Zauriak itxi gabe daude

Memoria Plaza egitasmoaren ondorioak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak. «Memoria ezberdinak elkartzeko» espazioak sortzearen konpromisoa hartu du

Juan Luis Arriaga (Gaia Ikerketa eta Aholkularitza), Aintzane Ezenarro (Gogora institutua) eta Luis Petrikorena (Gobernu Irekia), atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Jone Amonarriz.
2016ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Euskal herritarrei memoria nola bizi duten galdetu die Eusko Jaurlaritzak. Memoria Plaza egitasmoaren harira eginiko eztabaida taldeei buruzko ondorioak aurkeztu zituen atzo, Bilbon. Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, Gobernu Irekia-ko zuzendari Luis Petrikorena eta tailer horiek dinamizatzeko ardura hartu duen Gaia enpresako ordezkari Juan Luis Arriaga izan ziren bertan. 36ko gerrari, Francoren diktadurari, ETAri eta «kontraterrorismoari» lotutako zauriak «itxi gabe» daudela eta ez dela «memoria bat eta bakarra» existitzen ondorioztatu du, besteak beste, Jaurlaritzak.

Hori horrela, «atzera begiratzearen» eta «memoria ezberdinak bateratzearen» aldeko apustua egingo duela iragarri du. «Dialogoan eta enpatian» oinarritutako «gizarte hobe bat» sortzea duela helburu adierazi du gobernuak. «Hainbeste hamarkadatan izaniko gertaera traumatikoez hitz egiteko eta entzuteko beharra» agerian geratu dela nabarmendu du Ezenarrok. «Orria isiltasunez pasatzeak ez ditu zauriak sendatuko», gehitu du. Izan ere, euskal herritarren «zauriak ez dira itxi» oraindik.

Joan den ekainean hasita, herritarren memoriari buruzko testigantzak jasotzen aritu da Jaurlaritza Memoria Plaza proiektuan; 148 grabatuta eta 44 idatziz. Egitasmo beraren bueltan, eztabaida taldeak eratu dituzte, eta herritarren arteko elkarrizketetatik ateratako ondorioak dira, hain zuzen, aurkeztu dituenak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 72 herritarrek hartu dute parte eztabaida taldeetan —18-75 urte artekoak—. Probintzia bakoitzean hiruna tailer egin dituzte, lau gai ardatz hartuta: 36ko gerra, diktadura, ETA eta estatu indarkeria. Azken atalak muturreko eskuinaren indarkeriak urratutako giza eskubideei egiten diela erreferentzia argitu dute, Batallon Vasco Españolarena, GALena eta Poliziarena.

Elkarrizketa horietatik ateratako lau ondorio nagusi nabarmendu dituzte. Batetik, memoria «pertsonala» dela; hots, gertakariei eta bizipenei lotutakoak dira parte hartzaile bakoitzaren oroitzapenak. Bestetik, badirela diskurtso eta sentimendu «egituratzaile» batzuk, gizartearen gehiengoak partekatzen dituenak. Ohartu dira ere lau gertakari horiek elkarri lotuta daudela: «Batera bizi eta txertatzen dira norbanakoen eta gizartearen memorian». Eta, azkenik, 36ko gerrak, diktadurak, ETAk eta estatu indarkeriak eragindako zauri bat bera ere ez dago itxita; «Oinazeak bere horretan jarraitzen du, konpondu gabe», diote txostenean. Hori islatzen duten hitz batzuk behin eta berriz errepikatzen dira testuan: indarkeria, okultismoa, mina, justizia, egia, isiltasuna...

Memoria «poliedrikoa eta alde ugarikoa» dela, eta, «berau taxutzeko jende anitzen parte hartzeari» bide ematea instituzioen eginkizuna dela aitortu dute. Ezenarroren ustez, ezinbestekoa da «bizikidetza demokratikoagoa eraikitzeko atzerako begirada kritikoa». Eztabaida taldeetan parte hartu duten herritarrek ere argi dute iraganaren ikuspuntutik abiatuta eraiki beharko dela etorkizuna: «Oso inportantea da atzera begiratzea eta zer gertatu den ikustea». Oro har, pertsona horiek etorkizunari ilusioz begiratzen diotela adierazi dute egitasmoko ordezkariek.

Memoriaren Euskal Institutuko zuzendariaren arabera, testigantza horiekin guztiekin, biktimenak barne, erakusketa ibiltari bat osatuko dute; Bilbon egingo dute aurki, eta hainbat euskal udalerritan egongo da ikusgai.

Memoria Plaza proiektuaren inguruko informazio gehiago: www.memoriaplaza.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.