Larrate eta Figarolerako errepidearen arteko pinudian. Lau egunean 220 hektarea erre dira, eta tartean telefonia antena bat kiskali da.