Ekologistak Martxan-ek aurkezten dituen nitrogeno dioxidoaren kutsaduraren txostenen atzean zientzialari eta ikertzaile talde handi bat egon ohi da, eta gaur aurkeztu duten txosten mardula ez da salbuespena, Euskal Herriko eta Espainiako 30 ekintzaile eta zientzialari baino gehiagoren arteko lana izan baita. Baina badu berezitasun bat: eskoletako ikasleek parte hartu dute neurketetan. Euskal Herrian, zazpi udalerritako 78 eskolatan egin dituzte neurketa kanpainak ikasleekin elkarlanean; ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Pandemiaren ostean ekin zieten kanpainei, eta egin berri dutena izan da orain arteko handiena. Ekologistak Martxan-eko eta Sagarrak talde ekologistako kide da Francisco Garcia, eta eskola askotan egon da ikasleekin batera neurketak egiten. Azaldu duenez, helburu nagusia zera da, ikasleengan gaztetatik mugikortasun jasangarria sustatzea: «Haiek normaltzat dute leku guztietara autoz joan behar izatea, eta pentsarazi behar diegu ez duela zertan horrela izan».
Ikusi gehiago
Mugikortasunaren auzia nabarmendu nahi izan du Garciak, hiri eremuetan nitrogeno dioxidoaren (NO2) %70 baino gehiago ibilgailuen trafikoak sortzen baitu. Eta horrek eragin handia du pertsonen osasunean: «Nitrogeno dioxidoak eragin zuzena du osasunean, asma, alergiak eta arnasbideetako bestelako gaixotasunak sortzen baititu. Eta, gure ustez, horregatik da garrantzitsua kutsadurari buruzko informazioa dibulgatzea. Ikasleekin auzora ateratzen garenean eta tutuak jartzen ditugunean, betaurrekoak aldatzea bezala iruditzen zaie: ikuspuntua aldatzen zaie».
Tutu pasiboen bidez
Kalera ateratzen dituzte gazteak, eta tutu pasiboak deiturikoak jartzen dituzte, Garciaren esanetan: «Material merkea da, eta neurketak egiteko erabiltzen dira. Ez dute, estazio ofizialen modura, unean uneko kutsadura adierazten. Kutsadura jasotzen dute egun batzuetan zehar; hori ondoren laborategietara bidaltzen da, eta egunero batez beste izandako kutsaduraren emaitza jasotzen dugu». Hori dela eta, nabarmendu du datuak batez bestekoak direla, eta, eguneko orduaren arabera, litekeena dela kutsadura handiagoa edo txikiagoa izatea.
«Helburua ez da datu zehatz bat lortzea epaiketaren baterako-edo, baizik eta ikasleak konturatu daitezela kutsadura txarra dela, eta ikus dezatela eskola batzuetan egoera hobea dela trafiko gutxiago dutelako inguruan», azaldu du Garciak.
Kanpainak arrakastatsuak direla esan du, eragina baitute ikasleengan. Hori bai, azaldu du Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik gorako ikasleekin aritzen direla; izan ere, abstrakzio maila handiagoa dute, eta, nahiz eta kutsadura atmosferikoa gehienetan ez ikusi, badakite bertan dagoela. «Asko gustatzen zaie kalera joatea, eskailera batera igo eta tutuak jartzea. Esplikatzen diegu egiten ari direna ariketa zientifiko bat dela. Ondoren, ikasgelan, metodo zientifikoa erakusten zaie: ‘Nire hipotesiaren arabera, kale honetan ondokoan baino handiagoa izango da kutsadura, trafikorik ez dagoelako’. Eta haiek garatuz joaten dira dena. Sekulakoa da». Behin emaitzak izanda, proposamenak egiten dituzte egoera hobetzeko.