Zestoan emakume bati laguntzeagatik epaitutako sei lagunek ez dutela deliturik egin ebatzi du epaileak

Gizonezkoaren integritate moralari egindako kaltea frogatzen saiatu ziren epaiketan, baina sei lagunek egindakoa indarkeria matxistaren biktima bati laguntzea besterik ez zela izan azaleratu zen auzitegian. Absolbitu egin dituzte.

Auzipetuak, joan den abenduan, Iñigo Iruin abokatuarekin batera auzitegira sartzen. GORKA RUBIO / FOKU
Auzipetuak, joan den abenduan, Iñigo Iruin abokatuarekin batera auzitegira sartzen. GORKA RUBIO / FOKU
Oihana Elduaien Uranga.
2026ko ekainaren 5a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epaiketa amaitu eta bost hilabetera eman du epaileak erabakiaren berri: absolbitu egin ditu gizon baten integritate moralaren kontrako delituak egitea egotzita epaitu zituzten Zestoako (Gipuzkoa) sei lagunak. Alegia, sei lagunak errugabeak dira, eta ez dute fiskalak eskatutako zigor ekonomikorik ere ordaindu beharko. 45 orrialdeko epai bat atera du epaileak, eta han, goitik behera ematen dio arrazoia epaituen defentsari. Banan-banan ukatzen ditu akusazioak egindako salaketak.

Salaketa jarri zuen gizonezkoaren bikotekide ohia, haren lau lagun eta Zestoako alkatea epaitu zituzten abenduan Donostiako Lurralde Auzitegian. Epaiketan, gizonezkoaren integritate moralari egindako kaltea frogatzen saiatu ziren akusatzailearen abokatua eta fiskaltza, baina sei lagunek egindakoa indarkeria matxistaren biktima bati laguntzea besterik ez zela izan azaleratu zen auzitegian, akusatuek beraiek eta hainbat lekukok egindako adierazpenetan. Indarkeria matxistaren biktimak, hots, salatzailearen bikotekide ohiak ere bere lekukotza eman behar izan zuen epaiketan.

Epaileak frogatutako gertaeren atalean jasotzen ditu jazotakoak. Eta geroago, argudio juridikoekin lotzen ditu gertaerak, deliturik ez dagoela ebazteko arrazoiak emanez. Ondorioa argia da: errugabetu egiten ditu sei lagunak. Epaileak testuan jaso du ezin dela frogatutzat eman epaituek salatzailea «hertsatu» zutenik, ezta haren «integrazio moralean» kalterik eragin zutenik ere.

Hasteko, epaileak dio salaketa formalik egon ez arren salatzailearen bikotekide ohiak tratu txarren berri eman ziela Zestoako gizarte zerbitzuei, auzitegi batek bien haurraren zaintzari buruz erabaki behar zuenean. 

Salatzaileak bere «izen ona galarazteko kanpaina bat» egitea egozten zien bikotekide ohiari eta haren lagunei. Epaileak dio ez zela halakorik gertatu. Bikotekide ohiari dagokionez, epaiak jasotzen du emakumeak gaiari buruz izan zituen hizketaldiak «puntualak» izan zirela, «gertuko jendearekin edo kezka agertu zutenekin izandakoak». Hizketaldi horiek harremana hautsi ondorengo egoera pertsonal eta familiarrari lotutako testuinguruan eginak zirela gaineratu du. Alegia, ez zirela gertatu bikotekide ohiaren «izen ona galarazteko kanpaina baten baitan».

Bikotekide ohiaren lagunak aipatzen dira gero epaian: «Babes pertsonalerako eta konpainiarako sare bat sortu zuten», batik bat haurra aitarekin uztean edo haurraren bila joatean laguntzeko. Halakoetan haurraren amak izaten zituen «estresari eta larritasunari babes emozionala» ematea zuten helburu. Epaiaren arabera, horixe zen «eskolta sozial» gisara izendatutako taldea. Egoera horietan une «deserosoak» izan zirela dio, baina, gaineratu du lagun talde hori «modu baketsuan eta isilik» aritu zela «normalean».

Haietako batek salatzaileari «anormal» deitu ziola ere jasotzen du, baino hori «erantzun moduan» esan ziola gaineratzen du. Epaileak gai horri heltzen dio berriz balorazio judizialen atalean. Hau dio, hitzez hitz: «Hori kontu txikia da, baldin eta haurraren amak eta umea uztean edo jasotzean bertan egon ziren akusatuek salatzaileak izandako jarrera agresibo, erasotzaile eta desafiatzaileaz kontatu dituztenekin alderatuz gero».

