Zezenketak egiteari uztea galdegin dute ehunka lagunek Donostian

Aste Nagusiak hartuko dituen hiru zezenketak bertan behera uzteko eskatu dute manifestazio batean. EAJk eta PSE-EEk onartutako araudi berria gaitzetsi dute.

Zezenketen aurkako manifestazioa, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Zezenketen aurkako manifestazioa, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
xabier martin
2026ko abuztuaren 8a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Zezenketen Aurkako Plataformak berriz ere ehunka lagun elkartu ditu Donostiako erdigunean, Aste Nagusiaren hasierarekin batera, urteroko helburu bera dutela: Illunbe plazan zezenketak egiteari utz diezaioten lortzea. Zezenketen aurkako manifestazioan familia osoak ere egon dira, askotariko kartelekin, baina denek zituzten antzeko mezuak: animaliei tratu txarrak ematea ez da gizalegezkoa. Bulebarrean hasi da martxa, eta hiriko erdigunea zeharkatu du, jai giroan baina ozen adieraziz zezenketek iraganeko kontuak izan behar dutela.

Zezenketak ez dira desagertu, ordea, Donostiako jaien egitarautik. Aurten, hiru zezenketa egingo dituzte Illunbe plazan, eta plataformak «zezenketak Donostiako jai eta kultura eredutik kanpo uzteko» eskatu du, urtero legez. Zezenketen aurkako taldeak salatu du Donostiako alkate Jon Insausti buru duen udal gobernua «inkoherentea» dela «zezenketei eutsi eta haiek sustatzeagatik», ez bakarrik Illunbeko zezen plazan, «baita etorkizunean azpiegitura horrek izango duen konfigurazioan ere».

Plataformakoek diote animalien tratu txarra «bateraezina» dela «abangoardiaren eredu izan nahi duen hiri batekin». Halaber, udala kritikatu dute «zezenketen aurka milaka herritarrek aurkeztutako sinadurak alde batera» utzi dituelako, eta Illunbe berriaren proiektua ere txarretsi dute. Hala, zezenketen aurkakoek «koherentzia» eskatu diete alderdi politikoei, «udal batzuetan herritarren parte hartzea eta kontsultak defendatzen dituzten arren beste batzuetan zezenketak babesten eta sustatzen baitituzte». Besteak beste, Azpeitia, Deba, Mutriku, Tolosa, Hernani, Pasaia eta Eibar aipatu dituzte kontraesan hori azpimarratzeko.

Arautegiaren aurka

Horiek horrela, Gipuzkoako Zezenketen Aurkako Plataformakoek gaitz iritzi diote EAJk eta PSE-EEk zezenekin lotutako jai eremuko ikuskizunetarako adostutako araudi berriari, eta argudiatu dute oraindik esnea hartzen duten animalien babesa murrizten duela horrek, eta modua ematen duela 16 urtetik beherako adingabeek ekitaldi horietan parte har dezaten. «Horrek Haurren Eskubideen Batzordearen gomendioen aurka egiten du zuzenean».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA