Zazpi geltoki eta zazpi aldarri

Gasteizko kaleak hartu ditu Mugimendu Feministak goizean goizetik, eta zaintzaren aldeko ibilbidea hasi du eguerdian, 'Deriba' izenekoa. Ongi pentsatutako zazpi geltoki izan ditu, zaintza eskubide kolektiboaren alde zazpi aldarrikapen egiteko.

(ID_13391591) (Raul Bogajo/@FOKU) 2023-11-30, Gasteiz. A30 greba feminista,Adurtza auzoko Lanbidean elkarretaratzea   30-11-2023, V...
Gasteizko Mugimendu Feministak eguerdian egindako 'Deriba'. RAUL BOGAJO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2023ko azaroaren 30a
18:55
Entzun

Euria goian behean; gogor, gainera. Goizeko piketeak eta Gasteizko auzoetan egindako kazola jotzeak izan dira beroketa. Eta, gero, goizean taldeka antolatu diren ehunka lagunek bloke bakarrean batu dituzte indarrak, Mugimendu Feministak antolatutako Deriba-n. Ibilbidearen lehenengo geltokira iritsi dira grebalariak,12:45ean: Adurtza auzoko Lanbide.

Etxeko Langileen Elkarteko kideek hartu dute hitza, formakuntza jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko. Lanbideren eskaintza «eskasa eta lan orduekin bateraezina» dela adierazi dute. Hitzaldia amaitzean, martxan jarri da Deriba atzera, pentsiodunak eta etxeko langileak buruan, eta euritakoak eskuan.

Espainiako Gizarte Segurantzaren eraikinerako bidea hartu dute grebalariek, eta euritakoz bete dute Zumakadi kalearen zati handi bat. Deriba hain izan da luzea, non hasieratik ezin izan baita amaiera ikusi. Gehien errepikatu diren leloak, «Greba orokor feminista!» eta «Zaintza publikoa denontzat!»; baina oihuek ez dute asko iraun, eta isiluneak tartekatu dira. Bat-batean, neska baten ahotsa gailendu da beste guztienen gainetik: «Gora borroka feminista!». Gogoz jarraitu diote ondokoek, eta laster, aho batez oihukatu dute leloa. Batzuetan nahikoa da baten ahotsa gainerakoen lotsa ezabatzeko.

Euriak ez zuen atsedenik ematen, baina heldu dira Deriba-ren bigarren geltokira. Gizarte Segurantzaren aurrean dagoen jarleku baten gainera igo, eta bertso bat botatzen hasi dira bi emakume pentsiodun. Dato kalea lehertzear dago, baina inor begira ez balitz bezala ari dira: «Pentsio duinak/ zaintza lan duinak/ etxeko ardurak ta zaintza/ zerbitzu publiko egokiak/ hobetuz denon bizitzak!». Txalo zaparrada batekin amaitu dute bertsoa, eta, jarraian, bertaratu direnak hunkitu dituzte 1.080 euroko pentsioak aldarrikatzeko hitzaldiarekin, ukabila airean.

Gasteizko gizarte larrialdietarako zerbitzura abiatu dira handik, eta manifestariak animatzen hasi dira. Isiluneak, geroz eta laburragoak. Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak egunero 150 lagun baino gehiago kalean edo leku desegokietan lo egitera behartzen dituztela salatu dute bertan.

Zahar etxeetako langileak

Foru aldundira jo dute gero, eta erresidentzietako langileek grabatutako aldarriak entzun dira Mugimendu Feministaren bozgorailuetatik. Erresidentzietako langileek, ordea, zinta more batzuez estalita eduki dituzte ahoak. «3, 2, 1», zenbatu, zintak kendu, eta aho batez oihukatu dute guztiek. Ez dute hitzik esan, baina garbi geratu da mezua.

Jarraian, udaletxera abiatu da Deriba, eta, han, euskaraz, arabieraz eta gazteleraz errolda eskubidea aldarrikatu, eta zerbitzu publiko, duin eta kalitatezkoa exijitu dute.

Udaletxetik Santiago ospitalera joan dira, eta han kritika umorez jantzi dute antzezlan txiki baten bidez. Madrilgo San Ildefonso ikastetxeko umeen antzera, «zainketen zozketa autonomikoaren» sariak iragarri dituzte. Sari nagusia: 2024ko urtarrilaren 5erako aurrez aurreko zita.

Antzezlana amaitzean, Santa Barbara plazaren aterpean babestu dira grebalariak euritik. Giro ederrean heldu dira aterpera, eta Mugimendu Feministak ezin izan du Deriba-ren laburpen hoberik egin: «Goitik behera eta behetik gora bustita gaude, baina hemen gaude». Hantxe, blai eginda, baina badaude. Euriak ezin izan ditu gelditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.