Zentral eolikoak, herritarren babesaren galbahetik

Amasa-Villabonako Udalak adierazi du herri galdeketa bat antolatu nahi duela Arabako enpresa batek Amasamendin egin nahi duen hamar megawatteko zentralaren inguruan.

Amasamendi inguruan jarri nahi ditu Premier ESPF Ipar Haizea enpresak bi aerosorgailu.
Amasamendi inguruan jarri nahi ditu Premier ESPF Ipar Haizea enpresak bi aerosorgailu.
inaki petxarroman
2025eko irailaren 26a
14:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Premier ESPF Ipar Haizea enpresak adierazi du bost megawatteko bi aerosorgailu (hamar megawatt guztira) jarri nahi dituela Amasamendiko mendietan, eta horrek interesa eta kezka sortu ditu Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) eta Tolosaldean oro har. Enpresak udalean proiektua oraindik aurkeztu ez badu ere, udala batzar batzuk egiten ari da egunotan, orain arte eskuratu duen «informazio guztia» herritarrei helarazteko.

Atzo —irailaren 25ean— egin zuten bigarren batzarra, eta gaur egingo dute hirugarrena. Aurreko astean Amasan egin zuten lehen batzarra. Beatriz Unzue alkateak eta Ander Goikoetxea zinegotzi eta legebiltzarkideak eman zituzten azalpenak atzo Gurea zinera hurbildu ziren 30 bat lagunen aurrean. Argi utzi zituzten bi kontu: batetik, proiektua ez dela udalarena; bestetik, enpresa sustatzailearekin negoziatzen saiatuko dela udala, Amasa-Villabonako herritarrek ahalik eta onura gehien atera ditzaten bertatik. Besteak beste, herritarren kontsumoa lehenetsi dezala eskatuko diote enpresari, eta ahaleginak egingo dituzte proiektuaren jabetzaren zati bat publikoa izan dadin.

Hain zuzen ere, arbuio handia sortu du zentral eolikoaren egitasmoak herrian. Udan Amasamendi Bizirik plataformak 1.500 sinadura inguru aurkeztu zituen udalean, proiektua bertan behera uztea eskatzeko. Hain zuzen ere, Beatriz Unzue alkateak aitortu zuen horrek azkartu egin dituela orain herritarrekin egiten ari diren batzar informatiboak. Izan ere, haren esanetan, udalaren asmoa batzarrak egitea bazen ere, proiektua esku artean eduki nahi zuen horretarako, herritarrei xehetasun guztien berri emateko. Enpresak oraingoz ez du proiektua aurkeztu, eta, atzoko batzarrean udal ordezkariek jakinarazi zutenez, urrian zehar aurkeztuko duela espero dute. «Proiektua aurkezten dutenean, berriz egingo ditugu batzar informatiboak. Gure asmoa da gardentasun osoz jokatzea, eta herritarren esku uztea informazio guztia», esan zuen Unzuek.

Izan ere, udalak herri galdeketa bat egin nahiko luke proiektua aurrera aterako balitz. Oraingoz, enpresak Iberdrolaren baimena lortu du zentralaren argindarra Hernaniko azpiestaziora igortzeko. Proiektua aurkeztu ostean, prozedura administratibo luzea izango luke aurretik. Atzoko batzarrean esan zutenez, udaberrirako egin nahiko lukete herri galdeketa.

EH Bilduk agintzen du Amasa-Villabonan, eta Ander Goikoetxea koalizioaren energia estrategiaz aritu zen herritarren aurrean. Funtsean, koalizioaren helburua da energiaren kontsumoa %50 gutxitzea, sorkuntza eredu deszentralizatua bultzatzea eta kanpoko energiaren menpekotasuna gutxitzea Euskal Herrian instalazio berriztagarriak eraikiz. Izan ere, gaur egun Euskal Herriak kontsumitzen duen energiaren %85 inguru kanpotik dator. Datuak Tolosaldera ekarrita, kontsumoa %50 gutxituta ere, egungo sorkuntza berriztagarriak gutxienez hamar aldiz handiagoa izan beharko luke kontsumo horren %75 energia berriztagarrien bidez asetzeko —helburu hori aipatu zuen Goikoetxeak—.

Amasamendiko proiektuari dagokionez, udalak aitortu zuen enpresarekin hitz egiten ari dela hainbat helburu lortzeko: besteak beste, bertako herritarren kontsumoa lehenestea energia komunitate baten bidez-edo, jabetza publikoari tokia ematea eta kokapen egokia bilatzea. Aitortu zuten egitasmoaren hasierako kokapenak aldatu egin dituztela udalaren eskariz, eta udalaren jabetzako eremu batean ezarri dituztela oraingoz aerosorgailuak. Horrek, besteak beste, eragin handiagoa izateko modua emango dio udalari. Oraingoz enpresak modu positiboan erantzun die udalak jarri dizkion beste baldintzei, udal ordezkariek esan zutenez. Hala ere, gogorarazi zuten enpresak proiektua aurkezten duenean herritarrek eta erakundeek —udalak eta diputazioak, besteak beste— aukera izango dutela alegazioak aurkezteko, kaltea ahalik eta gehien murrizteko, esaterako.

Aurkarien kritikak

Amasamendi Bizirik taldeko kideak ere bertaratu ziren batzarrera, eta kritikak egin zizkioten proiektuari. Kide batek esan zuen berrehun metroko dorreak ezartzeak ingurua «suntsituko» lukeela eta haren natur balioa erabat hondatuko lukeela. Hain zuzen ere, talde horretako kideek proiektu eolikoen aurkako protesta batera deitu dituzte mendizaleak igande honetarako; Zelatunen egingo dute protesta, Hernioren magalean, eta Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik plataformakoekin batera antolatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.