Joan den ekainean iritsi zen Zestoan (Gipuzkoa) emakume bati laguntzeagatik epaitutako sei lagunen absoluzioa. Gizonezkoaren integritate moralari egindako kaltea frogatzen saiatu ziren epaiketan, baina azaleratu zen sei lagunek egindakoa indarkeria matxista jasan zuen emazteki bati laguntzea bertzerik ez zela izan. Baina bidea ez da akitu: prozesu horrek 30.000 eurotik gorako kostua ekarri die sei zestoarrei, eta horri elkartasunez erantzuteko jaialdia antolatu dute herrian. Urriaren 17an izanen da.
Mugimendu feministak ohar bidez iragarri du jaialdia: «Bidegabea izan zen haien kontrako makroepaiketa, eta bidegabekeria da horri guztiari halako zama ekonomikoa gehitzea. Orain arte egin dugun bezala, elkartasunez erantzungo diogu zama horri ere; oraingoan, festa handi batekin. Zeren, ez dugu ahaztu behar: elkartasun feministak irabazi du, eta hori ospatuko dugu». Adierazi dutenez, bi helburu izanen ditu jaialdiak: epaiketa prozesuaren kostuari aurre egitea eta elkartasun feministaren garaipena ospatzea.Â
Jaialdirako hiru sarrera mota daudela jakinarazi dute: bazkarirako txartela 25 euroren truke, aukera beganoarekin; kontzertuetarako txartela hemezortzi euroren truke; eta egun osorako txartela 40 euroren truke. Leku hauetan daude salgai: Zestoako Portalen eta Ogiberrin, Zumaiako Emakumeon Etxean (Gipuzkoa), Azpeitiko Orkatzen eta Nizan (Gipuzkoa), eta Zarauzko Arranon (Gipuzkoa).Â

