Gerra hasi aurreko asteetan, 1936ko maiatzean, Iruñean idatzi zuen Emilio Mola jeneralak etsaien aurkako jazarpena nolakoa izango zen: «Izua erein behar dugu. Jaun eta jabe garela erakutsi behar dugu, eta gu bezala pentsatzen ez dutenak desagerrarazi, eskrupulurik gabe». Uztailaren 18tik aurrera errealitate egin zen mandatu hori: fusilamenduak eta hilketa basatiak, zigor fisikoak, jazarpena, espetxea, erbestea... Haatik, gizarte osoan izua hedatzeko helburu horretan, izan zen beste jazarpen mota bat ere: zigor ekonomikoa.
Nafarroan 1.086 pertsonari 850 zigor espediente ireki zizkieten matxinatuek 1937ko udaberritik 1945era bitartean. Antzeko kopuruak izan ziren Araban: 1.100 pertsonaren aurka hasi zuten prozesua. Hamarretik zortzi zigortu zituzten.
Gerra frontea egon zen euskal lurraldeetan, Bizkaian eta Gipuzkoan, jazarpen ekonomikoa «are handiagoa» izan zen, Cesar Laiana ikerlariaren arabera. «Izua zabaltzeko tresna bat izan zen. Ezin zizkieten militante eta buruzagi guztiei errepresaliak hartu, baina guztiek zekiten arriskuan zeudela. Beste batzuetan militanteak ez zirenen aurka jo zuten, mezetara ez joateagatik, ezkontza zibila egiteagatik...», ziurtatu du Nafarroako Memoria Institutuko zuzendari eta NUPeko Historiako doktoreak.
Zigor fisikoaren aldean, jazarpen ekonomikoa bigarren planoan geratu izan da maiz. Alde batetik, Laianaren hitzetan, indarkeria hori pairatu dutenek uste zutelako ez zutela legitimitaterik jasandakoaren berri emateko, jakinda beste batzuek bizitza galdu zutela. «Fusilatuen familiek ere jasan zituzten lapurretak eta zigor espedienteak, baina bigarren planoan geratu dira, nahiz eta sendi horien bizitza nabarmen baldintzatu».
Bestetik, oso zaila da zenbaterainokoa izan zen jakitea. Kasurako, arazoak daude Hego Euskal Herrian hasitako espediente guztietara heltzeko. Nafarroan, auzitegiko artxibozain batek espedienteak gorde zituen, eta, horri esker, «kasualitatez» ezagutu dira. Arabakoak, berriz, Burgosen (Espainia) daude gordeta. Gipuzkoakoak Nafarroako auzitegietan bildu ziren, baina ez daude osatuta. Bizkaian, berriz, «izugarria izan zen; espediente kopurua handia izan zen, baina ez dira agertu. Inork ez daki non dauden».
Hala eta guztiz ere, azken urteetan hainbat ikerlan egin dira Euskal Herrian. Duela lau urte Laianak Expolio y castigo (Espoliazioa eta zigorra) liburua argitaratu zuen, Nafarroako jazarpen ekonomikoari buruz. 2022an, Ikerne Badiola ikerlari bilbotarrak Expolio (Espoliazioa) izenburupeko liburua idatzi zuen. Gainera, eskualde mailako azterlanak ere argitaratu dira azken urteetan.
Espoliazioa, hasieratik
Gerraren hasiera-hasieratik egin zituzten lapurretak. Nafarroan, matxinatuek berehala bereganatu zuten lurraldearen kontrola, eta «errepresioa antolatzeko denbora izan zuten». Lehen lau hilabeteetan izan ziren hilketa gehien, eta, bortizkeria olatu horren barruan, etxeetan lapurretak ere egiten zituzten. Hasierako hilabete horietan bereganatutako herrietan geratu dira lapurreten lekukotzak, baina bestela ez dago horren erregistrorik. Gerora ere, frankistek menperatuei ondasunak ere kendu zizkieten, eta, ondorioz, espedienteetatik harago, espoliazioa askoz handiagoa izan zen.
1937ko udaberrian osatu zen Ondasunak Bahitzeko Batzordea, eta, gerora, gerra amaitzear zela, Erantzukizun Politikoen Legea. Jurisdikzio horren barruan ireki ziren zigor espedienteak. «Lehen urratsa izan zen ondasun guztiak blokeatzea. Abiadura motela zen horregatik. Ondasunak zituztenen kasuan, informazioa eskatzen zitzaien Jabego Erroldari, bankuei, aurrezki kutxei... Lurrak eta aziendak zituztenei ere bahitu egin zitzaizkien ondasunak», azaldu du Laianak. Erakundeei dagokienez, egoitza gehienak alokairuan zeuden, eta lokal haien jabeen aurka ireki ziren prozedurak: «Batzuk militanteak ziren, baina beste batzuk arrazoi ekonomikoengatik zuten alokairuan».
«Ondasunak zituztenen kasuan, informazioa eskatzen zitzaien Jabego Erroldari, bankuei, aurrezki kutxei... Lurrak eta aziendak zituztenei ere bahitu egin zizkieten ondasunak»
CESAR LAIANA Nafarroako Memoria Institutuko zuzendaria eta ikerlaria
Laiana ikertzen hasi zenean, harrigarria iruditu zitzaion espedientea ireki ziotenetako asko anonimoak izatea. «Oso gogorra izan zen. Espedientea ireki zieten erdiek ezin izan zioten zigorrari aurre egin». Nafarroan, espedientea irekitakoen artean burges aurrerakoi eta abertzale gutxi zeuden; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, asko ziren, eta, horrenbestez, askoz ere ondasun gehiago bahitu zituzten. Eusko Jaurlaritzako sailburuei eta kideei zigor handiak ezarri zizkieten, «helburu propagandistikoak zirela eta». Haatik, ezarritako isunak hain izan ziren handiak, ezen Gipuzkoan soilik «Madrilen baino diru gehiago» bildu baitzuten frankistek.
Galtzaileak eta irabazleak
1945ean amaitu zen legea, baina espediente batzuk 1960ko hamarkadara arte iraun zuten —Manuel Irujori 200.000 pezeta bahitu zizkioten 1966ra arte, adibidez—-.
Horrek guztiak ondorio ekonomiko lazgarriak utzi zituen euskal gizartean. Laianaren arabera, hogei urte pasatu behar izan ziren 1936ko soldata maila berreskuratzeko. Pobretze orokor horrek, baina, izan zuen irabazlerik ere: soldatek behera egin zuten, eta enpresen irabaziek, aldiz, gora.
Estatu frankistak Pirinioetako defentsa gotorlekuak eta azpiegiturak eraikitzeko esklaboak erabili zituen, eta enpresa batzuk egoera profitatu zuten. Felix Huarteren kasua da aipagarrienetako bat Euskal Herrian. Haren eraikuntza enpresa arduratu zen Erorien Harana eraikitzeaz. Neguriko izen-abizen handiek hasieratik babestu zuten diktadura, eta haren egitura instituzionaletan parte hartu zuten. Haren armada ekonomikoaren izan ziren guztiak.