G7-KOEN AURKAKO KONTRAGAILURRA

"Zazpi estatuburuen politiken aurrean, mugimendu sozialen indarra erakutsiko dugu"

G7koen goi bileraren aurkako kontragailurrari buruzko azken oharrak eman ditu G7 EZ plataformak: "Kontragailur irekia, askotarikoa eta aldarrikatzailea antolatu dugu, lurraldean errotua. Jadanik arrakastatsua dena".

Ficoban egin dute azken xehetasunei buruzko agerraldia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 19a
17:10
Entzun

Datorren ostiraletik astelehenera, Miarritzen (Lapurdi) batzartuko dira Alemania, Kanada, Amerikako Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batuko agintari politikoak, eta G7koen goi bilerari aurre egiteko, kontragailurra antolatu du G7 EZ plataformak asteazkenetik aurrera.

Gaur, agerraldi batean eman dituzte kontragailurrari buruzko azken ohar eta balorazioak. Eñaut Aramendi bozeramaileak nabarmendu du "kontrajarritako bi munduren lekuko" izango direla herritarrak: "Alde batetik, Miarritzen elkartuko dira munduko herrialde boteretsuenetako estatuburuak. Bertako herritarrengandik erabat bunkerizatu eta isolatutako hiri batean ospatuko dute G7ko gailurra, neurrigabeko okupazio polizial eta militarra ezarrita". Plataformaren iritziz, G7koak "aberatsenen eta multinazionalen zerbitzura eraikitako politikak eztabaidatzeko helburuz" bilduko dira, "modu horretan hain larriak diren ezberdintasun sozialak sakonduz eta gure planetak pairatzen duen hondamendi ekologikoa areagotuz".

Horri aurre egiteko prestatu dute kontragailurra, "tokiko alternatiben aberastasuna erdigunean" jartzeko, eta Aramendik iragarri du "arrakastatsua" izango dela: "Arrakastatsua diogu, Frantziako Estatuak jarritako oztopo guztien gainetik antolatzea lortu dugulako. Besteak beste, Baionan egiteko debekua ezarri eta espazio publikoen erabilera ukatu zaigulako". Ficoban egin dute agerraldia, Lapurdi eta Gipuzkoa elkartzen dituen zubitik metro gutxira, eta zubi horretan Poliziaren kontrolak jarri dituzte goizetik.

Hainbat mahai inguru eta hitzaldi antolatu dituzte datozen egunetarako, eta horietan izango dira Euskal Herriko eta nazioarteko eragile ugari. Kontragailurra antolatzeko prozesuari ere balioa eman diote, "oso aberasgarria" izan delako: "Asteazkenetik aitzina zazpi estatu buruen politiken aurrean, mugimendu sozialen indar eta ahalmena erakutsiko dugu".

Bestalde, kontragailurrean Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) elkartuko direnen "aniztasuna" azpimarratu dute antolatzaileek: "Beste mundu bat posible da, eta mundu berri hori txikitik, gure etxetik, Euskal Herritik ere hasten da". Bestalde, herritarrei dei egin diete kontragailurra laguntzera, laguntzaile moduan arituz edo ekarpen ekonomikoak eginez.

Informazio teknikoa

Balorazio politikoaz harago, xehetasun teknikoak ere eman dituzte. Kanpalekuari dagokionez, azaldu dute "milaka pertsonaren oinarrizko beharrak" ziurtatuko dituztela —komunak, dutxak eta jatekoak— eta osasun zerbitzuak ere egongo dela eskura. Gune horren inguruan aparkaleku ugari egongo dira.

Kanpalekutik Ficobara egunero nabetta sistema bat ezarriko dute, 08:30etik 10:30era eta 19:00etatik 21:00etara. Hortaz, jendeari dei egin diote autobusez, oinez edo bizikletaz mugitzera. Kontragailurrera joateko, berriz, dei egin dute Hego Euskal Herritik Euskotren bidez joatera; Ficoba izango du azken geldialdia. Iparraldetik ere trenez mugitzeko eskatu dute, Baionako tren geltokia zabalik izango delako.

Datozen egunetarako ehun konferentzia baino gehiago prestatu dituzte, eta jada ziurtatua dute itzulpen zerbitzua. Bi egunetarako, 40 itzultzaile baino gehiago lortu dituzte.

Hendaia eta Ficoba artean, lau gune atondu dituzte, 09:00etatik 20:00etara zabalik egongo direnak: 1. Varietes zinema, 2. Gazteen gunea, 3. Kaneta gunea eta Ficoba. Azken horretan egingo dituzte konferentzia gehienak, eta 50 eragilek beren postuak ezarriko dituzte. Jateko toki aterpetu bat ere prestatu dute, eta hantxe egongo da prentsaurrekoak emateko gunea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.