Elkarretaratzeetan eta osoko bilkuran deliturik ez

Umearen zaintza ebatzi arteko prozeduran hiru elkarretaratze izan zirela ere frogatutzat eman du epaileak, baina haietan ez du inolako deliturik ikusi: «Elkarretaratze horietako bakar bat ere ez zuten antolatu akusatzailearen askatasuna ukatzeko edo haren duintasunari kalte egiteko helburuz».

Aurrerago zera dio: «Uler daiteke elkarretaratze horiek salatzaileak haurraren zaintza lortzea eragozteko edo hura publikoki umiliatzeko helburuz eginak zirena? Epaile honek uste du erantzuna irmoki negatiboa dela».

Epaituetako batzuek 2017ko azaroaren 25ean udaleko osoko bilkurara eraman zuten gaia. Han, gizonezkoaren izen-abizenik eman gabe, auziaren prozedura salatu zuten. Zehazki, udaleko gizarte zerbitzuek egindako kudeaketa. Epaileak, baina, ez du deliturik ikusten hor, eta gainera, argi dio esaten ari ziren horretan arrazoia zutela epaituek. Halaxe jaso zuela Arartekoaren txosten batek, eta baita Datuen Babeserako Euskal Erakundeak ere. 

Osoko bilkuran irakurritako testuan salatzaileari «erasotzaile» deitzen zioten. Hori gaia «testuingurura» ekartzeko baliatutako hitza dela dio epaileak. Izan ere, haren arabera, emakumezkoak tratu txarren berri emana zien ordurako gizarte zerbitzuei, eta horixe zen gainera testuaren muina. Halaber, gogora ekarri du Arartekoak sinesgarritasuna eman ziola tratu txarren salaketa horri. Epailearen iritziz, egoera horretan «erasotzaile» hitza erabiltzeagatik inor ezin da zigortu; izan ere, «balizko genero indarkeriaren testuinguruan biktimari babesa ematen dion hura kriminalizatzea ekarriko luke horrek». Gainera, Iruinek azken ondorioetan emandako argudioak bere egin, eta epaileak dio osoko bilkuran testua irakurri zutenak adierazpen askatasunerako eskubidea baliatzen ari direla, baita botere publikoei kritika egiteko eskubidea ere. 

Akusatzaileak herriko alkateari egotzi zion mehatxu egin ziola, biak eta udaleko beste bi langile egon ziren bilera batean. Epaiketan kontatu zuenez, bilera horretan alkateak esan zion umearen zaintza emakumeari ematen ez bazion «betiko zokoratuko» zutela. Halakorik ez zela gertatu jasotzen da epaian. Hain zuzen, bilera horretan egon ziren guztiek deklaratu zuten epaiketan, eta akusatzaileak ez beste guztiek esan zuten han ez zela halako mehatxurik egon. Halaxe ebatzi du epaileak ere.

Epaiketan bertan argi utzi zuen bezala, epaileak berretsi du bere egitekoa ez dela salatzaileak tratu txarrak eman zituen edo ez ebaztea, eta esan du ez duela halakorik egingo, baina azken «ohar» bat ere egiten du: «Ezin dugu azpimarratu gabe utzi salatzaileak deskribatzen duen bazterketa soziala eta amorru egoeraren arrazoia auzi penal honetan bertan egon daitekeela, honek ukatu ezin den dei efektu bat eragin duelako (...)».

Aldeek hamar eguneko epea dute epaiari apelazioa helegitea jartzeko.

Jatorria 2018an

Gizon batek 2018an jarritako salaketak eraman zuen auzi hau epaiketaraino. Bikotekide izan zuen emakumea eta gizonezko harekin banatzea erabaki aurretik eta ondoren hura babestu duten bost pertsona epaitzea lortu zuen. Lau eta bost urteko zigorrak eskatzen zituen bikotekide ohiarentzat eta emakumearen lagunentzat. Epaiketan entzundakoen ondoren, baina, fiskalak berak ere ikusi zuen ez zegoela halako deliturik, eta erretiratu egin zuen espetxe zigorra ezartzeko eskaera. Nolanahi ere, eta salatzailearen bikotekide ohia absolbitzeko eskatu zuen arren, gainerakoentzat zortzi hilabetez eguneko seina euroko isuna jartzeko eskaera egin zuen, «hertsatze» delitua bazegoela uste zuelako. Bada, epaileak ezetz ebatzi du, ez zela inolako deliturik izan. Absolbitu egin ditu denak.

Auziak harrabots handia sortu zuen Zestoan eta inguruan, eta epaiketa hasi bezperan elkarretaratze handia egin zuten herriko plazan, epaituei babesa adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA