Zigoitia Bai elkarteak abisu eman du: Solariaren plana da Araban hemeretzi parke fotovoltaiko jartzea

Salatu dute arloan dagoen «kaos normatiboak» herrialdea «babesgabetasun» egoeran utzi duela.

Zigoitia Bai elkartearen agerraldi bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Zigoitia Bai elkartearen agerraldi bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 17a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Enpresa multinazional harrapakari honek 1.200 hektarea baino gehiago bereganatu nahi ditu orain Araban. Lurren metatze hau iraingarria da». Zigoitia Bai elkarteak ohartarazpen hori egin du gaur zabaldutako ohar batean, Solaria enpresak Araban parke fotovoltaikoak jartzeko dituen asmoak salatzeko. Orotara, esan du multinazionalak herrialdean hemeretzi instalazio jartzeko asmoa duela, eta lege esparru «bermatzaile» baten gabeziaren ondorioa dela hori, hein batean.

Zigoitia Baiko kideek salatu dute lege esparru egoki baten gabeziak herrialdea «babesgabetasun» egoeran utzi duela. «Kaos normatibo hori baliatzen ari dira zalantzazko etika duten multinazionalak, hala nola Solaria, lurraldea errespetatzeko muga logiko eta beharrezkoak saihesteko».

Eusko Jaurlaritzari egotzi diote propio Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial «bidezko eta bermatzaile» bat onartzeko urratsak ez egitea, eta egitasmoen gaineko informazioa atzeratzea. «Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak hemeretzi proiektu horiek mahai gainean izan ditu denbora luzez, eta orain publikoki aurkeztea erabaki du». 

Borrokan jarraitzeko asmoa dutela esan dute elkarteko kideek: «Solaria bezalako multinazionalen gehiegikerietatik eta erasoetatik babesten jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.