Eusko Legebiltzarrak onetsi egin du zezen ikuskizunak arautzeko legearen erreforma. Jeltzaleek eta sozialistek aurkeztu zuten proposamena, adingabeek parte hartzen duten eta bigantxa txikiekin egiten diren ekitaldiek zuten lege hutsuneari erantzuteko. Funtsean, berritasun nagusietako bat zera da, 8 urtetik aurrerako adingabeek gurasoen baimenik gabe parte hartu ahalko dutela sokamuturrean eta antzeko ekitaldietan, baldin eta heldu batek lagunduta badaude, edo adinez nagusiko pertsona batek gainbegiratzen baditu. EAJk eta PSE-EEk ez ezik, PPk eta Voxek ere alde bozkatu dute; EH Bildu abstenitu egin da, eta Sumar aurka azaldu da.
Lege erreforma joan den urteko urrian aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk, baina bidean aldaketa ugari izan ditu jatorrizko testuak. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek hasieran proposatu zuten 16 urtetik beherako adingabeek amaren, aitaren edo legezko tutorearen baimen idatzia derrigorrezkoa izatea jaialdietan parte hartzeko. Ez zuten gutxieneko adinik zehaztu, ordea. Araututa ez zegoenez, oraintsu arte ere ez zegoen adin mugarik.
Aurrerantzean, aldiz, 8 urtetik aurrerako adingabeek soilik parte hartu ahalko dute bigantxen ikuskizunetan. Eta ez dute baimenik aurkeztu beharko zezenketen eremura sartzeko; nahikoa izango da heldu batek lagunduta egotea, edo adinez nagusiko pertsona batek gainbegiratzea. EH Bildu kritiko azaldu da aldaketarekin. Koalizioak nahi zuen gutxieneko adina 12 urtekoa izatea, baina proposamenak ez du gainerako taldeen babesa jaso, ez legearen tramitazioan, ez azken bozketan.
Parte hartzaileei ez ezik, animaliei ere eragingo die lege berriak. Izan ere, ikuskizunetan animaliak erabiltzeko baldintza zehatzak ezartzen ditu testuak. Hala, abereek gutxienez sei hilabete eta gehienez 18 izan beharko dituzte, eta adarrak estalita edo babestuta eraman beharko dituzte, adarkadak saihesteko.
Horrez gain, animalien ongizatea bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Esaterako, zezen bakoitza gehienez ere hamabost minutuz erabili ahalko da. Eta debekatuta egongo da animaliak «zauritzea, ziztatzea, kolpatzea, haiei heltzea eta tratu iraingarria ematea». Halakorik egonez gero, ikuskizuna bertan behera uzteko eskumena izango du ekitaldiaren antolatzaileak.
Harena izango da, era berean, abereen ongizatea bermatzeko ardura. Baina abeltzainek eta parte hartzaileek ere «animalien egoera fisiko eta psikologikoa» zaindu beharko dute, «estresa, nekea, beldurra edo sufrimendua» adierazten ote duen behatuta. Izan ere, jaialdiaren lekuan ez da derrigorrez albaitaria egongo, jatorrizko testuak hala eskatzen bazuen ere.
Elkarte animalistak, haserre
Lege erreformaren sustatzaileek nabarmendu dute «herri izaerako zezenketek tradizio luzea» dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta udalerri askotan «kultura ondare» direla. Azpimarratu zuten «urtero ia mila» ikuskizun egiten direla, eta helburua adingabeak «jai errituetan integratzea» izaten dela sarritan. Horregatik, behar bezala arautzeko premia agertu dute, «segurtasunez» jardun ahal izateko. Â
Legebiltzarrean adi entzun dute eztabaida legearen aldekoek eta kontrakoek, zezenzaleek eta elkarte animalistek. Eta bozketaren amaieran bi muturretako balorazioak egin dituzte. Ganaduzaleak pozik azaldu dira; aldiz, oso kritiko agertu eta haserre hitz egin dute animalistek. Azken horiek gogora ekarri dute, gainera, legealdi honetan onartzen duten antzeko bigarren lege ekimena dela. Joan den urteko martxoan onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak adingabeak ehiza laguntzaile izateari bide ematen dion lege erreforma ere. Presazko bidetik egin zuten hura ere.