Bost urte bete ditu Naziometroak, hau da, Euskal Herriaren burujabetza helburutzat hartuta aukerei eta erronkei tenperatura hartzen dien tresna estatistikoak, eta, horren karietara, jardunaldiak antolatu dituzte Bilbon Telesforo Monzon eLab-ek eta Parte Hartuz ikerketa taldeak, Euskal jendartearen garapena azken bost urteetan izenburupean. Hainbat gai jorratu dituzte jardunaldietan, eta, horien artean, Naziometroaren azterketa guztietan agertu ohi den kezka bati heldu diote: nola sustatu euskal lurraldeen arteko kohesioa. Parte Hartuz taldeko Julen Zabalok gidatuta, hizlariek zenbait zertzelada eman dituzte gai horren inguruan, eta bat etorri dira honetan: lurraldeen arteko kohesioaren bidea zailtasunez eta oztopoz beteta dago, baina, bide hori urratuko bada, baitezpadakoa da elkar ezagutzea, egitasmo bateratuak abian jartzea eta konfiantza sortzea.
Auziari buruzko diagnostikoa eskatu du Zabalok, eta, horri erantzunez, Asier Blas EHUko Politika eta Administrazio Zientzien saileko irakasle eta Parte Hartuz taldeko kideak esan du egoera «zaila» dela. Adierazi duenez, banaketa administratiboa «kontsolidatu» egin da azken hamarkadetan, eta horri teknologia berriek ekarritako zailtasunak gehitu behar zaizkio: «Ziberespazioan kohesioa oso apala da. Lehen behintzat gertutasun fiskoaren abantaila genuen: banaketak banaketa, euskal lurraldeak elkarren ondoan daude. Baina ziberespazioan ez dago horrelakorik».
«Ziberespazioan kohesioa oso apala da; lehen behintzat gertutasun fiskoaren abantaila genuen, baina ziberespazioan ez dago horrelakorik»
ASIER BLAS Parte Hartuz taldeko kidea
Ziberespazioan garatzen diren harremanetan berebiziko garrantzia du hizkuntzak, eta joera ez da aldekoa hor ere: Hego Euskal Herrian gehienak gaztelaniaz dira, Ipar Euskal Herrian frantsesez, eta hala batzuk nola besteak barne bildu zitzakeen hizkuntza komuna, euskara, oso bakan erabiltzen da alor horretan. Mendebalde osoan goraka datorren olatu erreakzionarioak badu isla ziberespazioan ere, eta, paradoxikoki, horretan badago kohesioa, olatu horrek berdin zipriztintzen baititu Ipar Euskal Herriko gizon gazteak eta Hego Euskal Herrikoak.
Peio Martikorena fundazioko kide Isabel Elizaldek aje batez ohartarazi du: pentsatzea norbera bizi den txokoak ematen duela Euskal Herri osoaren neurria, eta norberak bizi duen errealitatea Euskal Herri osoarena dela. «Inportantea da lurralde bakoitzaren ezaugarrien berri izatea. Elkar ongi ezagutzea da aldez aurretiko urratsa, eta ikastera eta entzutera joatea, aurreiritzirik gabe».
Ikuspegi funtzionala
Eusko Ikaskuntzako Beatriz Akizuk ere ez du ukatu oztopoak ugariak direla, baina nahiago izan du oztopo horiek «aukera gisa» aurkeztu. Haren iritziz, badaude kohesioaren aldeko zenbait joera; adibidez, Europako Batasunak baditu mugaz gaindiko zenbait programa, eta haren egitasmoetako bat da lurraldeen arteko kohesioa sustatzea «ikuspegi funtzional» batetik. Hori da, haren irudiko, gako nagusietako bat: funtzionaltasuna. «Herritarren premietatik abiatu behar dugu, eta ikuspegi funtzional eta pragmatiko batetik tresnak sortu arazo konplexu horiei erantzuteko».
«Herritarren premietatik abiatu behar dugu, eta ikuspegi funtzional eta pragmatiko batetik tresnak sortu»
BEATRIZ AKIZU Eusko Ikaskuntzako kidea
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko zuzendari Ximun Karrerek ere praktikotasuna hobetsi du, baina, ezer baino lehen, oztopo handi batez ohartarazi: «Ipar Euskal Herriko erakundeek eskumen urriak dituzte zenbait politika garatu ahal izateko; hezkuntza arloa, adibidez, Parisek zuzentzen du erabat». Hala ere, uste du herritarrek badutela «gosea», eta haien artean badagoela ideia bat, nahikoa hedatua: haien arazoak hobeki konpontzen direla gertuagoko egituretatik. Horrek eta euskal nortasunaren inguruan sumatzen duen «kuriositateak eta miresmenak» gainerako lurraldeekin harremanak trinkotzearen alde egiten dute, haren iritziz.
«Elkar ongi ezagutzea da aldez aurretiko urratsa, eta ikastera eta entzutera joatea, aurreiritzirik gabe»
ISABEL ELIZALDE Peio Martikorena fundazioko kidea
Kohesioa sustatzeaz den bezainbatean, hiru esparru nabarmendu ditu: administrazioen arteko harremanak, eragileen artekoak, «adibidez, diru laguntzei esker sustatutako proiektu jakinen bidez garatutakoak», eta berak «harreman naturalak» deitu dituenak: familia loturak, harreman pertsonalak eta abar.
Egoeraren inguruko printza batzuk emanda, aurrera begira landu beharreko arloez galdetu die Zabalok hizlariei. Karrerek «harreman naturalez» esandakoari tiraka, Erasmus programaren modukoak proposatu ditu Blasek, ikasleen esperientziak trukatzeko. Garraio azpiegiturak hobetzea ere proposatu du: «Zerbait aurreratu dugu, baina, oraindik ere, ez da batere erraza Hegoaldetik Iparraldera garraio publikoan joatea». Eta iradoki du, «irtenbide ideala ez bada ere», agian baliabide eta eskumen gehieneko erakundeek Euskal Herri osoari begirako zenbait politika garatu beharko lituzketela.
«Ipar Euskal Herriko erakundeek eskumen urriak dituzte zenbait politika garatu ahal izateko»
XIMUN KARRERE Garapen Kontseiluko zuzendaria
«Konfiantza» sortzea, zenbaiten beldurrak uxatzea, eta lurraldeen arteko harremanak «herritarren beharrei erantzungo dieten proiektu jakinen bidez» sendotzea: horra hor Elizalderen proposamena. Bat etorri da Akizu: «Gure erronka nagusia da oztopoak aukera bilakatzeko mekanismoak asmatzea». Horrekin guztiarekin ados agertu da Karrere, eta «elkar ezagutzea erraztuko luketen hedabideen» faltan sumatzen duela gaineratu. Hizkuntzaren auziari ere heldu dio: haren iritziz, komenigarria litzateke Euskal Herriko biztanle guztiek euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez jakitea, eta deitoratu du frantsesa Hego Euskal Herriko hezkuntza sistematik desagertu izana.