Aste Nagusiaren hasierarekin bat eginez, manifestazio handi bat egin dute gaur Donostian, zezenketak amaitu daitezela eskatzeko. Bulebarrean hasi eta bukatu da martxa, Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak deitua, eta kanoikada baino ordubete lehenago abiatu da Hernani kalean zehar. «Animaliak maite ditugu» irakurri ahal izan da urte gutxiko haur bik zeramaten kartulina batean. Familia osoa joan da protestara, beste hainbat eta hainbat bezala, eta lelo klasikoak ere ozen entzun dira ibilbide osoan: «Tortura ez da artea, ezta kultura ere».
Plataformako eledun Pilar Otegik «bihotzak zabaltzeko» eskatu die zezenek sufritu egiten dutela ukatzen duten horiei. «Komunitate zientifikoak baieztatu du zezenek kontzientzia dutela, sentitu egiten dutela». Eta mezu bat helarazi dio Eneko Goia alkateari: «Zientziaren ukatzailea da? Negazionismoa da zezenketarako Illunberen birgaitzeari eustea».
Hain zuzen, manifestazioa hasi baino ordu batzuk lehenago, Goiak esan du zezenketak ez direla bere «gustukoak edo ez-gustukoak», baina «errespetatzen» dituela, eta «iritzi desberdinak» daudenez gero, zera egitea dagokiola: «legeak eskaintzen duen askatasuna eskaintzea zezenketak antolatu nahi dituenari». Alkatearentzat, festetan egongo diren eskaintza guztien artean «beste bat» dira zezenketak.
25 urteko etena
Donostian ez zen zezenketarik egon 25 urtez. 1973an, Txofreko plaza bota zuten, eta 1998ra arte ez zen gunerik egon zezenketak egiteko, harik eta Illunbeko plaza zabaldu zuten arte. Odon Elorza (PSE-EE) alkate zela ekin zioten berriro zezenketak egiteari Donostian, herritar askoren borondatearen aurka.
«Zezenketetarako Illunberen birgaitzeari eustea negazionismoa da, eta donostiarron aurka gobernatzea»
PILAR OTEGI Plataforma Antitaurinoko eleduna
27 urte joan dira Illunbek bere bidea hasi zuenetik, eta egungo udalak martxan jarri du azpiegitura hori eraberritzeko proiektua, askotariko erabilerak izan ditzan; dena den, udal gobernuak egitura berri horretan ere zezenketak egiteko asmoa dauka, antza. Otsailean aurkeztu zuen Illunbe ingurua berritzeko proiektua. Azaldu zuten kirol ekitaldiak, kultur egitasmoak eta hainbat diziplinatako ekintzak egiteko leku bat sortuko zutela, zezenketak zuzenean aipatu gabe. Baina, orain aste batzuk, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek ezezkoa eman zioten Elkarrekin Donostiak zezenketak amaitzeko aurkeztutako proposamenari.

Donostiarren aurka
Martxan hasi aurretik, Plataforma Antitaurinoko eledun Otegik salatu du ez dela zilegi diru publikoa erabiltzea zezenketak hartzeko moduko azpiegitura bat egiteko: «Donostiarron borondatearen aurka gobernatzea da hori». Azpimarratu du ez duela «inolako zentzurik» gune bat eraberritzeak urtean hiru egunetan zezenketak egiteko: «Hara doazen gehienak kanpotarrak dira, gainera».
Aurten ere hiru egunetan izango dira zezenketak Donostian: abuztuaren 14an, 15ean eta 16an. Batera edo bestera, Illunbeko gune berria kirol eta kultur ekitaldietarako soilik erabiltzea nahi dute: «Gizarteari entzuteko eta animalien sufrimenduari amaiera emateko garaia da».