Beste urte batez, Ekologistak Martxan elkarteak Hego Euskal Herriko zenbait eskolatako kutsadura neurtu du, eta, beste behin, emaitza berak jaso dituzte: ia eskola guztietan Osasunaren Mundu Erakundeak jarritako langa osasungarria gainditzen da. Guztira zazpi udalerritako 78 eskolatan neurtu dute NO2 nitrogeno dioxidoaren maila, eta soilik hirutan errespetatzen da OMEk jarritako langa. Hiru horiek, gainera, ibilgailuen trafiko txikiko zonetan daude. Kontrara, kutsagarri hori gehien atzeman duten eskolak hirigune handien erdigunean daude; horren adibide da Bilboko Kontxa eskola: NO2 maila handiena bertan neurtu dute, metro kubo bakoitzeko 40,5 mikrogramo. Gaur egun indarrean dagoen legeak ezarritako neurritik kanpo dago hori.
Aurtengo azterketan inoiz baino udalerri eta eskola gehiagotan egin dituzte neurketak, baina soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: Barakaldon, Bilbon eta Erandion Bizkaian; Donostian, Errenterian eta Oiartzunen Gipuzkoan; eta Gasteizen Araban. Beste kutsatzaile askorekin gertatzen den moduan, poluzioa baloratzeko hainbat langa daude, baina leku bateko kutsadura legeak jartzen duen mugaren barruan egoteak ez du esan nahi airearen kalitatea ona edo osasungarria denik. Eta Ekologistak Martxan-ek denbora darama hori salatzen.
NO2aren kasuan, Europako Batasunak metro kubo aire bakoitzeko 40 mikrogramo ezartzen du gehienezko moduan, baina 2024an direktiba berria onartu zuten Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, eta erdira murriztu dute langa hori; hala ere, lege horren transposizioa ez da egin oraindik, 2026ko abenduaren 11ra arte baitute estatu kideek hori egiteko tartea, eta kutsadura muga horretan mantentzeko beharra 2030eko urtarrilaren lehenean hasiko da. Hala ere, Osasunaren Mundu Erakundeak 2021ean emandako gomendioen arabera, airea osasungarria dela esateko metro kuboko hamar mikrogramotik behera egon behar du NO2ak; hau da, egungo legediaren laurdena, eta legedi berriaren erdia. Nitrogeno dioxidoak arnas aparatua narritatzen du, eta bronkitisa eta beste gaixotasun batzuk sortzen ditu.
Bilbon okerren
Bizkaiko hiriburuko eskoletan arnasten dute ikasleek airerik kutsatuena, txostenaren arabera. Bitan zatitu dute Bilbo: mendebaldeko eskolak alde batetik, eta erdigunekoak bestetik. Mendebaldean, neurketak egin dituzten eskola guztiak, 11, EBko muga berriaren gainetik daude —20tik gora—. Maila txikiena San Inazio HLHI eskolan neurtu dute, hogei mikrogramo, eta handiena Deustuko Ikastolan, 30,6. Baina erdigunean, EBko 2024ko direktibaren muga kontuan izanda, neurketak egindako bederatzi eskolak leudeke legezko neurritik kanpo, alde handiz: kutsadura txikiena Cervantes eskola publikoan neurtu dute —27,9 mikrogramo—, eta gehiena, Kontxa eskolan: 40,5 mikrogramo. Egungo legeak ezarritako muga ere gainditzen du eskola horren inguruan kutsadurak.
datuak
40,5
Bilboko Kontxa eskolako NO2 kutsadura, metro kuboko mikrogramotan. Neurketak egin dituzten 78 eskoletatik kutsatuena da Bilboko Kontxa eskola, metro kubo aire bakoitzeko 40,5 NO2 mikrogramo atzeman baitituzte. Gaur egungo legedia urratzen du horrek.
6,3
Oiartzungo Haurtzaro ikastolako NO2 kutsadura, metro kuboko mikrogramotan. Neurtu dituzten 78 eskoletatik kutsadura txikiena dago Oiartzungo Haurtzaro ikastolan, metro kubo aire bakoitzeko 6,3 NO2 mikrogramo.
10
Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duen gehienezko NO2 kutsadura, metro kuboko mikrogramotan. OMEk emandako gomendioak EBko legedi zaharra eta berria baino anbiziotsuagoak dira, airearen kalitatea ona izateko gehienez metro kubo aire bakoitzeko hamar NO2 mikrogramo izatea gomendatzen baitute.
