Zero Pobrezia plataformak adierazi du «zentzuz» bozkatu beharra dagoela datozen hauteskundeetan

Plataformak salatu du komunikabide batzuek giza eskubideen aurka «asmo txarrez» eginiko albisteak hedatzen dituztela. Urriaren 17ko astean mobilizatzeko eta antolatzeko deialdia egin dute.

Zero Pobrezia plataformaren prentsaurrekoa, Donostian. ZERO POBREZIA
Zero Pobrezia plataformaren agerraldia, gaur, Donostian. ZERO POBREZIA
2026ko urriaren 13a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zero Pobrezia Plataformak ohar bat plazaratu du urriaren 17ko Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, eta bertan giza eskubideak eta demokrazia «defendatzeko» deia egin du, desinformazioa eta gorroto diskurtsoak «hedatzen» ari diren honetan. Plataformak salatu du «zalantzan» jartzen ari direla guztien ongizatea bermatzen duten balioak, eta eskuin muturraren aurrerapenak «zuzeneko arriskua» dakarrela giza eskubideentzat, justizia sozialarentzat eta ingurumen justiziarentzat. 

Plataformaren arabera, gaur egungo informazioaren abiadurak eraginda, herritarrentzat gero eta zailagoa da bereiztea ea iristen zaien edukia egia den edo ez. Haren ustez, komunikabide batzuek kazetaritzaren etika albo batera utzi dute, eta albiste asko asmo txarrez sortzen dituzte iritzi publikoan eragiteko eta demokraziaren aurkako iruditegi bat osatzeko. Horrelako ekintzek «kalte handia» eragiten diote pobreziaren aurkako borrokari, oinarrizko zerbitzu publikoak «ahuldu» eta gizartearen babes sareak murrizten dituztelako, plataformak dioenez. 

Gogorarazi du desinformazioa ez dela «kasualitatea», baizik politikarako eta hauteskundeetarako arma gisa erabiltzen den estrategia bat, gizarte mesfidantza, desberdinkeria eta segregazioa handitzea helburu duena. «Eztabaida beldurrera eta konfrontaziora lerratzen denean, gizarte bidegabekeriaren benetako kausak bigarren mailan gelditzen dira, eta horrek zuzenean eragiten die talderik kalteberenei, hala nola migratzaileei, pobretuei eta LGTBIQ+ mugimenduari», adierazi du plataformak.

Datozen hauteskundeetara begira, Zero Pobreziak azpimarratu du arazo konplexuek ez dutela «errezeta erraz edo magikorik», eta zenbait eskaera egin dizkie herritarrei eta administrazioei. Alde batetik, herritarren pentsamendu kritikoa indartzeko eta giza eskubideak lehenesten dituzten proiektuen aldeko «boto kontzientea» emateko deia egin dute. Bestetik, erakundeei eskatu diete desinformazioa gelditzeko legeak «garatu» ditzatela, herritarrek informazio fidagarria jasotzeko duten «eskubidea» bermatzeko. Azkenik, urriaren 17ko astean mobilizatzeko eta antolatzeko deialdia egin dute, botoaren eta gizarte ekintzaren bidez demokrazia eta pertsona guztien duintasuna «aktiboki» defendatzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA