Indarkeria matxistako kasu bat epaitzean, jakina da askotan biktima juzgatzen dela. «Zer zenuen jantzita?» eta horrelako galderak ezagun egin ziren sanferminetako talde bortxaketaren kasuan, baina behin eta berriz errepikatzen da eredu hori. Horrek izen bat du: indarkeria sexista instituzionala, eta ez da epaileen esparruan soilik gertatzen. Egoera ikusarazteko sortu zen 2024an OVIM Indarkeria Sexista Instituzionalaren Espainiako Behatokia. Julia Vega Soria (Bartzelona, 1967) politika publikoetan aditua behatokiko kide da. Atera duten azken txostenean arreta berezia eman diete haur eta nerabeei: «Zenbaitetan, seme-alaben zaintza aitaren esku uzten dute, haien aurka sexu eraso jarraituak egin baditu ere», azaldu du Vegak.
Zer da indarkeria sexista instituzionala?
Erakunde publikoek indarkeria matxistarik gabeko bizitza bat defendatzeko eginbidea dute. Indarkeria hori jasan duen emakume edo haur bati babesa eta indarberritzeko baliabideak eskaini behar zaizkio, baina askotan erakundea bera da indarkeria sexista bultzatzen duena. Hori da, hain zuzen ere, indarkeria sexista instituzionala. Adibiderik argienetako bat izan ohi da babes aginduak ukatzea; Nafarroan eskatzen diren babes aginduen herenak atzera botatzen dituzte.
Nola sortu zen Indarkeria Sexista Instituzionalaren Behatokia?
Duela lau urte Helia elkarte feministak antolatutako Vecinas por vecinas (Bizilagunak bizilagunen alde) izeneko proiektu batean dago jatorria. Indarkeria matxistaren biktimak erakunde publikoetara laguntzen zituzten: epaitegietara, medikuarengana, gizarte zerbitzuetara… Bisita horietan, bertatik bertara ikusi zituzten erakundeen jarrera matxistak. Egoera ikusita, zerbait egite aldera, hainbat elkarte feministekin harremanetan jarri ziren, eta Indarkeria Sexista Instituzionalaren Espainiako Behatokia sortu zen 2024an. Espainia mailan egiten dugu lan, indarkeria sexista dokumentatuz eta deskribatuz, behatokitik gaitzen dugun salaketa kanaleko datuen bitartez. Hala ere, helburu nagusia eragin politikoa izatea da, administrazio publikoak indarkeria sexista instituzionala monitorizatzeko eta behatzeko.
Zer jarrera dauka administrazio publikoak gaiaren inguruan?
Administrazioak ez du indarkeria sexista instituzionala egiturazko arazotzat hartzen: harentzat, kasu bakanak dira. Erakunde publikoetako egiturak patriarkalak dira, gizartea bezala, eta emakumeen eskubideak urratuz jarduten dute, modu sistematikoan. Horregatik da hain garrantzitsua behatokiaren lana, ikusezina den zerbait argitara ateratzen dugulako.
«Erakunde publikoetako egiturak patriarkalak dira, gizartea bezala, eta emakumeen eskubideak urratuz jarduten dute, modu sistematikoan»
Julia Vegas OVIMeko kidea
Apirilean Indarkeria Sexista Instituzionalaren Behatokiaren bigarren txostena argitaratu zen. Zer nabarmenduko zenuke?
Bigarren txostenean bereziki haur eta nerabeen kasuak aztertu ditugu, eta hainbat eredu aurkitu. Hasteko, atzeratu eta oztopatu egiten dira babes aginduak, eta, askotan, horien aplikazioa ez da seme-alabenganaino iristen. Hau da, bereizi egiten da seme-alabek eta amek jasaten duten indarkeria. Bestetik, ez da kontuan hartzen haurren iritzia aitarekin harremana izan nahi duten edo ez erabakitzerakoan; gehienetan, ez zaie entzun ere egiten. Hori horrela, haurrak aitarekin egotean jasan ditzakeen arriskuak ikusezin bihurtzen dira. Zenbaitetan, zaintza aitaren esku utzi izan dute epaileek, seme-alaben aurka sexu erasoak egin baditu ere.
Aipatu duzu ez zaiola jaramonik egiten haurrek diotenari. Zergatik?
Guraso alienazioaren ideiagatik. Pentsaera horren arabera, emakumeak ez dira ama edo emazte onak, eta seme-alabak manipulatzen dituzte; beti dira susmagarriak. Erakundeak berak horrela pentsatzen du, eta askotan ez ditu haurren testigantzak entzuten amak manipulatuak izan direla uste dutelako. Haurren interesen kontrako erabakiak salbuespenez bakarrik hartu beharko lirateke, adingabearen ongizatea dela medio. Salbuespena izan beharko litzatekeen arren, epaileen edo gizarte zerbitzuen etengabeko jarduera bihurtzen ari da.
Nolakoa da erakunde publikoek haurrak babesteko duten sistema?
Sistemak egiturazko arazoak ditu: anai-arreben banaketak, arreta psikologiko eskasa… Ume bat sisteman sartzean, berekin dakar traumaz beteriko motxila bat, eta horri ez zaio heltzen; izandako bizipenen azterketa bat egin beharrean, arau oso zorrotzak jartzen dizkiete.
Nolakoak dira bizipen horiek?
Neska batek kontatu zigun hamar urtez jasan zituela aitaren abusuak. Duela gutxi hitz egin zuen lehen aldiz gaiari buruz, psikologo bati ordaintzeko dirua lortu zuenean, hain zuzen ere.
Aztertutakoaren arabera, indarkeria sexista instituzionala zein erakunde publikotan azaleratzen da gehien?
Epailetzan; iritsi zaizkigun salaketen %60k hori seinalatzen dute. Polizia dago bigarren postuan, eta horren atzetik, ofiziozko abokatutza. Osasun arloan, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan ere badaude kasuak.
Ofiziozko abokatutzako indarkeria sexista ez da oso ezaguna.
Ez, eta indarkeria handia egoten da. Espainiako Estatua da Europa osoan ofiziozko lanak okerren ordaintzen dituen herrialdea. Izugarrizko utzikeria dago. Lanak ahalik eta gehien sinplifikatze aldera, froga batzuk ez dira kontuan hartu ere egiten. Hori gertatzen da batzuetan indarkeria amak jasateaz gain seme-alabek ere jasaten dutela adierazten duten frogekin.

Astelehen Lilak, OVIM-en eskakizunen alde
Astelehen Lilak elkarte feminista eta OVIM elkarlanean dabiltza Nafarroan indarkeria sexista instituzionalari aurre egiteko. Aliantza horren fruitu da irailaren 11n Nafarroako Parlamentuan eginiko agerraldia. Han, indarkeria instituzionalaren inguruan egiten den lanketa zorrozteko beharra azpimarratu zuten Astelehen Lilak elkartekoek. Tere Saez bozeramaileak (Huesca, Espainia,1957) azaldu du parlamentari batzuek ez ikusiarena egin ziotela arazoari: «Nafarroan horrelakorik gertatzen ez dela zioten parlamentari batzuek». Gehitu du «gaiaren inguruko ezagutza falta handia» dagoela, «bai politikarien aldetik, eta bai erakunde publikoetan lan egiten dutenen aldetik».