Barakaldon, aztertutako hamabi eskoletatik soilik bostetan dago kutsadura EBko lege berriaren mailaren azpitik. Hala ere, txostenean nabarmendu dute Barakaldoko Udal Gobernuak onartutako emisio gutxiko gune berria «nahikoa anbiziotsua» dela, eta lagunduko duela eskola eremu batzuk hogei mikrogramoko langa horretatik jaisten. Erandion, eskola bakarra dago hogeiko langatik behera, baina gainontzekoak hortik gertu daude; kutsadura handiena neurtu duten eskolan, Inazio Aldekoa HLHIn, metro kuboko 24,3 mikrogramo nitrogeno dioxido.
Oiartzungo eskoletan atzeman dute airearen kalitaterik onena. Izan ere, biztanle gutxiko udalerria da, eta, nahiz eta udalerri jendetsuago batzuk gertu izan, ez du horrenbesteko hiri jarraitutasunik; beraz, trafikoa orokorrean txikia da. Hiru eskola zentrotan egin dituzte neurketak, eta hirurak daude gaur egun indarrean dagoen legearen eta EBko 2024ko direktibaren mugen barruan. Eta OMEren gomendatutako muga erabiliz gero, hiruretatik bik errespetatzen dute: Haurtzaro ikastolaren bi eraikinek —6,4 eta 6,3 mikrogramo—. Elizalde eskolan, berriz, metro kuboko 10,5 mikrogramo nitrogeno dioxido erregistratu dituzte.
Ikusi gehiago
Talde ekologistak azaldu du momentu jakin gutxi batzuetan izan ezik orokorrean ibilgailu gutxi pasatzen direla bi eskola horien ingurutik, eta begetazio asko dagoela: «Inguru eta espazio oso zabal batean daude eraikinak, inguruan ez dute beste eraikinik, eta gutxi humanizatutako haran baten ondoan daude». Hala ere, azaldu dute datuek okerrera egin dezaketela, urbanizazio bat eraikitzen ari direlako gertu. Hori dela eta, hiri garapen hori garraio jasangarria kontuan hartuz egin behar dela adierazi dute.
Gasteizen eredua
Ibilgailuen joan-etorriak kutsaduran duen eragina Gasteizen egindako neurketetan ikusten da garbien. Eskola bakarrak betetzen ditu OMEren gomendioak; hain justu, hirigunetik kanpo dagoen eskolak: Durako Ikasbidea ikastolak. Gasteizen parte bada ere, erdigunetik ia sei kilometrora dago ikastola hori, trafiko handiko inguruneetatik urrun. Emaitza: metro kuboko 9,1 mikrogramo NO2. Gainontzeko hamasei eskoletako kutsadurari begiratuta, soilik zortzi daude EBren direktiba berriaren mailaren azpitik.
Errenterian, praktikoki eskola guztietako kutsadurak betetzen du direktiba berria —soilik Beraungo Koldo Mitxelenak gainditzen du, metro kuboko 20,1 mikrogramorekin—. Donostiaren kasuan, aztertutako hamahiru eskoletatik soilik hirutan betetzen da araudi berria, bat Amara auzoan eta beste biak Ulia mendiaren magalean. Donostian aztertutako eskola asko hiriko sarrera handienetako batean bertan edo oso gertu daude, Jose Elosegi Alkatea hiribidearen ondoan. Bada, sarrera hiribide horretan bertan duten ikastetxe guztietan kutsadura handia da. Jesuiten Eskola, adibidez, egungo muga legala gainditzetik gertu geratu da, metro kuboko 38,6 mikrogramo nitrogeno dioxido atzeman baitituzte han.
Ikusi gehiago
Hiribide horretan autoen abiadura neurtzeko bi radar finko berri jarri badituzte ere, ekologistek uste dute ez dutela askorako balio izan, auto askok orduko 30 kilometroko abiadura hori gainditzen jarraitzen dutelako. Bestalde, auzitan jarri dute egokia ote den hiribide horretan bertan airearen kalitatea neurtzeko dagoen estazioa, han neurtutako kutsadura eskola guztien mailaren azpitik baitago. Izan ere, belardi batean dago, eta horrek eragina duelakoan daude ekologistak.